Erresuma Batuarekin akordio sektorialik ez dute nahi europarlamentariek

'Brexit'-a negoziatzeko gidalerroak onartu ditu Europako Parlamentuak; EB eta Erresuma Batuko biztanleen «eskubide berdintasuna» eskatu du

Europarlamentariak, brexit-a negoziatzeko gidalerroak bozkatzen. PATRICK SEEGER / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Erresuma Batuak eta Europako Batasunak brexit-aren ostean mantendu beharreko harremanen gidalerroak biltzen dituen ebazpena onartu zuen atzo Europako Parlamentuak. Hala, bi blokeen arteko lankidetza akordioa ontzat eman du parlamentuak, baina ez du batasuneko merkatu bakarraren izaera «bermatuko ez duen» akordio sektorialik onetsi. Akordio horiek baimentzea EBko legedian «sartu-irtenak egitea ahalbidetzea» litzatekeela azaldu dute europarlamentariek. Bide horretan, EBren erabakien independentzia eta haren ordenamendu juridikoa babesteko beharra azpimarratu dute.

Europako Parlamentuaren brexit-erako koordinatzaile Guy Verhofstadsten taldeak proposatu ditu gidalerroak; 544 aldeko boto, aurkako 110 eta 51 abstentzio jaso ditu proposamenak. Behin betiko akordioaren kasuan ez bezala, parlamentuko atzoko bozketa ez da loteslea Europako Batasunarentzat.

Ebazpenaren arabera, arau komunen bidez funtzionatzen duen «ekosistema» da Europako Batasuna. Hargatik, europarlamentariek azaldu dute batasunetik kanpora dauden herrialdeek ezin dutela izan «kide diren estatuen adinako eskubiderik eta onurarik merkatuan, nahiz eta beren legedia antzekoa izan». Merkatuaren izaeraz gain, aduanen batasuna eta kapitalen, pertsonen, ondasunen eta zerbitzuen zirkulazio askea bermatzea kokatu ditu ebazpenak brexit-aren osteko lankidetza akordioaren oinarri gisa.

Horrez gain, eremu batean edo bestean bizi diren EBko eta Erresuma Batuko biztanleen «eskubide berdintasuna» bermatzeko akordio bat ere galdegin du testuak. Halaber, Irlandarako batzordeak proposatutako irtenbidearen alde agertu dira europarlamentariak; proposamen horrek Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren arteko «muga gogortzea» eragozteko neurriak biltzen ditu. Bide horretan, europarlamentariek Londresko gobernuari eskatu diote Irlandako herritarren eskubideak bermatu ditzala, «Ostiral Santuko akordioek jasotzen duten moduan».

Atzo onartutako ebazpenarekin, Europako Parlamentuak oniritzia eman die brexit-a negoziatzeko gidalerroei. Martxoaren 22an eta 23an Bruselan egingo duten bilkuraren aurrekaria da. Egun horietan bilduko dira Europako Batasuneko estatuetako agintari gorenak; bilkura horretan Europar Kontseiluak negoziaziorako proposatutako gidalerroak onartzea espero da.

Administrazio arteko talka

Erresuma Batuko Gobernuak lege proposamen bat aurkeztudie Galesko eta Eskoziako parlamentuei, brexit-aren ostean EBko legedi komuna txertatzeko. Talka sortu du proposamenak; Eskoziako eta Galesko parlamentuek osotasunean jaso nahi dituzte itzuliko zaizkien 111 eskumenak, baina Erresuma Batuko Gobernuak bere egin nahi ditu haietako 24. Nekazaritzari, arrantzari, ingurumenari, elikagaien politikari eta kontratazio publikoari dagozkie eskumen horiek; lurralde osorako balioko duen legedi bakarra egitea da gobernuaren asmoa. Eskoziako eta Galesko parlamentuak dagoeneko hasi dira bueltatuko zaizkien eskumenen legedia prestatzen, baina ez dute Erresuma Batuko legedi orokorra oztopatzeko eskumenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.