'Brexit'-aren ondorenerako bi urteko trantsizio epea proposatu du Mayk

Erresuma Batuko lehen ministroarentzat, Bruselaren eskakizun ekonomikoak «gehiegizkoak» dira. Esan du «akordiorik eza akordio txar bat baino hobea» dela, eta «sormenez» jokatzeko eskatu du

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo Florentzian eman zuen hitzaldian. M. DEGL'INNOCENTI / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Brexit-ari buruzko hiru bilera sorta eduki dituzte, jada, Erresuma Batuak eta EB Europako Batasunak azken hiru hilabeteotan—hil bukaeran laugarrena—, baina negoziazioek blokeatuta jarraitzen dute. Horregatik, «sormenez» jokatzea eskatu die Theresa Mayk bi aldeei. Erresuma Batuko lehen ministroak hitzaldia eman zuen Florentzian (Italia) atzo, baina, balizko akordioak lortzeko urtebete falta denean, ez zuen egoera desblokeatzeko konponbiderik eman. Beste noizbait Londrestik egin bezala, proposatu zuen 2019ko martxoaren 29an EBtik atera ondoren bi urteko «doitze denbora bat», trantsizio epe bat, abiatzea. Hainbatetan errepikatuzuen «leuna eta ordenatua» behar duela izan. «Onuragarria izango da bai enpresentzat, bai jendearentzat».

Aurrera begira jarri aurretik, baina, dibortzioa zehaztu nahi du Bruselak; hori errepikatu izan dio Londresi azken hilabeteotan, eta hausturak dakarren faktura ekonomikoaren zenbatekoa argitzea du lehentasun. Michel Barnier EBko negoziatzaileburuak ez du oraindik daturik eman, baina, Europako Batzordearen zenbait dokumenturen arabera, 100.000 milioi euro ingurukoa izan daiteke. Mayk ere ez zuen zenbakirik plazaratu —atzo goizean espekulatu zen Londres 23.000 milioi euro bere gain hartzeko prest zegoela—, baina nabarmendu zuen Bruselaren eskakizun ekonomikoak «gehiegizkoak» direla. Hortaz, beste inoiz adierazitakoa adierazi zuen Mayk, berriro: «Akordiorik eza akordio txar bat baino hobea da».

Dena den, tonu bateratzailea erabili zuen Florentzian —Downing Streeteko iturrien arabera, hiriaren garrantzi «historikoarengatik eta komertzialarengatik» aukeratu zuten diskurtsorako—, bi aldeen arteko harremanak «adiskidetasunean eta lankidetzan» oinarritzea helburu duenez. EBko kideak lasaitu nahi izan zituen, gainera. «Gure alde egiteko nahia dela eta, ez dut nahi gure bazkideek pentsa dezaten gehiago ordaindu beharko dutenik edo gutxiago jasoko dutenik».

Erresuma Batuak Bruselako aurrekontuari dagokiona ordaintzen jarraituko du 2020 arte. Eta duela astebete pasatxo EBtik ateratzeko legea onartu zuen egunean iragarri bezala, Mayk atzo berretsi zuen Bruselarekin lanean jarraitu nahi dutela defentsa eta atzerri politika arloetan.

Mamirik gabe

Adierazi zuen «kapitulu berri bati» ekingo diotela, «garai zirraragarriak» datozela, eta «aduana eta ekonomia batasuneko» kide izateari utziko dioten arren, Erresuma Batua izango dela EBren bazkide zein lagun «onena». Mami gutxi eduki zuten Mayren hitzek: «Europako instituzioak utzi nahi ditugu; ez Europa».

Ia ez zion heldu, ordea, pertsonen zirkulazioaren gaiari; edo, diskurtso osoan gertatu bezala, aurrez esandakoak errepikatu zituen: «Erresuma Batuan bizi diren atzerritarrek orain arteko baldintza berak edukiko dituzte». Hori bai, kontrola «handiagoa» izango da.

Alderdi Kontserbadorearen barruan zein jarrera hartu adostu ez duten arren, Mayk espero du Bruselak lekukoa hartzea. Barnierrek erantzun zion bat egiten duela «helburu eraikitzaileekin», baina nabarmendu zuen, berriro, ez dutela etorkizunaz hitz egingo irteeraz «nahikoa aurrerapauso» eman arte. Alderdi Laboristako Jeremy Corbynen iritziz, «EBrekin dituzten elkarrizketen emaitza baino gehiago», tory-en «barne negoziazioen ondorioa» izan zen atzoko diskurtsoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.