Koalizio sekularra edo islamistekiko aliantza, aukera bakarrak Tunisian

Nida Tunis alderdi laikoak irabazi ditu hauteskundeak, baina ez du gehiengo absolutua lortu

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 31
Nida Tunis alderdi laikoak irabazi ditu Tunisiako Parlamenturako hauteskundeak, baina ez du gehiengo osorik lortu. Hauteskunde Batzorde Independenteak emandako behin-behineko datuen arabera, 85 parlamentari lortu ditu, eta gehiengo absolutuaren muga 109tan dago. Dena den, lehenbiziko helburua lortu du Nida Tunisek, 2011tik nagusi izan den Ennahda alderdi islamista gainditu baitu —69 lortu ditu horrek—. Tunisian hegemoniko bihurtzeko bidean zegoen islamismoa gainditzeko helburuz sortu zen Nida Tunis, eta orain erabaki beharko du zer egin gobernua osatzeko: sorreraz geroztik aldarrikatu bezala Ennahda baztertu eta alderdi txikiagoekin koalizio bat osatzen saiatu ala naturaz kontrakoa irudi lukeen koalizio handi bat egin islamistekin.

Igandean izan ziren hauteskundeak. Nida Tuniseko ordezkariek biharamunean eta asteartean egindako adierazpenen arabera, gainerako alderdiekin saiatuko da koalizioa osatzen. Nida Tunisen Kontseilu Nazionaleko kide Aimen Bejauik erran zuen horretan «saiatzeko behar morala» daukatela, eta Beji Caid Essebsi alderdiko buruak ere asmo bera agertu zuen Tunisiako kateetan egindako elkarrizketetan. Atzo, ordea, behin-behineko emaitzak argitaratu ondoren, zuhurrago mintzatu ziren, eta adierazi zuten emaitza ofizialak atera arte ez zutela emanen asmoen berri.

Izan ere, Tunisiako hedabideetan egin dituzten analisi gehienen arabera, bi aukeraketek egoera zailean utz lezakete Nida Tunis. Ennahdaren gibeletik UPL Patriota Askeen Batasuna gelditu da, hamasei parlamentarirekin. Horren ondotik, bat gutxiagorekin, Fronte Popularra ezkerreko koalizioa, eta zortzirekin, berriz, Afek Tunis liberala. Gainerako 24ak hamar bat alderdiren artean banatu dituzte. Deigarria da Tunisiako bizitza politikoan eragin handikoak izan diren CHP Errepublikaren Biltzarra (Moncef Marzuki presidentearena) eta Ettakatol minorizatuta gelditu direla —tradizio sozialdemokratako alderdi nazionalistak dira—.

Gauzak horrela, koalizio sekularra egiteko UPL eta Afek Tunis ageri dira Nida Tunisen lehenbiziko aukeratzat. UPLk eman du ezusteko handiena hauteskundeetan. Slim Riahi petrolio enpresariak sortutako alderdia da. Tunisian ezaguna da 2012an Club Africain futbol taldearen presidente denetik. Kapitalista handi batek sortutako alderdia izaki, ekonomia liberalizatzea du helburu nagusi. Horrek zaildu eginen du Fronte Popularrarekin akordioren bat lortzea, bertzela ere ezkerreko koalizioa kritiko eta mesfidati baita Nida Tunisen jarrera sozioekonomikoekin. Eta mesfidantza horretan ere bada bazterrekoa ez den bertze arrazoi bat: Nida Tunisen sortzaileen artean daude 2011ko matxinada bukatu zuen erregimeneko kideak.

Koalizio sekularra eratu eta islamistak baztertzeak badu bertze arazo bat, gizartearen polarizazioan sakondu dezakeelako. Herrialdearen hegoaldeko eta Libiaren mugaldeko barrutietan Ennahda izan da nagusi. Raxid Gannutxi alderdiko buruak elkarlana eskaini dio Nida Tunisi. Islamistekin elkartzea, ordea, aldarrikatutako guztiaren aurka jotzea litzateke alderdi irabazlearentzat.

Azaroak 23: presidentetza

Nida Tunisek bi aste dauzka gobernua negoziatzeko. Azaroaren 23an presidentetzarako hauteskundeen lehenbiziko itzulia eginen dute, eta horrekin espero da 2011ko matxinadaren ondoren sortutako trantsizioaldia bukatzea. 2010eko abenduan piztu zen matxinada Sidi Buzid hirian, eta Tunisian ez ezik herrialde arabiarrak astindu zituen protesta uholdearen sorrera izan zen. Zine el-Abidine ben Ali presidentea bidali ondoren, 2011ko udazkenean Ennahdak irabazi zituen hauteskundeak. Horren ondoren islamisten eta sekularren arteko polarizazioa areagotu zen. Iaz, talde armatu salafista batek ezkerreko bi buruzagi hil zituen, eta, protesta bortitzen ondoren, alderdiek elkarrizketa nazional bat hasi zuten. Aurtengo otsailean indarrean sartu zen konstituzio berria; islama erlijio ofizialtzat izendatu zuen, baina lege islamikoa ezarri gabe, eta erlijio askatasuna eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna