Tregoarik ez ikasturte hasieran

Donetsk hirian eskola bati eraso diote, Ukrainan.

Borroketan gutxienez hamar lagun hil dituzte
Ukrainako soldadu bat matxinoak zaintzen, igandean eginiko gatibuen trukean, Donetsk eskualdean.
Ukrainako soldadu bat matxinoak zaintzen, igandean eginiko gatibuen trukean, Donetsk eskualdean. A ERMOCHENKO / EFE

Adrian Garcia -

2014ko urriak 2
Lehen eskola eguna zuten atzo matxinoen mendeko eremuetako haurrek, Ukraina ekialdean. Ohi baino hilabete beranduago hasi dute eskola urtea, apirilean eztanda eginiko gatazka dela eta. Horregatik, borrokatik urrun dauden eskolak ireki dituzte soilik. Baina ez da nahikoa izan. Donetsk hiriburuko eskola baten jolastokira jaurti dute bonba bat, eta gutxienez bi lagun hil dira. Irakasle bat eta haur baten gurasoetako bat. Gaztetxo guztiak onik atera dira. Halaber, ondoko kale bateko autobus geltoki batean zortzi lagun hil dituzte jaurtigai batek autobus txiki bat jotzean. Matxinoek eta Ukrainako agintariek elkarri leporatu diote erasoen ardura. Eskola ondoan dago Donetskeko aireportua, bi aldeen arteko borroka leku nagusia. Bestalde, Ukrainako Gobernuak salatu du matxinoek zibil bat hil dutela Luhansk eskualdeko bonbardaketa batean. Agerikoak dira irailaren 5ean sinatutako eta handik bi astera berretsitako su-etena betetzeko zailtasunak.

Goizean gertatu dira Donetskeko erasoak. Haurrak eskolan zeuden, eta irakasleek ondoko eraikin batera eraman dituzte. 400 haur hartzeko lekua du eskolak, baina erasoa gertatzean 70 besterik ez zeuden. Hilabeteak eman ditu setiopean Donetsk hiriak, Luhansken antzera, eta biztanle askok ihes egin dute. Milioi bat zituen gerra hasi aurretik.

Donetskeko Herri Errepublikaren lehen ministrorde Andrei Purginen arabera, bonbardaketak «nahita» egin dituzte. «Ez da istripua izan. Misilak jaurtitzeko sistemek 40 kilometrora dauden helburuak zehatz jo ditzakete». Ukrainako armadak ukatu egin du misilak eskolara jaurti izana.

Kremlinek gogor egin du Kieven aurka, eta nazioarteko giza eskubideen legea urratzea egotzi dio. «Ikasturteko lehen egunean eskola bat bonbardatzea ekintza guztiz zinikoa da. Onartezina da», esan du Errusiako Atzerri Ministerioko Giza Eskubideen ordezkari Konstantin Dolgovek.

Bestalde, Sergei Lavrov Atzerri ministroak «gerra krimenak eta genozidioa» leporatu dizkio Ukrainako armadari. Matxinoek astelehenean salatu zuten lurpean 400 gorpu aurkitu zituztela, gehienak zibilenak. Orain ez asko Ukrainako armadaren esku egondako lurretan zeuden hilotzok, Donetsk eskualdean.

Gerra krimen salaketak

«Tragedia lazgarria da, 400 hilotz baino gehiago azaldu dira Donetsketik gertu. Espero dugu Mendebaldeko hiriburuek gertaera horiek ez isilaraztea», azaldu du Lavrovek. Mendebaldeko hedabideak ere kritikatu ditu agintariak, informazioa ezkutatzeagatik.

Kievek hitzeman du «ikerketa zabal, oso eta inpartziala» abiaraziko duela lurraldea berreskuratu bezain pronto. Baina Errusiako Atzerri ministroaren esanetan, hitz «hutsalak» dira horiek. «Krimen horiek Ukrainako militarrek eremua kontrolatzen zutenean egin ziren».

Errusiako Instrukzio Komiteak auzibidea ireki du Ukrainako Gobernuko indarren aurka, Donetsk eta Luhansk eskualdeetako errusiar hiztunen aurka genozidioa egin dutelakoan. «Lurraldean bizi diren herritar errusiazale guztiak akabatzeko aginduak eman zituzten», esan du Vladimir Markin Instrukzio Komitearen bozeramaileak.

Komiteak baditu ustez hilketen erantzuleak diren armadako komandanteen, ofizialen eta Eskuin Sektoreko kideen izenak. Komiteak Igor Kolomoiski Ukrainako oligarkari eta Dnipropetrovsk eskualdeko gobernadoreari leporatu dio «hilketa masiboak» finantzatzea.

Badira sei hilabete Kievek matxinoek hartutako lurraldea berreskuratzeko erasoaldia hasi zutela. Orain ia hilabete su-etena adostu arren, bi aldeen arteko jarrerak urrun daude, eta txinparta txikiena nahikoa da borrokak pizteko. Zorpetuta, gerraren esfortzuak ahulduta, eta Mendebaldeko finantzaketa iturrien maileguen menpe, Ukrainako ekialdea berreraikitzeko du Kievek. Gobernuak atzo bertan argitaratutako txosten baten arabera, bakarrik errepideak, bideak eta zubiak konpontzea 122,5 milioi euro kostatuko zaizkio.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna