Liberalen ordua da Kanadan

Justin Trudeau buru dutela gehiengo osoa eskuratu du Kanadako Alderdi Liberalak, eta bakarrik gobernatuko du.

Stephen Harper jarduneko lehen ministroak kontserbadoreen buruzagitza utzi du
STEPHEN MORRISON / EFE

Xabin Makazaga -

2015eko urriak 21
Pierre Trudeau Kanadako lehen ministro zela (1968-1979) jaio zen haren seme Justin, eta, 43 urterekin, haurtzaroan bizitoki izan zuen etxera itzuliko da aurki Justin Trudeau, Sussex Driveko 24. zenbakira. Kanadako lehen ministroaren egoitza ofiziala zain dauka Alderdi Liberaleko buruzagi gazteak, legebiltzarrerako hauteskundeak gehiengo osoarekin irabazi ostean. PLC faborito ageri zen Kanadako hauteskundeak irabazteko, baina inor gutxik uste bezain garaipen argia lortu du: botoen %39,5ekin, 184 ordezkari izango ditu 338 eserlekuko parlamentuan, 14 gehiengo osoaren gainetik.

Zentro-ezkerrera biratu du nabarmen Kanadak, eta amaiera eman dio Stephen Harper lehen ministro kontserbadorearen hamar urteko agintaldiari (2006-2015). Hauteskunde kanpaina hasi zenean —inoizko luzeena izan da, 78 egunekoa— Alderdi Liberala hirugarren ageri zen inkestetan, PCC Alderdi Kontserbadorearen eta NDP Demokrata Berrien Alderdiaren atzetik. Baina Trudeaumaniak gehiengo oso argi batera eraman du Alderdi Liberala. Kontserbadoreek botoen %31,9 eta 99 eserleku eskuratu dituzte, NDPko sozialdemokratek botoen %19,7 eta 44 eserleku, eta BQ Bloke Quebectarrak hamar eserleku. Legebiltzarra PVC Alderdi Berdeko buruzagi Elizabeth Mayrekin osatuko da.

Stephen Harperrek Alderdi Kontserbadoreko buruzagitza utzi egingo du, porrotaren ostean, eta behin-behineko buruzagi bat aukeratuko dute diputatu hautatuek.

Errautsetatik agintera

Inoizko emaitza txarrenak lortu zituen duela lau urte Kanadako Alderdi Liberalak. 43 diputatu galdu, eta 34 ordezkarirekin geratu zen legebiltzarrean. Errautsetatik alderdia biziberritzen jakin du, baina, Justin Trudeauk. Eta zeregin horretan Stephen Harper lehen ministroaren baldarkeriak asko lagundu dio, politika kontserbadoreak ezartzeko kanadarren arteko bereizketa bultzatu baitu azken urteetan gobernuburuak. Nekea eragin du Harperren agintaldi luzeak —ekonomia krisi gogor bati ere aurre egin behar izan dio—, eta Trudeauren mezu baterakoiek harrera ona izan dute kanadarren artean.

Alderdi Kontserbadoreak adinakoa ez, aginterik ez zeukalako, baina kolpe handia jaso du NPD Alderdi Sozialdemokratak ere. Thomas Mulcair buruzagia lehen ministro izateko aukeran ageri zen hauteskunde kanpaina hasi zenean, baina hustuz joan da, eta Trudeauk bereganatu du aldaketa eske ari zen jendearen botoa. Hautetsontzien emaitza «umiltasun osoz» onartzen duela esan zuen Mulcairrek hauteskunde gauean, eta Trudeauren garaipena «apartekoa» izan dela nabarmendu zuen.

Quebec, erabakigarria

Bi hamarkada baino gehiagoan botoak galduz joan da Alderdi Liberala Quebecen, baina, Justin Trudeauren gidaritzarekin, duela lau urteko emaitzak irauli egin ditu eskualde frankofonoan. Han lortutako emaitzei esker —lehen indarra izan da botoen %35,5rekin— segurtatu du gehiengo osoa Kanadan.

2011ko hauteskundeetan NDP alderdi sozialdemokratak kolpe handia eman zuen Quebecen, eta 75 eserlekuetatik 59 irabazi zituen, liberalak zazpirekin utziz. BQ Bloke Quebectarrak hondoa jo zuen duela lau urteko hauteskundeetan, eta 43 eserleku galdu zituen Kanadako Legebiltzarrean. Orain, ordea, Alderdi Liberalak 45 eserleku irabazi ditu, eta NDPk hamabi. 1980 aurreko urteetatik liberalek ez zuten inoiz Quebecen irabazi. BQ alderdi independentista, berriz, laugarren indarra izan da. Botoen %20 eskasekin —Kanadan %4,7— hiru puntu jaitsi da, baina lehen zituen lau eserlekuren tokian hamar izango ditu. Independentisten ahulaldia ondo erakusten du Gilles Duceppe Bloke Quebectarreko burua eserlekurik gabe geratu izanak.

Justin Trudeauk «kanadarrak banatzen dituen lehen ministro bat barik, haiek batzeko aukerak baliatuko dituen bat» behar zuela esan zuen kanpaina amaieran, eta, Harperrek porrota onartu ostean eginiko agerraldian, kanadar guztientzat gobernatuko duela esan zuen: «Aldatzeko ordua da, benetako aldaketa baten aldeko hautua egin dute kanadarrek».

Azken egunetan askok ekarri dute gogora AEBetako presidente Richard Nixonek 1972an Kanadara eginiko estatu bidaian izandako anekdota bat. Pierre Trudeau anfitrioiak eskainitako bankete batean hitza hartu zuen Nixonek: «Gaur gauean, formalitateak alde batera utzi eta topa egin nahi nuke Kanadako etorkizuneko lehen ministroagatik: Justin Trudeau». Lau hilabete besterik ez zuen orduan Justin Trudeauk, baina Nixonen profezia betetzear da. Berandu sartu zen politika munduan, matematika eta frantses eskolak utzita, aitaren itzala handiegia zitzaiolako: Kanada modernoaren aitatzat hartua da Pierre Trudeau. Baina, itzal horri esker hein handi batean, Alderdi Liberala berpiztea lortu du Justin Trudeauk.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna