Albistea entzun

Zerrenda bakarraren zalantza

Kataluniako alderdi independentistek, oro har, ondo hartu dute Masen proposamena bozak aurreratzeko; haietara elkartuta aurkezteko ideiarekin, ordea, barne borrokan dabiltza ERC eta CUP
Kataluniako alderdi nagusietako buruek atzo parlamentuko kontrol saioan egin zuten topo. Irudian, ERCko diputatuak Artur Masi entzuten.
Kataluniako alderdi nagusietako buruek atzo parlamentuko kontrol saioan egin zuten topo. Irudian, ERCko diputatuak Artur Masi entzuten. TONI ALBIR / EFE

Samara Velte -

2014ko azaroak 27

Bidea seinalatu du Artur Masek, eta, printzipioz, hari jarraitzeko prest agertu dira Kataluniako alderdi independentista nagusiak, baldintzak zehazteko badaude ere. CDCk erabat babestu du presidenteak bere aldetik egindako proposamena, eta ERCk eta CUPek ere begi onez ikusten dituzte hauteskunde plebiszitarioak. Hirurak bat datoz helburuan —hauteskunde horien bidez independentzia lortzea— eta epeetan —2016aren amaierarako—. Zerrenda bakarrarekin aurkezteko proposamenak sortzen du zalantza handiena indar subiranisten artean.

ERC

Oro har, Masek «aurrerapausoa» egin duelakoan dago ERC. Dena den, eskualdeetako batzarretan eztabaidatuko du proposamena, eta larunbateko Batzar Nazionalean zehaztuko du jarrera ofiziala; Oriol Junqueras alderdiko buruak asteartean emango du hitzaldia. Masen proposamena dezente hurbildu da Junquerasek azken hilabeteotan eskatu izan duenera; hura negoziatzeko prest agertu da, bide orria gehiago zehaztu eta «hobetu» daitekeelakoan. Trantsizioko gobernu bati bide emango dioten boz plebiszitarioak proposatu izan ditu Esquerrak, hark, lehenbiziko egunetik, estatu burujabe bat gobernatuko balu bezala jardun dezan.

Orain, itxura du ERCk hauteskundeetara banatuta aurkeztea proposatuko duela lehenbizi, programa guztietan independentziarekiko konpromisoa adostuta. «Helburua ez da baten batzuk elkartzea», esan du Junquerasek: «Ahal beste batu behar ditugu». Zerrenda bakarrarekin, agenda sozialari dagozkion argudioak alderdi unionistek bereganatuko dituztela uste du ERCk —besteak beste, Podemosek eta PSCk gai horiekin egingo dutelako kanpaina—, eta horrek botoak galaraziko dizkien beldur da.

Masen planak aurrera egiteko eta gehiengo osoa lortuko duen zerrenda bat osatzeko, ezinbestekoa zaio ERCren babesa. Gaur egun parlamentuko bigarren indarra da, baina inkestek diote hurrengo bozetan nagusia izatera hel litekeela. Horregatik, Masekin lerratuta arrisku gehien hartuko lukeen alderdia ere bada; baina CDC ingurutik presio handia egiten ari zaizkio zerrenda elkarrekin osatzeko. ANC Biltzar Nazional Katalanak larunbateko agerraldian esango duenak ere eragin nabarmena izango du Esquerran.

ANC

«Masek tarte gutxi utzi du bere proposamena ukatzeko», esan du Carme Forcadell-ek, ANCko presidenteak. Zerrenda bakarraren ideia «oso ausarta» iruditzen zaio, eta, ERC gabe, «hankamotza» litzatekeela. Omnium Culturaleko eta AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteko buruen aldamenean baloratu du Masen proposamena: beraiek bultzatu dituzte azken urteotako herri mobilizazio independentista nagusiak. Omniumeko Muriel Casalsen hitzetan, erakunde horiek prest daude «zerrendari eusteko super-glue lanak» egiteko, «baina bakoitzak bere lana egin behar du».

Kataluniako aldarri independentistaren aurpegi ezagunenetakoak bihurtu dira Casals eta Forcadell azken urteotan. Masen zerrenda horretako buru aurkeztuko litzatekeen galdetuta, erabakia beste batzuen esku dagoela baino ez du erantzun Forcadellek.

PSC

Independentista konbentzituak ez direnak nola erakarri da orain ERCren kezka nagusia: Junquerasek «guztiak bildu» nahi dituela dioenean, PSCko sektore katalanistaz ari da batik bat. Kataluniako alderdi sozialistako zuzendaritza Madrildik datorkion diskurtsoarekin lerratu da, eta, joera horrekin zapuztuta, diputatu eta kargudun ohien talde bat alderditik banatzeko prozesuan dago, beste bat sortzeko asmoz.

Ara egunkariaren arabera, ERCk ehun akordio baino gehiago dauzka PSCrekin udaletan, eta badaki alderdi sozialistako sektore katalanistak nekez egingo duela bat Masen zerrenda bakarrarekin, errezelo handia baitio CDCri.

CUP

Ezkerreko alderdi independentistak, printzipioz, orain artekoari eutsi dio: hauteskundeak berehala aurreratzea nahi luke, baina ez du haietara Masen zerrenda bakarrarekin aurkezteko asmorik. CUPek dioenez, presidenteak proposatutako bideaz gain, badaude hauteskunde plebiszitarioen emaitza nazioartetik aitortzeko modukoa izan dadin lortzeko beste bide batzuk ere. «Inon ez dago idatzita zerrenda bakarra denik formula bakarra», esan du Quim Arrufat diputatuak: «Zer esan nahi digute, independentismoaren aniztasuna murriztuta irabazten aterako garela, sektore guztietan?».

ERCk bezala, CUPek nahiago du aldarrikapenetan bat datozen zerrenda bereiziak aurkeztea. «Esate baterako, 96 diputatuk programa independentista baldin badaukate, jende guztiak ulertuko du independentismoak gehiengo osoarekin irabazi duela», azaldu du David Fernandez diputatuak. «Ez dugu ulertzen zerrenda bakarrarekin duten obsesio hori». Dena den, alderdien asmoak hainbat gaitan bat datozela nabarmendu du; ezer baino lehen, Junquerasekin hitz egitekoa zen atzo arratsaldean.

ICV

ICV-EUiAk ez dio baliorik aitortu Masen batasun eskaerari, eta lehenbiziko egunetik uko egin dio haren zerrenda babesteari. Joan Herrera alderdiko buruak kanpaina egitea egotzi dio Masi, eta Kataluniako prozesu politikoaz jabetzea. «Herrialde berri bat egiteko, lehentasuna ustelkeriaren aurka egiteak izan beharko luke. Herrialdearen etorkizuna guztion artean erabaki behar da. Hau guztiona da».

UDC

ERCri eskua luzatuta, Unio koaliziokideari bizkarra eman dio CDCk; horregatik, CiUren dibortzioa iragarri dute hainbatek. Josep Antoni Duran i Lleida UDCko burua asteartean ez zen izan Masen agerraldian, eta Madrilen egin ditu adierazpenak: «Zentzuduna» iruditzen zaio «erreferendum bidez egin ezin izan dena hauteskundeen bidez egitea», baina berriro nabarmendu du independentzia alde bakarrez aldarrikatzearen aurka dagoela. «Gauza bat da CiUren eta ERCren arteko hautagaitza bat; eta, oso bestelakoa, zerrenda bakarra».

Azaroaren 9aren ostetik ere, hauteskundeak aurreratzearen aurka agertu izan da Duran, eta PSCra jotzeko proposatu izan dio gobernuari, agintaldiari 2016ra arte eusteko.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Pekinen iragan astean egin zuten manifestazioetako bat. ©M. R. CRISTINO / EFE

Txina, konfinamenduen amaierarako bidean

Olatz Urkia

Urumqin hiru lagun hil ziren joan den astean, sute bat hasi eta konfinamendu neurriek suhiltzaileen lana oztopatu zutenean. Haserrea segituan piztu, eta Txina osoan hedatu dira neurri horren aurkako protestak; orain, egoera baretuta, badirudi gobernuak manifestariak lasaitzeko keinua egin duela.
Guardia Zibila, atzo, AEBek Madrilen duten enbaxadaren atarian. ©FERNANDO VILLAR / EFE

Espainiatik bidali dituzte gutun piroteknikoak, Poliziaren arabera

Uxue Rey Gorraiz Gorka Berasategi Otamendi

Sanchezek, Roblesek eta Ukrainaren eta AEBen enbaxadek jaso dituzte, besteak beste
Espainiako Polizia Ukrainaren enbaxadaren ingurumarietan, atzo. ©Chema Moya, EFE

AEBen enbaxadakoei eta Pedro Sanchezi ere bidali dizkiete lehergaiak

Uxue Rey Gorraiz

Sei dira guztira atzemandako bonbak; horietatik bost azken orduetan atzeman dituzte, Espainiako Defentsa Ministerioan, AEBen eta Ukrainaren Madrilgo enbaxadetan, Zaragozako arma lantegi batean eta Torrejon de Ardoz herriko aire basean. Pedro Sanchezen aurkako bonba bat atzeman zuten azaroan. Antzeko ezaugarriak dituzte, eta agian gehiago egongo direla ohartarazi dute.

 ©ROMAN PILIPEY / EFE

Errusiak ez du onartuko Ukrainako gerra krimenetarako auzitegirik

Mikel O. Iribar

Kremlinek «ilegitimotzat» jo du Europako Batzordeak egindako proposamena. Zelenskiren arabera, sei milioi herritar daude argindarrik gabe Ukrainanan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.