CAFek mozkinak handitu ditu sei urteren ondoren, 43 milioiko irabaziari esker

Ia 1.500 milioi euroren salmentak egin ditu, gehien-gehienak mundu zabalean, eta eskaera zorroak beteta jarraitzen du 6.265 milioirekin

Arantxa Tapia eta Andres Arizkorreta, aurten egindako agerraldi batean. GORKA RUBIO / ARP.
xabier martin
2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Sei urteren ondoren, hazkundearen bidera itzuli da CAF. 2012az geroztik Beasaingo konpainiaren mozkinek izan duten gainbehera eten dute 2017ko emaitzek: aurreko urtean baino %14 gehiago irabazi du trengileak, 43 milioi euro guztira. 2011ra arte joan behar da antzeko hazkundea aurkitzeko. Orduan, 146 milioi euroko irabazia lortu zuen %13ko igoerari esker. Ondoren, mozkinen gainbehera iritsi zen, emaitzak beti beltzez marraztu diren arren: 129 milioi euro 2012an, 91 milioi 2013an, 80 milioi euro 2014an, 42 milioi 2015ean, eta berriro %13 jaitsi ondoren, 37 besterik ez 2016an.

Urte askoan mundu zabalean lortutako kontratuei esker gizendu den eskaera zorroak emaitza garbiak izan ditu azkenean, beraz. Baina duela zazpi urte 103 milioi euro gehiago irabazi zituen Gipuzkoako industria enpresa handienak, eta, hala ere, albiste onak baino hobeak dira harentzat 2017ak utzitako kopuruak: 1.477 milioi euroren salmentak egin ditu, %12 gehiago, eta eskaera zorro ikusgarriari eusten dio (6.265 milioi euro, %1 gehiago); urte batzuetan errentagarritasunaren aldagaia nola aldatu den garbi islatzen du, ordea, salmentak eta mozkinen arteko ratioak. Hala ere, Andres Arizkorretak ezarritako errentagarritasuna handitzeko helburua bete da 2017an, %10,3tik %12,2ra egin baitu salto EBITDAn. Bi digituko hazkundeak segituko duela ere aurreikusi du enpresak eta, beraz, 2018. urteak 50 milioi euro inguruko irabazia utz dezakeela aurrera daiteke.

Bestalde, esplotazio emaitzak islatzen dituen hainbat aldagairen artean, azpimarratu daiteke garbi uzten duena konpainiaren nazioartekotze maila handia. Salmenten %87 Espainiako Estatutik kanpo egin ditu. 2017. urtea 100 milioi euroko kontratu batekin itxi zuen CAFek, izan ere, Maurizio irla hamazortzi tranbiaz hornitzeko, eta beste batekin abiatu du 2018.ena: Budapestentzat 26 tranbia egingo ditu 55 milioi euroren truke. Salmenten %23 Erresuma Batuan egin ditu CAFek, %19 Mexikon, %9 Brasilen, %6 Herbehereetan, eta %13 Euskal Herrian eta Espainian. Beste %30 nazioarteko herrialde askotako kontratuek ordezkatzen dute.

Bada CAFen emaitzek islatzen duten aldagai negatibo bat: kontratazioek behera egin dute, eta eskaera poltsari eusteko arazo bat izan daiteke hori, 2017an egondako jaitsiera nabarmena izan baita, -%43koa hain zuzen. 2016an 2.677 milioiren kontratuak lortu zituen, eta 2017an, 1.514koak. Jaitsiera, hala ere, aurreko urteetako kaptazio erraldoiek azaltzen dute hein batean.

Gestamp eta Vidrala

Beste hiru euskal enpresa handiren emaitzak jakinarazi zituzten atzo. AbadiƱoko Gestamp taldeak 240 milioi euro irabazi zituen iaz, %8,3 gehiago. Autogintzako osagaien multinazionalak 8.200 milioiren salmentak egin zituen. Sektoreko Bizkaiko beste erraldoiak, CIE Automotivek, 215 milioi euro irabazi ditu, 2016an baino %27 gehiago. Eta Laudioko Vidralak ere mozkin handiak lortu ditu, eta hazkunde ikusgarri batekin, gainera. %31ko igoera lortuta, 89 milioi euroko irabazi garbia izan du 2017an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.