Auzitegiak desobedientzia zantzuak ikusi ditu azaroaren 9ko prozesuan

Masek, Ortegak eta Rigauk debekuari izkin egin ziotela uste du Kataluniako Auzitegi Nagusiak
Artur Mas eta Joana Ortega, A-9ko gaueko agerraldian, prozesu parte hartzailearen lehen balorazioa egiten.
Artur Mas eta Joana Ortega, A-9ko gaueko agerraldian, prozesu parte hartzailearen lehen balorazioa egiten. MARTA PEREZ / EFE

Oihan Vitoria -

2015eko urtarrilak 9
Kataluniako burujabetza aldarrikatzen duten indarren eta Espainiako Estatuaren arteko pitzadura handitu zuen Artur Mas Generalitateko presidentearen kontra ipinitako kereilak, duela bi hilabete. Eta arrakala zartatzear jarriko du orain Kataluniako Auzitegi Nagusiaren susmoak, azaroaren 9ko prozesu parte hartzailearen karietara, «desobedientzia zantzuak» antzeman baititu Mas jardunean. Presidenteaz gain, Joana Ortega presidenteordea eta Irene Rigau Hezkuntza sailburua ere jarri ditu jomugan. Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren «debeku irmoari» men egin ez ziotela deritzo auzitegiak. «Debekuari eraginkortasuna» kendu ziotela dio, eta ohartarazi du «ondorio atzeraezinak» eduki ditzakeela hura ez betetzeak. Hori dela eta, Generalitateko hiru eledunek deliturik egin duten ikertzen ari da.

Espainiako Fiskaltzak, Eduardo Torres-Dulce fiskala buru zela, azaroaren hondarretan aurkeztu zuen salaketa; Kataluniako fiskalen ezezkoaren ostean lortu zuen Espainiako Fiskalen Biltzarraren babesa. Kereila tramiterako onetsita, Mas, Ortega eta Rigauren jarduna ikertzeari ekin zion Kataluniako Auzitegi Nagusiak, eta, denera, lau delitu egotzi dakizkieke bakoitzari A-9ko prozesua antolatzeagatik: desobedientzia larria eta prebarikazioa egitea, justizia eragoztea, funtsak bidegabe erabiltzea, eta eskumenak usurpatzea. Eraikin publiko eta eskoletan galdeketa egiteko baimenagatik ere inputa dezakete Rigau.

Auzitegiak kereila tramiterako onartu eta bi aste eskasera plazaratu du hartutako erabakia arrazoitzeko idatzia. Auzitegi Konstituzionalak «auziaren muinaz» erabakitzeko bost hilabete zituela eta, azaldu du Masek «bidegabe» baliatu zuela aldi baterako debeku hori prozesu parte hartzailearekin segitzeko eta ikastetxeetan hautetsontziak ezartzeko. Presidentearengan ipini du erantzukizunaren zama nagusia, hark hala egin zuelakoan publikoki. Gogorarazi du, horrez gainera, argi eta garbi egin ziola uko kontsulta hasierako egun eta moduan egiteari.

Salaketa guztiak, bakarrean

Nolanahi ere, Kataluniako Auzitegi Nagusiaren arabera, Generalitateak ez zuen hitzemandakoa bete: «Ordura arteko kanpainari eutsi zion, iragarki instituzionalak zein jardun administratiboa mantenduta». Sei kereila eta 25 salaketa jaso zituen denera auzitegiak prozesu parte hartzailearekin lotuta. Orain, kereila guztiak bakarrean batzea hitzartu du, eta, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak galdeketa galarazi ondoren, Kataluniako Gobernuak desobedientzia deliturik egin duen ikertuko du. Auzitegiak alboratu egin ditu, ordea, Manos Limpias elkarteak Generalitateko eledun Francesc Homs eta Barne kontseilari Ramon Espadalerren aurka jarritako kereilak. Argudiatu du haiei ezin dakizkiela «delitu berak» leporatu. Kataluniako Parlamentuko Mahaia ere ikerketatik at laga du, A-9arekin loturarik ez duela erabakita; UPDk galdegina zuen mahaiko kideen kontra egiteko. Beraz, Mas, Ortega eta Rigau ikertzen segituko du, Konstituzionala kontuan hartu ez eta bozketa antolatzeagatik. Zigortzekotan, inhabilitatu egin ditzakete hirurak, ia 18 urtez. Lau delituengatik, halaber, urtebeteko espetxe zigorra jaso dezakete, baina gertu dituzte defentsarako «oinarri sendoak».

Bestalde, CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak auzibidean jarri du Santiago Vidal epailea. Haren kontra jo, eta diziplina espedientea zabaldu dio, Kataluniako prozesu subiranistaren defentsa egiten eta Kataluniako Konstituzioa izango litzatekeena prestatzen aritu dela iritzita. Hiru zigor proposatu ditu CGPJk: hiru urtez epailearen enplegua eta soldata etetea, Kataluniatik at lekualdatzea, edota haren ibilbide judiziala bertan behera lagatzea, «behin betiko» kaleratuta.

Vidalek «huts oso larritzat» jo du CGPJren akusazioa, eta dagoeneko murgildua dago defentsa lanetan: «Aitzakiarik gabe, hertsiki, bete ditut epaile gisa dagozkidan eginkizun guztiak, eta ez dut urraketarik egin; bat ere». Esaterako, ANC Biltzar Nazional Katalanari agertua dio atxikimendua.

Bozak, «exijentziarik gabe»

Baina eremu judizialari dagokion bidea soilik ez. Prozesu subiranistari dagokiona ere gori-gori dago egunotan Katalunian. Bozetarako hitzarmena ixteko «ultimatuma» eman dio aste honetan Masek ERCko buru Oriol Junquerasi. Astebetean ahalik eta independentista gehien pilatzeko formulan ados jartzen ez badira, bere bidetik jarraituko duela ohartarazi du Masek. ERCko idazkari nagusi Marta Rovirak, ostera, independentziari buruzko bozetara «exijentziarik eta baldintzarik gabe» deitzea galdegin dio: «Independentistei dagokie hautatzea zein zerrendatara bildu nahi duten, ez guri. Independentziaz bozkatzea da garrantzitsuena». Espainiako Gobernuko presidenteorde Soraya Saenz de Santamariak, berriz, elkarrizketak bertan behera uzteko eskatu die Masi eta Junquerasi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna