Ultimatuma gainditu ondoren, Qatarri ez diote zigor gehiago jarri

Dohak ez ditu onartu exijitutako hamahiru puntuak, eta Saudi Arabia buru duen blokeak «boikot politiko eta ekonomikoari» eutsiko dio

Saudi Arabiako, Arabiar Emirerri Batuetako, Egiptoko eta Bahraingo Atzerri ministroak, atzo, Kairon. KHALED ELFIQI/ POOL.
2017ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Saudi Arabiak eta bere aliatuek Qatarri ezarri zioten ultimatuma atzo gainditu zen. Herrialde horiek adierazi zuten ultimatuma onartu ezean, zigorrak areagotu egingo zizkiotela. Espero bezala, Qatarrek ez zuen onartu, baina Saudi Arabiak eta aliatuek ez dizkiote zigor gehiago ezarri. «Boikot politiko eta ekonomikoak jarraituko du Qatarrek bere poltikak onerako aldatu arte», adierazi zuen atzo Adel al-Jubeir Saudi Arabiako Atzerri ministroak Kairon, Egiptorekin, Arabiar Emirerri Batuekin eta Bahrainekin batera egindako bilkuraren ondoren. Mohammed bin Abdulrahman al-Thani Qatarreko Atzerri ministroak, berriz, ziurtatu zuen «herritarrak babesteko edozer gauza» egingo dutela, baina aldi berean, krisia gainditzeko, elkarrizketara deitu zuen.

Ekainaren 5ean hasi zen Qatar eta inguruko herrialdeen arteko krisia. Saudi Arabiak eta aliatuek hainbat akusazio egin zizkioten Qatarri, eta horren ondorioz Doharekin harreman diplomatikoak eten zituzten: Qatarreranzko hegaldiak gelditu zituzten, baita zenbait gairen inportazioak eta esportazioak ere, besteak beste. Hainbat arrazoi eman zituzten Qatar bakartzeko: besteak beste, Iranekin harremana izatea eta «talde terroristei» laguntza ematea, finantzaketarekin eta Al-Jazeera hedabidea «terroristei laguntzeko plataforma digital gisa» erabilita. Qatarrek salaketa horiek iraintzat hartu zituen, eta salatu zuen «estatuari zaintza bat inposatzeko» aitzakiak zirela.

Ekainaren 23an Saudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuek, Bahrainek, Egiptok eta Yemenek hamar eguneko epea eman zioten Qatarri hamahiru puntuko eskaera bat onar zezan. Eskakizun horien artean, Al-Jazeera hedabidea ixtea, Anaia Musulmanak bezalako «talde terroristekin» harremanak moztea eta Turkiaren base militar bat ixtea daude.

Epe hori gaindituta, Qatarreko Atzerri ministroak adierazi zuen ez zituztela eskaera horiek beteko, baina «baldintza egokiak betetzen badira» elkarrizketarako prest zeudela esan zuen. Astelehenean Saudi Arabiak eta bere aliatuek 48 ordu gehiago luzatu zuten epea.

Mendebaldean, kezka

Krisi honek larritasuna sortu du Mendebaldeko herrialdeen artean, hainbat dira-eta Qatarren dituzten interesak. Atzo Sigmar Gabriel Alemaniako Atzerri ministroa Kuwaiteko lehen ministro eta Atzerri ministroa den Sabah al-Khalid al-Sabahekin elkartu zen, eta Kuwait egiten ari den bitartekaritza lanari babesa eman zion.

Errusiak ere Kuwaiten lana babestu du, eta, «behar izanez gero», laguntza eskaini du. «Golkoko herrialdeek uste badute zerbait gehiago egin dezakegula desadostasunak eta kezkak gainditzen laguntzeko, eskariari erantzungo genioke», adierazi zuen Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.