Bizkaiko metalaren komertzioak negoziazio kolektiboa azkartu du

ELAk eta Cecobik itunik gabe zeuden bi sektore handi arautu dituzte, 9.400 langilerentzat.

ELAren Maiatzaren Lehenaren manifestazioa, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
xabier martin
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Azkenaldi honetan, negoziazio kolektiboaren korapiloa ez da izaten ari beti bezain askaezina. Gipuzkoako eraikuntzan, ELA sindikatuak eta Adegi patronalak akordioa lortu zuten joan den astean. Aste honetan, berriz, beste bultzada handi bat jaso du, baina orain Bizkaian. Cecobi patronalak eta ELAk 9.400 langilerentzako baldintzak arautu dituzte bi itunen bidez. Metalaren komertzioaren ituna sinatu dute bi eragileek; 8.500 langileri eragiten die. ELAk ordezkaritza sindikalaren gehiengo absolutua dauka sektorean, eta bere kabuz sinatu du patronalarekin. Altzarien komertzioaren akordioa ere egin dute, eta itun horrek beste 900 langileren baldintzak arautuko ditu.

2009-2019ko iraupena dauka sinatu berritu duten akordio handiak, eta mugagabeko ultraaktibitatea. Hau da, 2009tik sektore bi horietako beharginak hitzarmenik gabe zeuden, eta sinatu berriak atzerapenen kopuruak finkatu ditu. 2009tik 2014rako tartean, urtero %0,10eko igoera jasoko dute langileek; 2015ean, %0,5ekoa; eta 2016an, %1ekoa. Joan den urterako, berriz, %2,2ko igoera itundu dute aldeek, eta aurtengo, %3,7. Akordioak arautzen duen azken urtean, 2019an, %1,75eko soldata igoera egongo da, betiere KPIa bermaturik dagoela. Horrez gain, Orpriceren mekanismoaren aurkako blindatzea jaso du itunak.

Altzariaren komertzioari dagokionez, 2009tik 2016rako tartean, %0,10eko igoera egongo da, urtero; 2017rako %1,44koa; 2018rako %0,99koa; eta 2019rako KPIaren %90. Aurten KPIaren azpiko igoera izango dute, eta 2019an ere bai. Baina antzinatasunari eutsi zaio. Halaber, lanaldia azken itunak jasotakoaren parekoa da (%5eko malgutasunarekin). Erretiroa hartutakoan jasotzen den saria galdu da, ordea; soilik 1967ko urtarrilaren lehena baino lehen kotizatzen hasi zirenentzat jarraituko du indarrean.

Bestalde, atzerapenak ez pagatzeko aukera izango dute bi urtez jarraian galerak pilatu dituzten enpresek; era berean, diru sarrerak txikitu badira edota lantaldea murriztu bada, enpresak ez ditu atzerapenak ordaintzeko obligaziorik izango. Baina hori gertatzen bada, lantaldeak ordainketa berezi bat jasoko du: 2008ko soldata baten %85.

Azken hiruhileko oparoa

ELA gustura azaldu da akordioarekin, 2009tik itun kolektiboa berritu gabe zeuden bi berreskuratu direlako. «Enpresa gehienak ez ziren ordainketak aurreratzen ari, eta langile gehienak 2008ko soldatak jasotzen ari ziren».

Hain zuzen, ELAk eta LABek itunen estatalizazioak dakarren galera nabarmentzen dute sarritan: euskal itunak galdutako sektoreetan beharginen soldatak eta, oro har, lan baldintzak okertzen dituzte Espainiakoek. Hutsune horiek euskal akordioekin betetzea beste erremediorik ez dago, hori gerta ez dadin, baina negoziazio kolektiboak bultzada handiagoa beharko luke euskal langileen baldintzak Madrildik arautzeari etena jartzeko.

Izan ere, azken bi urteetan estatuan sinatutako lan itunen hedapenak indarra hartu du. Otsailera arte, esaterako, askoz gehiago ziren aurten sinatutako itunetan Euskal Herritik at adostutako baldintzen eragina zeukaten langileak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Haatik, egoera aldatu da martxoan eta apirilean, eta bertan egindako negoziazioa «piztu» dela uste du LHK Lan Harremanen Kontseiluak.

Aspaldiko partez, sektoreko bost hitzarmen berri erroldatu dira. Eraikinen garbiketa Araban eta Bizkaian, eta eraikuntzakoa Bizkaian. Horiekin 25.000 langile ingururen baldintzak eta soldatak eguneratu dira, eta Euskal Herrian negoziatutako itunen pisua handitu da, nabarmen. Orotara, 28.000 langile baino gehiagok eguneratu dute euren lan egoera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan negoziatutako hitzarmenen bidez.

Joera hori indartu da maiatzean. Beste 22.000 langilerentzako sektore itunak sinatu dira. Araban, gizarte ekintzakoa. Bizkaian, metal merkataritzakoa, altzari merkataritzakoa eta gasolindegietakoa. Gipuzkoan, hoteletan, ehungintza merkataritzan, eraikuntzan eta gizarte ekintzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.