Katalunia

Jordi Sanchezek uko egin ondoren, Jordi Turull izango da presidentegaia

ANCko presidente zenak Gorenean esan du prest dagoela jardun politikoa uzteko. JxCk eta ERCk datorren astean egin nahi dute inbestidura saioa. CUPek bozketan abstenitzeko asmoa berretsi du

Jordi Turull (JxC), ezker-eskuin Josep Rull (JxC) eta Carme Forcadell (ERC) dituela, joan den hilaren 11n. QUIQUE GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamentuko diputatu aktari eta, beraz, Generalitateko presidentegai izateari uko egiteko prest dago Jordi Sanchez JxC Junts Per Catalunyako bigarrena, kartzelan dagoena. Iturri judizialak aipatuz zenbait komunikabidek argitaratutakoaren arabera, Sanchezen defentsak horixe adierazi zion Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileari, atzo, Madrilen, ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidente ohiaren behin-behineko kartzelatzearen kontra jarritako apelazio helegitea aztertzeko bistan. Auzitegitik atera zirenean, abokatuek ez zuten ez baieztatu eta ez gezurtatu filtratutakoa, baina, Eduard Pujol JxCren bozeramaileak jakinarazi zuenez, Sanchez jardun politikoa uztekotan dago. «Presio judizialak bultzatu du horretara».

Horren guztiaren ondorioz, Sanchezek uko egingo dio Kataluniako Generalitateko presidentegai izateari, eta Jordi Turull aurreko gobernuko Presidentetza kontseilaria (JxC) izango da JxC eta ERC Kataluniako bi indar subiranista nagusiek presidentetzarako proposatutako hautagaia. Oraindik ez dute ofizialki adierazi, baina, bi indarretako kideek filtratu dutenez, haien asmoa da inbestidura saioa datorren astean egitea. Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea agerraldi instituzionala egitekoa da gaur, 12:00etan.

Llarena epaileak ez du oraindik erabakirik hartu Sanchezek jarritako helegiteari buruz, baina fiskaltzak eskatu du espetxean eduki dezala —han dago joan den urriaren 16tik—, argudiatuz aske utziz gero arriskua dagoela berriz egin dezan Kataluniako prozesu subiranistaren harira leporatzen dioten delitua, matxinada. Ezustekorik gertatu ezean, beraz, Soto del Realeko espetxean segituko du Sanchezek.

Madrilek aspaldi jarri zuen martxan prozesu subiranistaren kontrako makineria judiziala, eta JxCk eta ERCk bazekiten Sanchez inbestitzen ahaleginduta ia ezinezkoa izango zela gobernua osatzea, parlamentuaren egitekoa desblokeatzea eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua gainetik kentzea. Baina hautagaien eskubide politikoen urraketa Giza Eskubideen Europako Auzitegian salatzeko intentzioarekin, iruditzen zitzaien beharrezkoa zela agerian uztea Puigdemonten eta Sanchezen hautagaitzei Espainiako Estatuak jarritako beto judizialak.

Sanchez ez bezala, ordea, Turull bada, ERCk eskatu bezala, presidentegai «eraginkor bat». Matxinada leporatuta, hilabete igaro zuen behin-behineko espetxealdian, baina joan den abenduaren 4an aske utzi zuen Llarenak, 100.000 euroko bermea ordaindu eta gero. Espainiako Gobernuak JxCri eta ERCri eskatzen diena da, ordea, kausa judizialetatik libre dagoen hautagai bat. Eta hori ez da Turullen kasua. Prozesu subiranistaren harira egingo den epaiketaren ondoren —litekeena da urtearen bukaeran izatea— inhabilitatua izan daiteke, eta orduan ezingo luke kargu politikorik bete.

Baina Turull inbestitzeko orduan, aritmetika ez dute lagun izango bi indar subiranista nagusiek. CUPek abstenitzeko asmoz jarraitzen du, eta, antikapitalisten lau botoen faltan, Turullek ezingo luke presidente izendatua izan ez lehen bozketan, ezta bigarrenean ere, gehiengo sinplearekin nahikoa den arren. Carles Riera CUPeko diputatuak atzo nabarmendu zuen arazoa ez dela hautagaia, baizik eta «gobernu errepublikano bat edo autonomiko bat» osatzea. Beren lau botoak emateko, Katalunian errepublika ezartzeko bide orria zehaztea eskatzen diete antikapitalistek JxCri eta ERCri. Duela bi aste, gobernu planaren zirriborroa helarazi zieten bi indar subiranista nagusiek antikapitalistei, baina ez zituen gogobete. Iruditzen zaie gabeziak dituela bai prozesu konstituziogileari dagokionez, bai errepublika zehazterakoan, baita politika sozialei dagokienez ere. Halere, ERCk esan izan du akordioa jada itxita dagoela, ez dutela aldatuko, eta PDeCATek «eskuzabaltasuna eta erantzukizuna» eskatu izan dizkio CUPi. Rierarentzat, dena dela, «desobedientzia»onartu behar da «sozialki eta ekonomikoki» errepublika gauzatu ahal izateko.

CUPen botorik gabe ere izendatu dezakete Turull presidente. Horretarako, halere, beren diputatu aktei uko egin beharko liekete Carles Puigdemont (JxC) eta Toni Comin (ERC) parlamentari erbesteratuek. Hala gertatuko balitz, 66 boto batuko lituzkete bigarren bozketan —aurrenekoan 68 behar dira gehiengo osoa lortzeko—; alderdi unionistetako 65 diputatuen ezezkoak baino bat gehiago, alegia. Abagune hori kontuan hartuta ere, parlamentari erbesteratuek adierazi izan dute ez dutela uko egiteko intentziorik.

Fiskaltzak, Forn askatzeko

Joaquim Forn Kataluniako Gobernuko Barne kontseilari ohiaren apelazio helegitea ere aztertu zuen atzo Llarenak, eta Goreneko fiskaltza ez zegoen hura aske uzteko prest, baina Julian Sanchez Melgar Espainiako fiskal nagusiak eskatu du aske utz dezatela, 100.000 euroko bermea jarrita. «Arrazoi humanitarioak» argudiatu ditu fiskaltzak. Izan ere, Forni «tuberkulina» atzeman diote proba batean. Fornek, gainera, diputatu aktari uko egin zion urtarrilaren 23an.

Bestalde, Auzitegi Konstituzionalak baztertu egin du legegintzaldia «desblokeatzeko» PSCk jarritako babes helegitea. Kataluniako sozialistek nahi zuten auzitegiak kautelazko neurriak hartzea eta presidente baten inbestidurak huts egin ondoren bozetara berriz deitu arteko bi hilabeteko epea martxan jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.