AEBetako hainbat estatuk ikur konfederatuak kentzeari ekin diote

Ikur konfederatuak kentzea «ergelkeria» dela adierazi du Donald Trumpek. Presidenteak Steve Bannon bere laguntzaile eskuin muturrekoa kargugabetu du, Charlottesvilleko liskarren ondoren

Hainbat manifestari Trumpen kargugabetzea eskatzen, atzo, Sherman Oaksen, Kalifornian. MIKE NELSON / EFE.
2017ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Maryland da ikur konfederatuak kentzeko erabakia hartu duen azken estatua. Roger B. Taney (1777-1864) Auzitegi Goreneko epaile izan zenaren estatua kendu zuten Annapolis hiriburuko Kapitolioaren lorategitik, atzo goizaldean. Alabaina, Annapolis ez da ikurrak kentzen hasi den hiri bakarra. Maryland estatuko Baltimore hirian lau monumentu kendu zituzten, ezkutuan, asteazken goizaldean, eta, bi egun lehenago, hainbat manifestarik estatua bat bota zuten Durhamen (Ipar Karolina). Hainbat estatutan hartu dute hirietatik ikur konfederatuak eta arrazistak kentzeko erabakia.

Joan den asteburuan Charlottesville (Virginia, AEB) hirian supremazista zuriek egindako indar agerraldiak eta Heather Heyersen hilketak -20 urteko arrazista batek autoarekin harrapatu zuen, arrazisten aurkako manifestazioan zegoela- arrazakeriaren kontrako erantzun ofiziala ekarri du. Izan ere, Charlottesvileko arrazisten manifestaldiaren arrazoia Robert E. Lee (1807-1870) jeneral konfederatuaren estatua kentzea galaraztea zen. Lee Amerikako Estatu Batuetako gerra zibila (1861-1865) galdu zuen bando konfederatuaren ikur garrantzitsuenetako bat da. Oraindik, 700 ikur konfederatu baino gehiago daude AEBetako 31 estatutan. The New York Times egunkariak egin duen zerrenda baten arabera, 30 bat hirik dute ikurrak kentzeko asmoa. Donald Trump AEBetako presidenteak, ohikoa duen estilo zuzenean, ikurrak kentzeari «ergelkeria» deritzo bere Twitterreko kontuan. Trumpen adierazpenen harira, Alderdi Demokratako kongresista talde batek zentsura neurri bat adosteko proposamena egin du Kongresuan, presidentearen hitzak kondenatzeko. Lortuz gero, pauso itzela izango litzateke AEBetan.

Azkenengo gertakariek hautsak harrotu dituzte Trumpen gobernuan, eta horren adierazgarri da presidenteak Steve Bannon bere laguntzaile eskuin muturrekoa kargutik kendu izana. Baina gehiago harrotu dituzte hautsak Trumpen esanek, gertakariek baino, batez ere Alderdi Errepublikanoaren baitan. Erasoa gertatu zenean arrazistak «higuingarriak» direla adierazi zuen, baina, hurrengo egunean, bi aldeei bota zien errua, arrazistak eta kontra egin zietenak maila berean jarriz. Ikurrak kentzearen harira ere mintzatu da presidentea sare sozialetan. «Tristea» iruditzen zaio ikurrak kentzea, eta buruzagi konfederatuen eta AEBak fundatu zituzten George Washingtonen eta Thomas Jeffersonen arteko konparazio bat egin du. Azkenik, arrazoi estetikoak eman ditu ikurrak mantentzearen alde: «Gainera, faltan botako ditugugure hiri, herri eta parkeak edertasunez janzten dituzten ikur eta estatua horiek».

Zeresan handia eman dute larunbatetik egin dituen adierazpenek, batez ere buruzagi konfederatuak Washington eta Jeffersonekin konparatzeagatik, eta askok arrazistekin lerratzea leporatu diote. Bere alderdian ere, gero eta senatari gehiago dira presidentea kritikatzen dutenak. Bob Corker Tennesseeko senataria errepublikanoak presidentearen «lidergo falta» nabarmendu du, eta gaineratu du Trumpek ez badu «buruzagitza etikoa» duela frogatzen herrialdea «arrisku handian» egongo dela. Tim Scott Hego Karolinako senataria, Trumpen aliatu izandakoa eta Senatuko ordezkari beltz bakarra ere agertu da presidentearen aurka, eta esan du Trumpen esanek «administrazio honen autoritate morala zalantzan jartzen» dutela.

Bestalde, milaka herritar dira presidentearen kargugabetzea eskatzen dutenak. Atzo, protesta egin zuten Durhamen bi aldeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.