Katalunia

NBEri entzungor egin, eta Llarenak ez du utziko Sanchez inbestitzen

Bertan behera utzi dute gaurko deituta zegoen saioa. Epailearen aurkako kereila bat aurkeztuko du legebiltzarrak, prebarikazioagatik. JxC beste presidentegairik ez aurkeztea pentsatzen ari da

Igor Susaeta.
2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Duela hilabete gertatu zen, eta atzo berriro. Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratuak ez dio baimenik eman Jordi Sanchez (JxC) Generalitaterako presidentegaiari kartzelatik atera eta Kataluniako presidente berria izendatzeko inbestidura saioan parte hartzeko. Ez presentzialki, ez telematikoki. Aurrekoan bezala, oraingoan ere epaileak argudiatu du Junts Per Catalunyaren zerrendako bigarrenak delitua berriro egiteko arriskua duela hemiziklora joaten uzten baldin badio. Kartzelan dago joan den urriaren 16tik, prozesu subiranistaren harira matxinada egotzita. NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak Espainiako Estatuari ohartarazi dio beharrezko neurriak har ditzala hautagaiaren eskubide politikoak bermatzeko. Baina horrela ere, ezin. Llarenak erabakiaren berri emateko kaleratutako 54 orrialdeko autoan dioenez, NBEren ohartarazpenak ez dira lotesleak.

Eguerdian iritsi zen erabakia. Hori guztia aintzat hartuta, gaurko deituta zegoen osoko bilkurari eutsi eta saio sinboliko bat egitea izan zuten atzo mahai gainean, zenbait orduz. Ciutadansek eta PPCk bertan behar uzteko eskatu zioten Roger Torrenti, Kataluniako Parlamentuko presidenteari; CUPek, berriz, «subiranotasunagatik» manten zezala, antikapitalistek abstenitzea pentsatua zuten arren.

Azkenean ez dute saiorik egingo, baina JxCk, ERC Esquerra Republicanak eta CUPek erabaki dute Llarenaren kontrako kereila bat jartzea prebarikazioagatik.Era berean, Torrentek ezohiko bilera batera deitu du Parlamentuko Mahaiagaurko, eta, subiranistek gehiengoa dutenez, kereila aurkeztuko du legebiltzarraren izenean.

Urtarril erdialdean kargua hartu zuenetik, Torrentek bertan behera utzi behar izan duen hirugarren inbestidura saioa da hau.Urtarrilaren 30ean Carles Puigdemontena, Auzitegi Konstituzionalak inbestidura telematikoa debekatu zuelako; martxoaren 12an, Sanchezekin egindako lehendabiziko ahalegina. Gero, martxoaren amaieran, Jordi Turullen inbestidura saioa egin ahal izan zuten, baina ez zuen gehiengo osorik lortu lehen bozketan, eta bigarrena ezin izan zuten egin, Llarenak presidentegaia kartzelatu zuelako.

Sanchezek ia urte erdia darama kartzelan. Torrentek aske utz zezala eskatu zion Llarenari, baina, epaileak atzera adierazi duenez, ANC Biltzar Nazional Katalaneko buru ohia presidente bilakatuz gero, haren agintaldia «ordena konstituzionala» haustera bideratuta egongo litzateke. NBEk eskatutakoa baztertzeko, berriz, hau dio Llarenak bere autoan:«[...]ez da ausartu iradokitzera auzipetuaren eskubide politikoaren kautelazko zaindaritza eskatzaileak adierazitako erabakiren bat hartuz egin behar denik [...]». Espainiako Estatua NBEk esandakoa betetzera behartuta dago, baina betetzen ez badu ez dago zigorrik.

Epaileen «estatu kolpea»

Kataluniako indar subiranistek salatu egin zuten Llarenak hartutako erabakia. Elsa Artadi JxCko bozeramailearen esanetan, Espainiako Estatua «estatu kolpe togadun bat egiten ari da, armada epaileekin ordezkatuz». Josep Costa alderdikide eta Mahaiako lehen presidenteordeak honako hau idatzi zuen Twitterren: «Tejero kongresuan sartu zen, eta gaur Llarena parlamentuan sartu da». Costak magistratuari leporatu zion NBEren kautelazko neurriak «desobeditzen» ari dela.

Costak berak herenegun plazaratutakoari eutsiz, JxC beste presidentegairik ez aurkeztea pentsatzen ari da. «Izan ere, esaten ari zaizkigu aurkeztutako edozein hautagai kartzelara joan daitekeela». Artadik nabarmendu zuen, berriro, haien asmoa dela Puigdemont inbestitzea legegintzaldian zehar. Astelehenean dira Berlinen biltzekoak JxCko diputatu guztiak eta presidente ohia.

Maiatzaren 22rako presidenterik ez baldin badago, hauteskundeetara deituko du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak. Zenbait iturriren arabera, JxCk eta ERCk akordio bat dute, hilaren 23rako gobernua osatzeko. Baina presidente kargugabetuaren zerrendako kideek azken egunetan adierazitakoak kontuan hartuta, ez dirudi erraza izango denik. Sergi Sabria ERCko bozeramaileak azpimarratu zuen Kataluniak gobernu baten «premia larria» duela, «estatuaren erasoa oso gogorra izaten ari baita». PDeCATek ere iritzi bera du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.