Albistea entzun

Soilik paisaia izan ez dadin

Hizkuntza defendatzen dutenentzat, 1998ko asturieraren legea motz geratzen da. Iraungo badu ofiziala behar duela izan uste dute, eta abagune politikoak horretarako aukera ematen duelakoan daude. Asturiarren erdiak daude erreformaren alde, eta etzi kalera aterako dira, Oviedon.
2005eko azaroan ofizialtasunaren alde Oviedon egindako manifestazioaren irudi bat.
2005eko azaroan ofizialtasunaren alde Oviedon egindako manifestazioaren irudi bat. ALBERTO MORANTE / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2018ko apirilak 19

Asturieraren sustapenerako eta erabilerarako legeak 20 urte bete zituen aurreko hilabetean. Asturieraren ofizialtasuna defendatzen dutenentzako, dena dela, legea motz geratzen da. Xose Candel (Valdes, 1964) XPDLLA Xunta Pola Defensa de la Llingua Asturianako kideak adibide bat jarri du: «Eskubide batzuk ez daude aitortuta: administrazioan asturieraz hartua izatea, esaterako». Xose Anton Gonzalez Riaño Asturiar Hizkuntzaren Akademiako presidentearen esanetan, legeak, berez, ahalbidetzen duena garatzeko politikak «oso epelak» izan dira. Bai, alfabetizazioari dagokionez lorpenak izan direla dio, eta egun asturiarren %25 gai dira asturieraz hitz egiteko, idazteko eta irakurtzeko. «Asturiasen inoiz ez da egon halako kopururik». Kontuan hartu behar da, gainera, biztanleria osoaren erdia baino gehiago dela ulertzeko eta hitz egiteko gauza. Baina herritarrei asturieraren balizko ofizialtasunaz galdetzen zaienean, hizkuntzak duela hamazazpi urte zuena baino babes txikiagoa dauka: 2001ean %60tik gora ziren alde zeudenak, eta iaz %53.

«Badago hizkuntza gutxituen aurkako desprestigio kanpaina bat, eta horrek bere eragina dauka», arrazoitu du Candelek. Baditu, ordea, baikorra izateko motiboak. Asturiera hizkuntza ofizial bilakatzeko, Asturiasko Estatutua erreformatu behar da, eta horretarako «abagune politikoa» egokia dela iruditzen zaio. Gutxiengoan bada ere, PSOEk agintzen du Asturiasko Parlamentuan, eta estatutua erreformatuz gero ofizialtasunaren alde egingo dutela onartu zuten sozialista asturiarrek, haien azken kongresuan. Gonzalez Riañok argi dauka. «Edo hartzen dira kultura eta hizkuntza babesteko neurriak, edo hizkuntza salbatzen ez badugu, Asturias paisaia besterik ez da izango».

Eta ofizialtasuna eskatzeko, Asturiera, hizkuntza ofiziala orain lelopean XPDLLAk manifestaziora deitu du, etzi, Oviedon. Astur-leonesa Espainiako beste toki batzuetan ere hitz egiten da, baina soilik da ofiziala Portugalgo Braganza barrutiko eskualde batean. Han mirandesa du izena hizkuntzak.

Hiztun gehien, baina, Asturiasen ditu. «Kosta egiten zait pentsatzea ez denik ofiziala izango. Alderdi politikoekin hitz egiten ari gara, eta saihetsezintzat jotzen dute», zehaztu du Candelek. 45 diputatu ditu legebiltzarrak, eta estatutuan erreformak egiteko beharrezko da horietako 27k proposatutako aldaketak onartzea. Ofizialtasunaren alde daude, Candelen arabera, Izquierda Unida, Podemos, «orain» PSOE, «eta Alvarez Cascosen alderdiak [FAC] bat egingo luke, ziurrenik». PP eta Ciudadanos kontra daude, eta aurrenekoek ofizialtasunaren kontrako ebazpen proposamen bat planteatu zuten legebiltzarrean, joan den azaroan. Ganberak ez zuen onartu. Javier Fernandez (PSOE) da Asturiasko presidentea, eta adierazi izan du legegintzaldi honetan bere alderdiak ez duela ofizialtasunaz eztabaidatzea proposatuko, argudiatuz hori ez dagoela haien hauteskunde programan. Adrian Barbon Asturiasko sozialisten buru berriak, aldiz, auziarekiko beste jarrera bat du.

Hurrengo hauteskunde autonomikoak 2019ko maiatzaren 26rako daude deituta, eta hizkuntzaren defentsarako elkartekoak nahiko luke horiek egin baino lehenago egotea erreforma proposamena mahai gainean. «Oraindik ez dugu Podemosek eta Izquierda Unidaren konpromisoa, baina manifestazioaren ondoren proposatzera ausartuko direla uste dut», azpimarratu du Candelek. Manifestazioa aipatuta, Gonzalez Riañok nabarmendu du 1995-2000 artean Asturiasen egin zituzten manifestazio handienak hizkuntzaren ofizialtasunaren aldekoak izan zirela.

Orduan baino jende gehiago dago, ordea, ofizialtasunaren kontra. Iaz kaleratutako ikerketa soziolinguistikoak dioenez, %25 guztiz aurka daude, eta beste %7 bat «partzialki». Akademiako presidentearentzat, kontra daudenek dituzten motibazioak ideologikoak dira. «Horrek nazionalismoa ekarriko lukeela, nazionalismoa txarra eta baztertzailea dela...». Arrazoiak «ekonomikoak» ere badira: «Garesti aterako dela, ez dela errentagarria, bizi dugun egoera prekarioarekin ez dela komeni horretan inbertitzea ...». Eta hori diotenei aurre egiteko, akademiak egin du ikerketa bat, eta ondorioztatu du ofizialtasuna onartzeak eta hori modu «zuhurrean» praktikan jartzeak autonomiaren aurrekontuaren %0,5a ez lukeela gaindituko. Candelek dioenez, «modu progresiboan» jarri nahi dute praktikan alderdi politikoek.

«Baserritar» izatearekin

Ofizialtasuna begi onez ikusten ez dutenen artean, gainera, joera bat nagusitzen da, XPDLLAkoaren iritziz: «Asturiera lotzen dute baserritarra, probintzianoa, izatearekin. Nahiz eta orain ez onartu, garai batean, are irakasleek, eskolan burla egiten zizuten asturieraz hitz eginez gero. Presio sozial horrek bere fruituak eman ditu».

1998ko legeak, ordea, ez du ofizialtasunaren aldeko fruiturik eman komunikabideetan duen presentziari dagokionez. Gonzalez Riañorentzat, «gutxi» du. Akademiak aldarrikatu zuen, esaterako, Asturiasko telebista publikoko albistegia, izan «eguerdikoa edo gauekoa», asturieraz izatea. «Aurrerapauso bat kontsideratuko genuke». Baina ez da hala izan.

Irakaskuntza publikoan, bestalde, curriculum irakasgai «borondatezkoa» da hizkuntza. Akademiako presidentearen ustez, haur hezkuntzan, sare publikoan, «ondo ezarrita» dago. Ez da gauza bera gertatzen, baina, bigarren hezkuntzan eta batxilergoan, ia «sinbolikoa» baita. «Erabileraren legeak dioenaren kontra, irakasgai hautazkoa da».

Paradoxikoa dirudien arren, gisa horretako erabakiek bultzatu dute, Gonzalez Riañoren aburuz, ofizialtasunaren aldeko babesean azkeneko urteotan gertatu den beherakada. «Soziologikoki interpreta daiteke jendea etsita dagoela, nekatuta, eskaera sozialak ez dituelako eman espero zituen fruituak». Alegia, orain horregatik dagoela jende gehiago «axolagabekeriaren posizioetan», akademiakoa presidenteak dioen moduan.

Babesten dutenen kopuru hori, %53 hori, «arduratzeko modukoa» dela uste du Candelek. «Izan ere, ofizialtasunak herritarren eskubideak babesten ditu». Hori dela eta, «lehentasunezkotzat» du asturiera salbatzea, eta ofizialtasuna baztertzeko argudio ekonomikoek darabiltzatenei ondokoa esango lieke: «Eskubideak aitortzen direnean inork ez ditu kuantifikatzen. Inork ez du galdetzen zenbateko kostua duen hezkuntza unibertsalak edo justiziarako sarbideak».

Eta hark esan bezala, 1998ko legea motz geratzen denez, elkarteak hauspotzen ditu mobilizazioak, musika jaialdiak, helduentzako eskolak, eta, besteak beste, kontzientziazio sozialerako kanpainak. Gonzalez Riañok, bere aldetik, asturieraz idatzitako literatura —«gure autoreetako batzuk hainbat hizkuntzatara itzulita daude»— eta musika goraipatu ditu. «Milioi bat biztanleko autonomia batean, datuak, kuantitatiboki interesgarriak dira». Hori bai, hizkuntza eta kultura baten desagerpenerako «erresistentzia fenomeno gisa» interpretatzen ditu.

Duela hogei urte, handiak izan ziren ofizialtasunaren aldeko mobilizazioak, baina Candelen esanetan, parlamentuaren orduko «konposizioak» ez zuen ofizialtasunerako erreforma ahalbidetzen. Oraingoak bai. Gonzalez Riañorentzat, ofizialtasuna da, «a priori», hizkuntzak bizirik irauteko duen helduleko bakarra. Asturias, beraz, ez dadila paisaia hutsean geratu. «Oso tristea litzateke».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Iaroslav Hunka SSetako kide ohia hunkituta, Kanadako legebiltzarkideen txaloak jasotzen, joan zen ostiraleko saioan. ©BERRIA

Kanadako Parlamentuko buruak kargua utzi du, Ukrainako nazi bati omenaldia egin ostean

Edu Lartzanguren

SSetako Galitzia Dibisioan aritu zen 98 urteko ukrainarra, eta Ottawako parlamentura gonbidatu zuten Volodomir Zelenski Ukrainako presidentearen bisitaren harira. Txaloka hartu zuten han nazi beteranoa, eta Parlamentuko buruak «heroi» bat gisa aurkeztu zuen

Emmanuele Macron Frantziako presidentea, Italiako presidente izandakoaren Giorgio Napolitanoren hiletan, atzo, Erroman. ©Riccardo Antimiani / EFE

Macron marra gorriak planteatzekoa da Korsikako Asanblean

Maddi Iztueta Olano

Frantziako presidentea ostiralera arte izango da Korsikan. Hitzaldi bat emango du uharteko asanblean, eta espero da mugimendu nazionalistak eskatutako autonomia legegilearen inguruan mintzatzea.

Suteak Mosul (Irak) inguruko areto bat kiskali du. ©EFE

Gutxienez ehun hildako Iraken, sute batean

Igor Susaeta

Ezkontza bat ospatzen ari ziren areto batean izan da; lehen ikerketen arabera, su festa baten ondorioz. Berrehun lagun baino gehiago zauritu dira.

Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaia gaurko inbestidura saioan, Espainiako Kongresuan. ©Juan Carlos Hidalgo / EFE

Feijook esan du berak ez diela uko egin bere printzipioei

Maddi Iztueta Olano - Gorka Berasategi Otamendi

Espainiako Kongresuan egin duten inbestidura prozeduraren lehen saioan, PPko presidentegaiak berretsi du amnistiak eta autodeterminazioak ez dutela tokirik bere gobernuan. Sei estatu itun eta bi neurri aurkeztu ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...