Israelek tiroz hil ditu hiru gazte kolonoen ustezko bi hiltzaile, Hebronen

Netanyahuren esanetan, «justizia» egin da.

Israelek eta Hamasek «zeharkako elkarrizketak» hasiko dituzte Egipton urriko azken astean

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2014ko irailak 24
«Odol hotzean egindako exekuzioa». Amar Abu-Eisharen eta Marwan Kwasmeheren atzoko hiletetan ehunka palestinarrek salatu zutena. Hebrongo kaleetan zabaldu zuten salaketa; hiletak bukatutakoan, liskarrak gertatu ziren Israelgo segurtasun indarren eta manifestarien artean, eta kautxuzko balak jaurtiz erantzun zuten haiek. Gutxienez 20 pertsona zauritu zituzten; bat, oso larri.

Abu-Eisha eta Kwasmeh bilatze eta atxilotze agindupean zeuden eskola erlijiosotik etxera bueltan zihoazen hiru gazte israeldar bahitu zituztela zabaldu zenetik. Eyal Yifrach, Gil-Ad Shaer eta Naftali Frenkel Gush Etziongo koloniatik (Zisjordania) gertu desagertu ziren, ekainaren 12an, eta, Israelgo segurtasun indarren arabera, atzo hildako bi palestinarren lana izan zen haiek atxikitzea eta hiltzea. Husam Kawasmeheri —atxilotua dute— egozten diote plana egitea. Atzo goizaldean, hain zuzen ere, Kawasmeheren hiru seme atxilotu zituzten Israelgo armadak, zerbitzu sekretuek eta eliteko indarrek elkarlanean egindako operazioan.

Shin Bet Israelgo zerbitzu sekretuaren arabera, «susmagarriak atxilotzea» zen helburua, baina tiroketa bat gertatu zen: «Tiroka hasi gara; erantzun egin dute, eta tiro artean hil dira».

Lekuko palestinarren arabera, israeldarrak hondeamakinekin agertu ziren, eta tiroka hasi ziren auzokoen protesta artean.

Protestak ez dira berriak Hebronen. Yifrach, Shaer eta Frenkel desagertu orduko, Israelgo soldaduek ehunka palestinar atxilotu zituzten. Ekain amaieran agertu ziren hiruren gorpuak. Hilketa Hamasek agindu zuela argudiatuta, Hegi Babesgarria operazioa abiarazi zuen Benjamin Netanyahu lehen ministroak, Gazaren aurka. Operazio haren ondorioz, bi milatik gora pertsona hil dira jada. «Israelgo justiziaren beso luzeak bere lana egin du», esan zuen Netanyahuk atzo.

Su-etena hizpide Egipton

Israelgo Gobernuaren eta indar palestinarren ordezkariek urriko azken astean su-etena egonkortzeko elkarrizketei berriz ekitea adostu zuten atzo Kairon, Izzat al-Rixaq Hamaseko kideak Maan agentziari adierazi zionez. Egiptoren bitartekaritzarekin, zeharkako elkarrizketak izango dira. Palestinarrek, su-eten iraunkor bat ezartzeko ez ezik, aireportu bat eta itsas portu bat eraikitzeko eta zigorrak bertan behera uzteko eskatu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna