Europa sendoago baten alde

Junckerrek adierazi du Erresuma Batua «damutu» egingo dela 'brexit'-az. Europako Batasunak presidente bakarra eta Ekonomia ministroa izatea proposatu du, «eraginkortasunaren alde»

Jean Claude Juncker, Europako Parlamentuan hitzaldia ematen, atzo. MATHIEU CUGNOT / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko irailaren 14a
00:00
Entzun
«Brexit-a ez da Europaren etorkizuna. Ez da guztiaren amaiera». Hala adierazi du Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak. Brexit-aren ondorengo EB Europako Batasunean jarri du begia, batasunaren egoerari buruzko eztabaidan, Europako Parlamentuan: «Batasun indartsuago eta trinkoago bat eraikitzeko aukera da».

Europako Batasunak brexit-a deitoratuko duela uste du Junckerrek, baina Erresuma Batua ere laster damutuko dela. Erresuma Batuak 2019ko martxoaren 29an utziko du ofizialki batasuna. Europako Batzordeko presidentearen nahia hurrengo egunean ezohiko batzar batera deitzea da, Errumanian, estatu hark izango baitu Europako Batasuneko Kontseiluko presidentetza. «Batasun trinkoago baterako erabakiak hartuko dira han», adierazi du.

Bi hilabete geroago egingo dira Europako Parlamenturako hauteskundeak, eta Europako Batzordean beldur dira brexit-ak izan dezakeen eraginaz. Batez ere, alderdi euroeszeptikoek hauteskunde horietan atera dezaketen etekinarekin.

«Abiadura bakarreko» Europaren alde egiteko, hainbat proposamen azaldu ditu Junckerrek. Horien artean, euroa eta Schengengo Ituna EBko estatu guztietara iristea. «Bigarren mailako estaturik» ez duen eredu bakarra defendatu du. Schengengo Itunaari dagokionez, Bulgaria, Errumania eta Kroazia —prest dagoenean— sartzeko eskatu du. Akordio horrek estatu kideen arteko mugak «berehala» zeharkatzeko aukera ematen die horien biztanleei. Besteak beste, Erresuma Batua izan da estatu berriak akordioan sartzea galarazi duena.

Bestalde, eurogunean sartu nahi duten estatu guztiei laguntzeko tresna berri bat martxan jartzearen alde egin du. Junckerren ustez, batasunaren helburu behar du «banku batasunera» ahal den estatu gehienak barneratzea. Erabaki horiek etorkizunean Erresuma Batukoa bezalako kasuak saihesteko asmoz hartu nahi ditu; batez ere, ekialdeko estatuen artean.

Kargu berriak Europan

Trinkotasunaren bila, Europako Batasuneko goi karguetan aldaketak planteatu ditu Junckerrek. Garrantzitsuenetako bat Europako Batzordeko presidentearen eta Europar Kontseilukoarenaren—egun Donald Tusken esku— karguak batzea da, «eraginkortasunaren mesedetan». «Presidente bakarra izateak hobeki islatuko luke batasunaren benetako izaera».

Europako Ogasun eta Ekonomia ministro baten beharra ere adierazi du: «Egiturazko erreforma baikorrak aurkez ditzakeen ministro europar bat». Egungo Ekonomia eta Ogasun komisarioa bihurtuko litzateke ministro. Junckerren esanetan, haren esku geratuko lirateke Europako Batzordearen presidenteordetza eta eurotaldearen presidentetza ere. Horrela, «sendoago»erantzungo luke Europako Batasunak etorkizuneko krisi egoera bati.

2019ko Europako hauteskundeei begira ere aldaketak proposatu ditu, egun duten garrantzia kontuan izanik: «Egun, estatuetako hauteskunde kanpainen batura izatera murriztu da». Nahiz eta aurkeztuko ez den, Juncker estatuez gaindiko hauteskunde zerrendak osatzearen alde agertu da, «hauteskundeak europarrago eta demokratikoago egiteko».

Mugetatik kanpo

Europako Batasunaren mugetatik kanpo gertatzen denaz ere aritu da. Junckerrek adierazi du Europak «gerrengatik ihes egin dutenek joan dezaketen lekua» izan behar duela. Halere, Europako Batzordeko presidenteak ez du estatuek jarraitu beharreko planteamendu zehatzik aurkeztu parlamentuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.