Frogatutzat jo dute Valentziako PPren legez kanpoko finantzaketa

Epaileen esanetan, alderdia ilegalki finantzatu zen 2007ko eta 2008ko hauteskundeetan. Lau urteko espetxe zigorra ezarri diote Costari
Ricardo Costa, ezkerrean, Auzitegi Nazionalera sartzen, otsailean.
Ricardo Costa, ezkerrean, Auzitegi Nazionalera sartzen, otsailean. LUCA PIERGIOVANNI / EFE

Iosu Alberdi -

2018ko ekainak 12
PPk beste kolpe bat jaso du auzitegietan, berriz ere Gurtel auziaren barruan. Oraingoan, Espainiako Auzitegi Nazionalak auzi horren Valentziako adarraren ebazpena eman du, eta frogatutzat jo du alderdia «ilegalki» finantzatu zela 2007ko udal eta erkidegoko hauteskundeetan eta 2008ko Espainiako hauteskunde orokorretan. Hori dela eta, besteak beste, epaimahaiak lau urteko espetxe zigorra ezarri dio Ricardo Costa Valentziako PPko idazkari nagusi ohiari.

Gurtel sareko buru nagusiak ere kondenatu dituzte; ez, ordea, ustelkeriaren aurkako fiskaltzak eskatutako zigorretara. Francisco Correari eta Pablo Crespori bost urteko espetxe zigorra ezarri diete, eta Alvaro Perez El Bigotes-i sei urte eta bederatzi hilabetekoa. Epaileek aringarri gisa hartu dute delituen aitortza egitea.

Beste hainbat enpresari eta PPko kide ere zigortu dituzte; besteak beste, Repsol YPFko presidenteorde ohi Jose Ramon Blanco (hiru urte) eta Orange Market enpresako kudeatzaile Candido Rambla (bost urte).

Ebazpenaren arabera, Correak gidatutako ustelkeria sarea Orange Market enpresaren eskutik zabaldu zen Valentziako Erkidegoan. Sarearen helburua «alderdiak, Valentziako Erkidegoko administrazioak eta horren menpeko erakunde publikoek antolatutako ekitaldien esleipenetan posizio onuragarri bat izatea» zen.

Hauteskunde kanpainei dagokienez, ebazpenak ondorioztatu du PPk eta Orange Marketek 175.000 euroko lanak deklaratu zituztela, baina enpresak eginiko zerbitzuen zenbatekoa «askoz handiagoa» izan dela: 1,9 milioi eurokoa.

«Dopatuta»

Compromis alderdiaren ustez, ebazpenak agerian utzi du Valentziako Erkidegoko PPren legez kanpoko finantzaketa. Compromiseko bozeramaile Fran Ferriren esanetan, PP «dopatuta» aurkeztu zen hauteskunde haietara, eta beharrezkoa da instituzioetatik kanporatzea: «Badakigu [PPk] kaxara iristeko aukera duenean hartara eskua botatzen duela; euren onura propiorako, ez valentziarren hoberako».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna