Iranen inbertitu nahi duten enpresa europarrak babestu nahi ditu Bruselak

Multinazionalen ihesa eragozterik izango ez duelakoan, AEBetan interesa ez duten enpresa txikiagoei begira jarri da Europako Batzordea
Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea, osteguneko goi bileran.
Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea, osteguneko goi bileran. DIMITAR DILKOFF / EFE

Iker Aranburu -

2018ko maiatzak 19
Europako Batasuna saiatu egingo da Iranekin negozioak dituzten bere enpresak babesten. AEBetatik ezarri ahal dizkieten zigorrak blokeatzeko araudi bat berreskuratuko du, eta baimena emango die estatukideei olioaren truke ordainketak egiteko Irango banku zentralari. Oso litekeena da bi neurri horiek eragin mugatua izatea, pentsatzekoa baita Europako multinazional gehienek hobetsiko dutela AEBekin negozioak egiten jarraitzea Iranekin tratu arriskutsuagoetan sartzea baino.

Total petrolio konpainia frantziarrak dagoeneko iragarri du South Pars hobi erraldoia (Iran) ustiatzeko kontratuari muzin egingo diola. Iranek AEBekin, EBrekin, Txinarekin eta Errusiarekin arma nuklearrak ez garatzeko sinatutako akordioaz geroztik Mendebaldeko konpainia batek egindako inbertsiorik sinbolikoena zen Totalena.

«Iranek bere konpromisoak betetzen dituen bitartean, EBk akordioari eutsiko dio, noski, bera izan baitzen arkitektoa […] AEBetako isunek izango dute eragina. Hortaz, batzordearen eta EBren betebeharra da ahal duguna egitea europarren negozioak babesteko, bereziki enpresa txikiena eta ertainena». Hitz horiekin defendatu du Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak AEBen balizko isunei erantzun nahi izatea.

AEBen zigorrak blokeatzeko prozedura 1996. urtean onartu zuen, Kuba, Iran eta Libiarekin negozioak egiten jarraitu nahi zuten konpainiak babesteko. Haren bidez, Europako konpainiei bermatu nahi diete legezko babesa izango dutela AEBen zigor eskariei ez erantzuteko. Orduko hartan isun batzuk ezarri ahal izan zituen Washingtonek, baina batez ere AEBetako filial europarrek pagatu zituzten.

Txiki eta ertainei begira

Beste neurri esanguratsua —Irango banku zentralari zuzenean pagatzea— petrolioa eta gasa ustiatzen duten konpainiei begirakoa da. Batez ere AEBetan negoziorik ez duten edo apenas duten konpainia txikientzat eta ertainentzat izan daiteke interesga- rria. Totalen moduan, beste multinazional guztiek ere interes handiak dituzte AEBetan, eta nekez hartuko dute arriskurik, isun ekonomikoak ez ezik, auzibide juridikoak ere jasan ditzaketelako Iranekin hartu-emanetan ibiltzeagatik.

Ikusita konpainia handiekin ezer gutxi egiterik duela, Europako Batzordeak enpresa txiki eta ertainei begirako beste neurri bat indarrean jarri nahi du: dolarrak erabiltzeagatik zigor ez ditzaten, Europako Inbertsio Bankuak mailegu lerroak irekiko dizkie beren inbertsioak finantzatzeko; eurotan, noski.

Brusela ez da ausartu Donald Trumpen erronkari neurri gogorrekin erantzutera, hala nola Europako konpainiek jaso zitzaketen zigorrei AEBeko konpainiei jarritako zigorrekin erantzutera.

Bruselaren eginahalak antzuak izan daitezkeen ustea nahiko zabalduta dago, ordea. «Zoritxarrez, Europako konpainia askok [Irandik] alde egingo duten beldur gara. Gobernuen ekinaldia ona da, baina uste dugu ez dela nahikoa izango konpainiek Iranen dituzten negozioei eusteko», esan zuen atzo Mathieu Etourneauk, Teheranen Negozioak Egiteko Frantziako Zentroko arduradunak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna