Azken momentuko adostasuna

Michel Martelly Haitiko presidenteak urtea amaitu aurretik deitu beharko du hauteskundeetara
Lurrikara gertatu eta bost urtera haitiar asko oraindik behin-behineko txaboletan bizi dira.
Lurrikara gertatu eta bost urtera haitiar asko oraindik behin-behineko txaboletan bizi dira. J. J. AUGUSTIN / EFE

Araitz Muguruza -

2015eko urtarrilak 13
Estu-estuan bada ere, akordioa lortu dute Michel Martelly Haitiko presidenteak eta oposizioak. Atzo zen adostasuna betetzeko azken eguna, eta epea bukatu baino minutu batzuk lehenago lortu zuten. Gauzak horrela, Martellyk lortu du agintean jarraitzeko onespena, baina urtea amaitu baino lehenago hauteskundeak deitu beharko ditu. Duela hiru urte egitekoak ziren berez hauteskundeak.

7,2 graduko lurrikarak uharte osoa astindu zuenetik bost urte bete ziren egun berean iritsi da akordioa. Haitiko egoera politikoa «normalizatzen» lagunduko duela adierazi du Martellyk adostasuna lortu berritan. Itunaren sinatzaileek adierazi dute, bestalde, krisi politikoari amaiera iraunkorra eman nahi diotela, eta «erakundeetan berriz ere sinesteko konpromisoa» hartu dutela.

Abenduaren 29an Haitiko botere exekutibo, legegile eta judizialak elkar hartuta diputatu eta senatarien karguak, hurrenez hurren, apirila eta irailera arte luzatuko zituen ituna sinatu nahi izan zuten. Hura onartzeko baldintza, ordea, hauteskunde lege berria onartzea zen, beranduenez atzoko egunez.

Bilkuretan hainbat gai eztabaidatu behar izan dituzte. Horien artean behin behineko hauteskunde batzordea nortzuk osatuko duten. AlterPresse atarian zintzilikatu duten oharraren arabera, batzordean ez dira egongo alderdi politikoetako, administrazioko edota botere politikoko ordezkariak; aitzitik, Haitiko gizarte taldeetako ordezkariak izango dira. Ordezkari horiek katolikoak, protestanteak, buduak, sindikatuetako eta emakume taldeetako kideak izango dira, besteak beste. Orotara, bederatzi lagunek osatzen dute.

Batasuneko gobernua ere adostu dute akordioan. Lehen ministroa beraz, parlamentuan aukeratu beharko dute. Martellyk dagoeneko egin du bere proposamena, baina babesik jasotzen ez badu, Batasuneko gobernuan erabaki beharko dute lehen ministro berria. Akordioa sinatu aurretik, hainbat protesta egin dituzte herritarrek Port-au-Prince hiriburuan guztiak Martellyren dimisioa exijitu eta hauteskundeak eskatzeko. Manifestarien esanetan, «Martellyren dimisiorik gabe, ezinezkoa da Haitiko arazoak konpontzea, AEBen eta Mendebaldeko herrialdeen interes eta mesedetara ari baita».

Nazioarteak begitan ditu

Desadostasun handiko garaiak izan dituzte azken hilabeteetan. Horrek eraginda dimititu zuen abenduaren 14an Laurent Lamothe lehen ministroak. Martellyk izendatutako batzorde batek ere gomendatu zuen Lamotheren dimisioa. «Haitin pobrezia eta klase desberdintasun handiegia dago; horiek dira egunero-egunero argitu behar ditugun arazoak», adierazi zuen kargua utzi berritan. Martellyk izendatutako batzorde berak behin behineko hauteskunde batzordeko kideen eta Auzitegi Goreneko presidentearen kargu gabetzea ere eskatu zuen. Bete egin zuten aholkua.

Miguel Insulza AEE Amerikako Estatuen Erakundeko idazkari nagusiak Haitiko alderdi eta ordezkariei adierazi die krisi politikoa konpontzea lurrikarako biktimak omentzeko modurik onena dela: «Haitiren garapena iraunkorra izan dadin, beharrezkoak dira konpromisoa eta esfortzua».

Bide beretik jo du Europako Batasunak ere. Federica Mogherini EBko diplomazia buruaren ustez, akordioa lortu ondotik hauteskunde «justu eta irekiak» egiteari eman behar zaio lehentasuna, horrek ekarriko duelakoan «berrikuntza» Haitiko Gobernura. Bozak «azkar» egitea nahi du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna