Comey: «Trumpek gezurra esan du niri buruz eta nire kargugabetzeari buruz»

FBIko zuzendari ohia Senatuan izan da lekukotza ematen: «Ez da nire zeregina justizia oztopatu ote zuen argitzea, fiskal bereziarena baizik»

James Comey FBIko zuzendari ohia, atzo, AEBetako Senatuan. SHAWN THEW / EFE.
ander perez zala
2017ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Senatuko korridoreak hutsik. Milioika herritar telebistari begira. Pantailan, James Comey FBIko zuzendari ohia, Senatuko Zerbitzu Sekretuen Batzordearen aurrean, azken asteotako gertakari politiko garrantzitsuenetarikoa abiatzear dela. Watergate garaiko ikusmina errepikatu zen atzo, Comey batzordearen aurrean jarri zenean, balizko impeachment baterako oinarri bihur daitekeelako; izan ere, zuzendari ohia amesgaizto bihurtu da Washingtonentzat kargugabetu zutenetik. Ezer berririk esan ez duen arren, Donald Trump AEBetako presidentea jarri du jomugan: «Niri buruz eta nire kargugabetzeari buruz gezurrak esan ditu. Gezur erraz eta sinpleak».

Zuzendari ohiaren adierazpenetik hiru ideia nagusi nabarmendu dira: Trumpek leialtasuna eskatu ziola, eta hura ez dagoela ikerketapean. Horiez gain, Michael Flyn Segurtasunerako aholkulari ohiaren aurkako ikerketa gelditzeko eskatu ziola Trumpek —Errusiarekin zuen harremanaz gezurra esan zuen—; ordea, Comeyren interpretazioa izan daiteke, Trumpen hitzak «espero dut ikerketa gelditu dezakezula» izan zirelako. Comeyren esanetan, aurrerantzean ere FBIko zuzendari izateko, «zerbait» eskaini behar zion trukean presidenteari; badirudi Trumpek presioa egin ziola, baina behin betiko erabakia Robert Mueller fiskal bereziaren esku utzi du: «Ez da nire zeregina, fiskalarena baizik».

Comeyren kaleratzea

Presidente kargua hartu eta gutxira, Trumpek afaltzera gonbidatu zuen Comey; hasiera batean, hainbat pertsona joatekoak ziren, baina, azkenean, biak bakarrik elkartu ziren, eta FBIren buruzagitzan jarraitzeko asmoez galdetu zion Trumpek. Ordura arte,AEBetako presidenteak Comeyren lana goraipatu besterik ez zuen egin, publikoki eta biek aurrez aurre hitz egin zuten bakoitzean. Maiatzaren 9an, ordea, kaleratu egin zuen, eta lehenik adierazi zuen FBIk Comeyrengan konfiantza galdu zuelako hartu zuela erabaki hori; ondoren, «errusiar kontu horrengatik» izan zela, ikerketari erreferentzia eginez. Eta Comey ados dago azken aitzakia horrekin.

FBIk eta Kongresuak ikerketa abiatu zuten orduan, Errusiak AEBetako 2016ko presidentetzarako bozetan esku sartzerik izan zuen argitzeko; garai hartan, Comey zen FBIko burua, eta Trumpen lantaldearen eta Moskuren arteko loturak ikertzeko prozeduraren burua. «FBIk bere lana egiten jarraituko du. Independentea da, indartsua eta zintzoa», ohartarazi du zuzendari ohiak.

Orain arteko ikerketaren garapena jakinda, FBIko buru ohiak zalantzarik gabe baieztatu du Errusiaren esku sartzea iazko bozetan, ustez Alderdi Demokrataren kontu elektronikoak zelatatu zituenean, baina ez du informazio berririk eman Trumpen lantaldearen eta Moskuren loturaren eraginari buruz. AEBetako presidentearekin izandako bileren edukia idatziz biltzeari buruz, Comeyk iragarri du bere burua eta FBI defendatzeko egin zuela, une hori edozein momentutan iritsi zitekeelakoan: «[Trumpek] Gezurrak esan zitzakeela uste nuen».

Denen ezusterako, Comeyk iragarri du informazioa filtratzeko agindua berak eman zuela. John McCain senatari errepublikanoak laburbildu du egungo egoera politikoa: «Watergate-ren forma hartzen ari da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.