Trukean, Schulz berriro

Sozialdemokrata hautatu dute Europako Parlamentuko buru, Alderdi Popularrarekin akordioa eginda.Bi urte eta erdirako hartu du kargua

Martin Schulz sozialdemokrata, atzo, Estrasburgon. PATRICK SEEGER / EFE.
enekoitz esnaola
2014ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Europako Alderdi Popularrak eta sozialdemokratek berriro egin dute Europako Legebiltzarreko presidente kargua txandakatzeko akordioa, eta, Estrasburgoko atzoko bozketaren arabera, Martin Schulz sozialdemokrata izango da legealdiko aurreneko zatian lehendakari. Bi urte eta erdi barru Alderdi Popularreko kide batek hartuko dio lekukoa.

Dena dela, akordioa zabalagoa da. Izan ere, Alderdi Popularrak, Schulz parlamentuko presidentetzan izatearen truke, sozialdemokratei eskatu zielako Europako Batzordeko presidentetzarako Jean-Claude Junckerren hautagaitza babesteko. Hala egin zuten joan den ostiralean, eta Juncker hilaren 16an izendatuko dute EBko buru. Ez da izango, baina, kontserbadore guztien gustuko izendapena, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, Junckerren hautaketari aipamena eginez, ostiralekoa «egun txarra» izan zela esan baitu. «Presidente berriarekin lan egingo dugu Europako Batzordea erreforma batzuekin aldatzeko», erantsi du Cameronek.

Europarako Liberal eta Demokraten Aliantzak (ALDE) ere Schulzen hautagaitzaren alde egin du, eta hark denera 409 boto jaso ditu, 723tik. Hiru indarren artean 479 diputatu lortu zituzten maiatzaren 25eko hauteskundeetatik: popularrek 221, sozialdemokratek 191, eta ALDEk 67.

Atzo beste hiru hautagai izan ziren presidente kargurako: Sajjad Karim ECR kontserbadore eta erreformisten taldekoa —101 boto jaso zituen atzoko bozketan—, Pablo Iglesias GUE-NGL ezkerrekoa —51 boto- eta Ulrike Lunacek Berdeak/ALEkoa —51 boto—.

Gazteen langabezia kezka

Aulkia ez du berria Schulzek (Alemania, 58 urte), 2012 hasieratik hura izan baita parlamentuko buru. Kasik hamar urte daramatza Europako ganberan. Langabezia du kezka, atzo zioenez.Europako Batasunean %10,5ekoa da langabezia — Schulz parlamentura iritsi zenean baino 2,5 puntu handiagoa—, eta, batik bat, gazteen artekoak kezkatzen du hura,%23,4koa baita. «Gazteen arteko langabezia dramatikoa da, etsipena sortzeko modukoa, eta demokrazia mehatxatzen ari da», esan zuen presidentetza lortu ondotik.

Diputatu euroeszeptikoen jarrera ere buruhauste izango du. Atzo 25 parlamentari legebiltzarreko mahaiari bizkarra emanda jarri ziren Europako ereserkiaren unean. Schulzek «giza duintasuna» aldarrikatu zuen ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.