Erretaguardian ere borrokan

Estatu Islamikoak astebetean 159 lagun hil ditu Bagdaden, lehergailuekin egindako erasoetan
Badr milizia xiitaren buru Ahmed al-Khafajiren aldeko hileta, atzo, Bagdaden. EIk hil zuen herenegun.
Badr milizia xiitaren buru Ahmed al-Khafajiren aldeko hileta, atzo, Bagdaden. EIk hil zuen herenegun. ALI ABAS / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 16
EI Estatu Islamikoaren aurkako gerraren arreta nagusia borroka fronteetan dago, eta azken asteotan zehazki Siriako kurduen Kobane hirian. Baina aurrez aurreko borroketatik haratago, gerra erretaguardian ere hedatuta dago. Irakeko Bagdad hiriburuan, adibidez, astebetean 159 lagun hil dituzte lehergailuekin egindako atentatuetan, Iraq Body Count webgunearen arabera. AEBen inbasioaren arotik (2003-2011), atentatuak etengabekoak izan dira Bagdaden, baina ISk Iraken iparraldean eta mendebaldean hiriak inbaditu ondoren, erretaguardiarentzat arrisku berezi bat bihurtu dira halako erasoak; muturreko talde islamista sunitak Bagdad dauka jomugan, eta atentatuekin kaosa hedatu nahi du barrenetik.

Gerra taktika zaharra eta logikoa da etsaiaren gotorlekua barrenetik kolpatzea, kanpotik inbaditu nahi den bitartean. «Bagdad erabat segurua da, bai kanpoaldetik, bai erdigunean ere», adierazi zion herenegun Saad Maan brigadier-jeneralak Erresuma Batuko Sky kateari. Khadimiyah auzoan bonba-auto batekin egindako eraso suizidaren aitzinetik egin zituen adierazpen horiek. Gutxienez, 21 lagun hil ziren atentatu horretan, eta horien artean zegoen Ahmed al-Khafaji parlamentari xiita. EIk Interneten mezu bat argitaratu zuen geroago, atentatua bere gain hartu, eta helburua Al-Khafaji hiltzea zela azaltzeko. Haidar al-Abadi lehen ministroaren Zuzenbide Estatua koalizioko kidea zen Al-Khafaji, baina garrantzi handiagoa zuen bere bertze egiteko batek: Badr milizia xiitako buruzagia zen.

Iranen finantzaketarekin sortu zen Badr 1980ko hamarkadan, Iraken aurkako gerran. AEBen inbasioaren aldian, Baath alderdiaren boterea desegin eta herrialdeko botere korrelazioa gehiengo xiitaren aldera pasatu ondoren, milizia horiek indar handia hartu zuten, eta gaur egun EIren aurkako kontraerasoan garrantzi berezia daukate. Sunitek diote borroka horretan milizia horiek gehiegikeriak egin dituztela haien aurka —AI Amnesty Internationalek bat egin du salaketa horiekin—, eta Nuri al-Maliki lehen ministro ohiari egotzi izan diote talde horiei boterea ematea, estatuko indarren kaltetan.

Al-Anbar probintzia

EIk estatuko egitura ofizialei ere erasan die azken egunotan. Igandean, Ahmad Sadak al-Dulaimi mendebaldeko Al-Anbar probintziako Poliziaren burua hil zuen, haren lau bizkartzainekin batera. Probintzia hori bihurtu da, hain zuzen, Bagdaden arrisku nagusietako bat. EIk han hasi zuen lehenbiziko erasoaldia iazko abendu bukaeran, Falluja eta Ramadi hiriak hartuta. Erasoaldi handiena, iparraldekoa, ekainean hasi zuen Mosul hartuta, baina AEBen aireko esku hartzearen ondoren aitzinatze hori gelditu dute oraingoz. Al-Anbarren, ordea, joan den astean Hit hirian sartu zen EI, eta nazioarteko agentzien arabera, auzo bakarrari eutsi dio armadak. Bagdadetik 150 kilometrora dago; 300.000 biztanle dauzka, baina EIren erasoaldiaren ondorioz 100.000 errefuxiatu ere bazeuden bertan. Al-Anbarko hiriburua Ramadi da —Bagdadetik 100 kilometro baino gutxiagora—, eta iazko abendutik armadaren eta EIren arteko borrokaleku izan da. Tahsin al-Dulaimi Poliziako kapitainak Reuters agentziari adierazi dionez, atzo gauerdian muturreko islamista sunitek hiri osoa hartzeko saialdi bat egin zuten, baina ordu batzuen buruan armadak erasoa gelditzea lortu zuen. Jurf al-Sakhr eremura, berriz, bi batailoi eraman ditu armadak. EIren gotorleku den Falluja hiritik gertu dago —Falluja Bagdadetik 60 kilometrora dago—, eta xiiten Karbala hiri santurako bidea irekitzen du.

Ocalanen mezurik ez atzo

Siriako kurduen Kobane hirian, berriz, YPG Herriaren Babeserako Unitateek ekialdean aitzinera egitea lortu dute. YPGen bozeramaile Polat Canek Reutersi erran dionez, miliziak AEBekin koordinatzen hasi dira EIren aurkako aire erasoak egiteko. Turkiak Kobaneri ezartzen dion blokeoa dela eta, Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagi historikoak atzora arteko epea emana zion Ankarari bake prozesuarekiko konpromisoren bat erakusteko, bertzela su-etena haustearen alde mintza zitekeela ohartarazita. Espetxean daukate Ocalan, eta atzo ez zuen mezurik argitaratu. HDP Herriaren Alderdi Demokratikoak (Kurdistanen burujabetzaren aldekoak) jakinarazi du Irakeko Kurdistango Kandil mendietara ordezkaritza bat bidaliko duela PKKrekin elkartzeko, eta hilaren 21ean, berriz, Ocalanekin elkartuko direla espetxean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna