Eskozia. I-18: Independentziari buruzko erreferenduma

Tony Blairren oinordekoak

Erreferendumerako kanpainan, independentziaren aurka lerratu da Eskoziako Alderdi Laborista, betidanik etsai izan dituen kontserbadoreekin batera. Londresen oposizioan egonik ere, Eskozian «Londresen ahotsa» ordezkatzen du orain.
<em>Better Together</em> kanpainaren ardatz nagusia da Eskoziako Alderdi Laborista.</em>
Better Together kanpainaren ardatz nagusia da Eskoziako Alderdi Laborista. ANDY RAIN / EFE

Samara Velte - Berriemaile berezia

2014ko irailak 17
Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorea aspaldi geratu zen Eskoziako joko zelaitik kanpo: Margaret Thatcherrekin puntu guztiak galdu zituen, eta haren ondorengoak ez dira askorik arduratu berriro jokoan sartzeaz, aski baitzaizkie Ingalaterra hegoaldeko botoak Londresen gobernatzeko. Alta, Eskoziako independentziari buruzko erreferendumerako kanpaina ailegatu denean, Alderdi Laborista bihurtu da Londresen ordezkari. Auziak arrakala sakona eragin du urte luzez Eskoziako alderdi nagusi izandakoaren barruan.

Laboristei ez zaie gustatzen «Londresen ahotsa» ordezkatzen dutela entzutea. «Eskoziako Alderdi Laboristak bere eskumenak ditu, Galeskoak eta Ipar Irlandakoak dituzten bezala», azaldu du Sarah Boyack parlamentariak: «Geure burua ez daukagu Londresko alderditzat». Ulertzekoa da bien arteko lotura saihestu nahi izatea; izan ere, Westminsterren Alderdi Kontserbadoreak agintzen du, laboristen betiko etsaiak. Baina Better Together kanpainaren buru jarrita, ezinbestean Londresko gobernuaren iritzia ordezkatu dute laboristek azkenerako, eskoziarren begietan. David Cameron lehen ministroak ez zuen alferrik aukeratu oposizioko kide bat telebistako debateetan Alex Salmonden aurka eztabaidatzeko.

Arriskuen kanpaina

Tradizio autonomista du Eskoziako Alderdi Laboristak. XX. mendean langile klaseen erreferente nagusia izan zen, eta, horri esker, aise irabazten zituen hauteskundeak Glasgow inguruan. 1997an, Londresko gobernura ere laboristak heldu zirenean, Eskozian parlamentua ezartzeko erreferendumera deitu zuten. «Modu instrumentalean sortu genuen», azaldu du Boyackek: «Hauteskundeak irabazi eta hiru hilabetera egin genuen galdeketa. 1999rako, parlamentua geneukan. Oso harro gaude instituzio horretaz, baina ez zaigu gustatzen oraingo gobernu nazionalistak nola darabiltzan haren eskumenak».

Tony Blairrekin eta Irakeko gerrarekin, alderdi laboristaren gainbehera ailegatu zen; Londresko gobernua ez ezik, Edinburgoko parlamenturako hauteskundeak ere galdu zituen. 2011n, Eskozia hegoaldeko langile komunitate askok SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren alde egin zuten, eta hark gehiengo osoa lortu zuen. Alex Salmond lehen ministroak erreferendumera deituko zuela iragartzean, laboristek kontrako bandoa hartu zuten.

Eskozia independente bateko gobernura heltzeko aukera tentagarria ote zaion galdetuta, burua astindu du Boyackek: «Erresuma Batuaren barruan egonda, elkartasun ekonomiko handia jasotzen dugu, eta hori garrantzitsuegia da uko egiteko. Oraintxe, Ingalaterrako Bankuaren erabakietan eta Erresuma Batuko politika ekonomikoetan eragiten dugu. Banatzen bagara, egingo dugun lehenbiziko gauza da haiengana korrika joatea, haiekin dirua eta finantzak parteka ote ditzakegun galdetzera».

Alderdi Kontserbadorearekin eta liberal demokratarekin hirukoa osatuta, laboristek botere gehiago agindu dizkiete eskoziarrei Londresen izenean. «Ironikoki, gure proposamenak azkarrago ekarriko du aldaketa Eskoziara. Guk prest dugu programa, eta, 2015ean Erresuma Batuko hauteskundeak irabaziz gero, segituan sartuko da indarrean. SNPk hemezortzi hilabeteko epea jarri dio bere buruari negoziatzeko, baina urteak beharko ditu dena martxan jartzeko».

Independentzia ez babesteko arrazoietako bat hortxe dago: Holyroodeko bozak ez ezik, Westminsterrekoak ere badituzte buruan laboristek. Eta, Eskozia independente bihurtuz gero, eragin handia galduko lukete Londresen. Gaur egun, Eskoziako laboristek 41 parlamentari dituzte Westminsterren; kontserbadoreek, bakarra. Mugaz hegoaldera, balantzak beste aldera egiten du nabarmen, tory-en mesedetan. Horregatik, alderdiak Galesko eta Ingalaterrako laboristekiko «elkartasuna» ere eskatu du kanpainan: «Ospa egitea ez da sekula izan, eta ezin liteke izan, elkartasunaren oinarria».

Arrakala bat alderdian

2011ko hauteskundeetan bezalaxe, SNPk laboristen boto-emaileetan ipini du arreta biharko erreferenduma irabazteko, eta Yes Scotland kanpainarekin bat egiteko eskatu die. Boyacken arabera, alderdiko militantziaren zati handienak zuzendaritzaren jarrerari eutsiko dio, eta independentziaren aurka bozkatuko du. Baina boto-emaile asko baiezkora igaro daitezke.

Labour for Independence (Independentziaren aldeko laboristak) kanpainaren arabera, alderdiko kideen %30 inguru daude independentziaren alde. Nagusiki alderdiko kargudun ohiek eta afiliatu gabeko boto-emaileek osatzen dute. «Alderdiko zuzendaritzak bere kabuz erabaki zuen tory-ekin bat egitea Better Together-en, oinarriko kideei galdetu gabe. Gure ustez, auzi hau garrantzitsuegia da modu ez-demokratikoan, goitik behera, erabakitzeko». Allan Grogan kanpainako buruaren arabera, huts berbera egin dute Yes Scotland-ek eta Better Together-ek: independentziaren aldeko botoa SNPrentzat eta Salmondentzat dela ulertaraztea.

Boyacken ustez, arrakala horrek ez du eragin handirik izan oraindik alderdian, baina, ostiraletik aurrera, pentsatzekoa da alderdi guztiek jarrera desberdina hartzea. «Emaitza edozein dela ere, Eskozia beste leku bat izango da. Nahiko ziur nago ezezkoak irabaziko duela. Hala bada, gu ez gara alderdi sektarioa izango, eta ongi hartuko ditugu besteak». Eta baiezkoa bada? «Eskoziako Alderdi Laborista izango gara gerora ere, eta presio egingo diogu Eskoziako Gobernuari, neurri sozialagoak har ditzan. Kasu horretan ere, inguruko herrialdeetara lotuta egongo gara, eta aliantzak osatu beharko dira».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna