Kalifornia iparraldean igandean piztutako suteek hondamendia eragin dute

Gutxienez hamazazpi lagun hil dira eta beste 150 desagertuta daude. Hamazazpi su piztu ziren igande gauean eta 46.500 hektarea erre dira
Kaliforniako Santa Rosa hiriko irudia. Ehunka etxe kiskali dira.
Kaliforniako Santa Rosa hiriko irudia. Ehunka etxe kiskali dira. JOHN G. MABANGL/ EFE

Erredakzioa

2017ko urriak 12
Kalifornia iparraldean igande gauean piztutako hamazazpi suteek dagoeneko 46.500 hektarea kiskali dituzte. Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak «hondamendi eremu» izendatu du zona hori, laguntza bidaltzeko mekanismoak azkartu daitezen. Kalte materialak itzelak dira, baina baita kalte pertsonalak ere. Azken datuen arabera, hamazazpi dira suteetan hildako lagunak. Desagertutak, berriz, 150 dira. Hasieran 200 ziren desagertutzat jotako pertsonak, baina, azken orduetan 45 lagun aurkitu dituzte.

Kaliforniako bederatzi konderritan izan dira suteak, baina lau konderritan eragin dituzte kalte handienak: Sonoma, Mendocino, Napa eta Yuban. Hildakoak ere lau konderri horietan izan dira; 11 Sonoman, hiru Mendocinon, bi Napan eta bat Yuban.

Kalifornian inoiz izandako sute larriena da igande gauean piztutakoa. 22:00ak zirenean piztu ziren suteak, oraindik ere ezagutzen ez diren arrazoiengatik. Napa konderritik azkar batean zabaldu ziren sugarrak; izan ere, eremu hartan mahasti ugari dago, eta lehortea handia izaten ari da aurten. Haizeteek ere sua azkar batean hedatzea eragin zuten. Azken orduetan, baina, baretu egin da haizea, eta, tenperaturak ere freskatu egin dira; hortaz, suhiltzaileek su gehienak amatatu ahal izan zituzten herenegun gauean. Sonoman eta Napan, hala ere, ezin izan dituzte sute guztiak kontrolatu.

Daniel Berlant Kaliforniako Baso Departamentuko informazio buruak zehaztu duenez, «egunak eta asteak» beharko dira sute horiek guztiak itzaltzeko.

2.000 eraikin kiskalita

Igandetik milaka lagun atera behar izan zituzten etxetik. Horietako batzuk euren etxeetara itzultzen ari dira azken orduetan, eta aurkitu dutenaren berri eman dute. «Bonba nuklear bat bota dutela dirudi». Etxebizitzak, dendak, eraikinak eta azpiegiturak ere kiskalita daude; 1.500 eta 2.000 eraikin artean erre dira.

Santa Rosa hiriak izan du, hain zuzen ere, kalterik handienak; barruti ugari guztiz txikituta geratu dira han. San Frantziskotik iparraldera 90 kilometrora dago hiria, eta 175.000 biztanle dauzka. Han piztutako suteen kea hiriburutik ikus zitekeen egunotan, San Frantziskotik.

Napan, berriz, 91.000 etxebizitza eta eraikin daude argindarrik gabe. Inguru horretan dauden upeltegietan ere kalte ugari eragin dituzte suteek. Napa Haraneko Ardogileek jakinarazi dutenez, bost upelategitan txikizioa eragin dute sugarrek, eta, beste bederatzitan, kalte handiak eragin, baita mahasti ugaritan ere.

Jerry Brown Kalifornia estatuko gobernadoreak larrialdi egoera ezarri du zazpi konderritan. Trump presidentearen laguntza ere eskertu du. Mike Pence AEBetako presidenteordea eremu horretara joan da, kalteak bertatik bertara ikusi eta premiazko laguntza bideratzeko: «AEBetako presidentearen izenean ziurtatu nahi dut zerbitzu ausart horietan dabiltzanak babestuko ditugula».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna