Katalunia

Boya: «Besteen deklarazioek nirearen antzekoak izan beharko lukete»

Auzitegi Goreneko epaileak ez du hartu Mireia Boya CUPeko diputatu ohiaren kontrako neurririk. Independentzia deklarazioa ez zela sinbolikoa izan adierazi du, eta «epaiketa politikoa» salatu

Igor Susaeta.
2018ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Mireia Boya 2016tik 2017ra Kataluniako Legebiltzarreko CUPeko diputatua izan zenak esana zeukan bere ideiak defendatuko zituela, aurpegia emango zuela, eta hala egin zuen, atzo, Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epailearen aurrean deklaratu zuenean. Kataluniako prozesu subiranistaren harira fiskaltzak matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra egozten zizkiolako mintzatu behar izan zuen magistratuaren aurrean, eta hari adierazi zion joan den urriaren 27an parlamentuak onartutako independentzia aldarrikapena ez zela sinbolikoa izan, eta «eraginkortasun erreala» zuela helburu. Ordubete pasa iraun zuen deklarazioak, eta ez fiskaltzak eta ez epaileak ez zuten haren kontrako neurririk eskatu.

Behin deklarazioa amaituta, hedabideen aurrean hitz egin zuen Boyak, eta Espainiako Estatuak prozesu subiranistaren aurka hasitako «epaiketa politikoa» salatu zuen. Iruditzen zaio, beraz, «herritarren agindua» obeditzea eta aurrera egiten ahalegintzea dagokiela Kataluniako politikari subiranistei.

Llarenak abenduan erabaki zuen prozesua zabaltzea, eta ustez independentziarako bide orria ezarri zuten batzordeko kideak ikertzeko agindu zuen. Horren ondorioz deklaratu behar izan du Boyak, independentziarako batzorde estrategikoan parte hartu zuela leporatuta. Eta horregatik deklaratu beharko dute, datorren astean, Marta Pascal PDeCATeko koordinatzaileak, Artur Mas PDeCATeko presidente ohiak, Neus Lloveras AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteko presidente zenak, Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak eta Anna Gabriel CUPeko parlamentari ohiak. Horiei guztiei iradokizun bat egin zien Boyak, atzo: «Hurrengoen deklarazioek nirearen antzekoak izan beharko lukete».

Izan ere, hitzez ez esan arren, Boyak gogoan izan zuen prozesu horren harira kartzelatuta daudenek edo kautela neurriekin aske daudenek epailearen aurrean deklaratu izan dutela independentzia deklarazioak balio sinbolikoa izan zuela, 155. artikuluaren ezarpena ametitzen dutela, eta, besteak beste, aldebakarreko bidea baztertzen dutela. Hala bideratu izan dute haien defentsarako estrategia. «Kartzela ekiditeko ahaleginean, ez du ezertarako balio ideologia ukatzeak», nabarmendu zuen, atzo, Boyak. Dena den, Espainiako Estatuak kartzelan «bahituta» dauzkan pertsonez oroitu zen.

Boyari atzo ez zioten eskatu Espainiako Konstituzioari men egiteko —esana zeukan ez ziola men egingo— edo, esaterako, 155.a ametitzeko. Llarenaren eta Carlos Lopez bere abokatuaren galderei erantzun zien, baina ez, ordea, fiskaltzak eta Vox herri akusazio gisa aurkeztu den eskuin muturreko alderdikoek egindakoei. Bide baketsuak defendatu zituen Boyak, eta azpimarratu zuen jokatzeko modu horri eutsi behar zaiola. «Leporatzen dizkiguten eta erbesteratzea eta espetxealdia eragiten ari diren delituak desmuntatzen ditu modu horrek».

Deklaratu eta gero atera zenean, CUPeko, ERCko, PDeCATeko eta JxC Junts Per Catalunyako hainbat ordezkari zain zituen babesa adierazteko. Bide batez, CUPeko Boyak eta Gabrielek eskatu diote Llarenari deklaratzera deitu dezala David Elvira Kataluniako Osasun Zerbitzuko burua, urriaren 1eko erreferendumean Espainiako Poliziaren indarkeriak eragindako zaurituen kopurua berrets dezan. Eskaera horrek helburu du Diego Perez de los Cobos egun hartan polizia operazioa koordinatu zuenak emandako datuak gezurtatzea.

Junquerasen babes eskaera

Oriol Junquerasek babesa eskatu dio Konstituzionalari. Haren oinarrizko eskubideak urratzen dituela arrazoituta, galdegin dio Gorenaren autoak baliogabetu ditzala. Kataluniako presidenteordea zena behin-behineko espetxealdian dago joan den azaroaren 2tik. Helegitean eskatutakoari muzin egiten badio Konstituzionalak, Giza Eskubideen Europako Auzitegira, Estrasburgora, joko du Junquerasek.

Bestalde, eta Sergi Sabria ERCko bozeramaileak esandakoa ukatuz, Josep Costa (JxC) Kataluniako Parlamentuko Mahaiko presidenteordeak jakinarazi zuen, atzo, Roger Torrent (ERC) parlamentuko presidenteak ez ziola abisatu inbestiduraren auzia Estrasburgora eraman nahi zuenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.