Hong Kongen gogortu egin da manifestarien eta gobernuaren arteko pultsua

Exekutiboko buruak ez du eman dimisioa, manifestariek jarritako epea bete bada ere.

Elkarrizketa proposatu du, Txinaren lege erreformen barruan
Occupy Central-eko manifestariak, Hong Kongeko Gobernuaren egoitza aurrean.
Occupy Central-eko manifestariak, Hong Kongeko Gobernuaren egoitza aurrean. DENNIS M. SABANGAN / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko urriak 3
Txinako Herri Errepublikaren sorrera ospatzeko bigarren jai egunean, gogortu egin dituzte jarrerak Hong Kongeko Gobernuak eta demokrazia gehiagoren eske protestan ari diren manifestariek. Bart gauerdia arteko epea eman zioten —18:00 Euskal Herrian—Occupy Central mugimenduak eta Ikasleen Federazioak Leung Chun-Ying presidenteari kargua uzteko. Dimisioa eman ezean, gobernuaren eraikinak hartzeko mehatxua egin zuten. Eta, aurreko asteburuko liskarren mailara iritsi gabe ere, giroa asko berotu zen atzo Hong Kongeko kaleetan.

2017ko hauteskundeetan bozketa libreak eskatzen dituzte manifestariek, hautagaiek Pekinen galbahea pasa beharrik gabe. Kolonia britainiarra izateari utzi zionetik, gizarteko ehunka ordezkarik hautatu izan dute Hong Kongeko exekutiboa. Txinak duela hamar urte agindu zuen eredu berri bat, eta aurtengo udan sufragio unibertsala onartu zuen, baldintza batekin: hautagai izateko, Pekinek izendatutako batzorde baten oniritzia beharko da. Alderdi Komunistaren aldeko ez diren hautagaientzako harresi bat ikusi dute hor demokrazia gehiago eskatzen duten indarrek.

Iragan igandean hasi zituen Occupy Central mugimenduak protestak, eta hiriguneko lau puntutan banatuta, bide nagusiak itxi zituzten. Lehen unean manifestariei negarra eragiteko gasarekin eta kolpeka egin zieten aurre poliziek, baina horrek jende gehiago erakarri zuela ikusita, astelehenetik eraikin ofizialak babestera mugatu dira segurtasun indarrak. Gobernuaren eraikinak hartzeko mehatxuaren aurrean, baina, berriro istiluen aurkako baliabideak erabiltzeko prest agertu zen atzo Polizia.

«Berehala» protesta uzteko ohartarazi zien atzo goizean Hong Kongeko gobernuak manifestariei, eta hala egin ezean «ondorio larriak» izango zirela gaineratu zuen. Presidentearen dimisioa eskatzea alferrikakoa dela nabarmendu zuen Legebiltzarreko buru Tsang Yok-Singek: «Bera prest balego ere, Pekinek ez lioke utziko».

Leung Chun-Yingek, gauerdia iristear, kargua uztea baztertu eta elkarrizketa eskaini zien manifestariei. Betiere, Pekinen onartu duen lege erreformaren barruan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna