Airbus liderra da eskaera zorroan, baina Boeingek gehiago saltzen du oraindik

1.456 enkargu jaso ditu Europako konpainiak 2014an, AEBetakoak baino 24 gehiago, baina 94 hegazkin gutxiago eman dizkie bezeroei

xabier martin
Donostia
2015eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Airbus gero eta lehiakide sendoagoa da Boeingentzat. Hegazkin egileen sektoreko liderrak Europako konpainiak 2014an hegazkin eskaeran gainditu duela ikusi du. Ez askorengatik; 24 hegazkin gehiago baino ez dira. Haatik, sinbolikoa ez ezik, Tolosan (Okzitania, Frantzia) egoitza nagusia duen konpainiaren indarraren erakusle ere bada. Airbusek emaitzak eman zituen atzo, eta itzal batzuk badiren arren, konpainiak duen egoera onaren isla dira zenbakiak.

Airbusek 1.456 hegazkin saltzeko eskaerak jaso zituen iaz, eta 629 eman zizkien bezeroei —errekorra—, aurreko urtean baino hiru gehiago. Fabrice Bregier presidentea baikor azaldu zen 2015arekin, batik bat enkarguei dagokienez. Eskaera zorroa handitzen jarraituko duela esan zuen, eta erantsi bezeroen eskuetan utzitako hegazkin kopuruak ere gora egingo duela, «modu arinean». Jada 6.386ra igo da eskaera zorro hori, iaz 827 batuta, eta Boeingena baino beteagoa dago aspaldian. Estatubatuarrek 5.789 hegazkinen enkarguak dituzte gaur egun.

Hori da Airbusen indarra: eskaeren atala; epe labur eta ertaineko geroarekin zuzenean lotua egonik, Boeing eta Airbus nor baino nor gehiago ari dira sektoreko lidergoa bereganatzeko. Oraindik orain Boeing konpainia handiagoa da, ordea, zenbakietan. Esate baterako, 73.655 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2013an, eta Airbusek 42.012koa. Fabrice Bregier Europako hegazkin egilearen buruak aurreratu zuen 2014ak ere antzeko salmentak utziko dituela. Irabazietan ere ez dago alderatzerik bata bestearekin. Boeingek 4.585 milioi euroren mozkinak lortu zituen 2013an, eta Airbusek, 1.465 milioirenak.

A350 modeloari begira

Airbusek 2014an saldutako 1.456 hegazkinek 148.276 euroko balioa dute, katalogoaren arabera. Eskaera zorro osoaren balioa, berriz, 780.526 milioikoa da. Beraz, Airbusen fakturazioak gora egingo duela aurreikus daiteke.

Hegazkin modeloei dagokienez, Airbusek 2014rako gorriz markatua zuen erronka bete ahal izan du: A350 modelo berriaren lehen alea entregatzea. Iazko abenduaren 22an eman zion negozio adarra estreinatu zuen hegazkina Qatar Airways konpainiari. Aurten horrelako beste hamabost emateko konpromisoa dauka konpainiak, eta, lau urteko epean, hilero hamar A350 ekoitzi nahi ditu, Boeingek segmentu horretan dituen zenbakiak parekatu arte. 787 modeloarekin, fase komertzialean oso aurretik dago AEBetako konpainia.

Badauka Airbusek beste erronka bat modelo jakin bati lotua, A380 erraldoia ez baita askorik saltzen; iaz hogei hegazkin saldu zituen, eta helburua 30 saltzea zen. Hala ere, 30 utzi zituen bezeroen esku, aurreikuspenak betez. John Lecy buruzagi komertzialak esan zuenez, merkatu txikia du 500 bidaiari eramateko gai den hegazkinak, baina, kontuan hartuz aire zirkulazioa hamabost urtean behin bikoiztu egiten dela, Airbus sinetsita dago aurki salmentak handituz joango direla, A380ren garapen berriak egin beharrik gabe.

Aldaketak korridore bakarreko modeloarentzat gorde ditu konpainiak, A320 modeloarentzat. Flota osoa berritzeko asmoa dagoela iragarri zuen Bregierrek, baina epe luzera, 2030erako edo.

Ekoizpena, Txinara

Berrikuntzei begira, Airbusek sinatua du kontratua ALC alokairu enpresarekin, 30 hegazkin emateko, baina horiek A321 aldeko apustu berrituaren emaitza izango dira. A321neo irismen handiko hegazkina prest izango da aurki, ozeano arteko bidaiak egiteko. 4.000 itsas milia egiteko gai izango da hegazkina, eta merkatu horretan sartu nahi du Airbusek, Boeing 757 zaharkituari lekua kentzeko.

Ekoizpenarekin lotutako beste datu azpimarragarri bat ere jakinarazi zuen Bregierrek. Airbusek hegazkin piezak lotzen ditu Txinan 2008az geroztik, A320 modeloa hain zuzen; aurrerantzean A330 ere han lotzeko negoziatzen ari da; ekoizpen gastuak merkatzea du helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.