Ana Matori 'Gurtel auzian' «partaide eta onuradun» izatea egotzi dio epaileak

PPren ustelkeria auzian erantzule zibiltzat jo du Ruzek, eta dimisioa eman du ministroak.

Auzitegi Nazionaleko epaileak 43 inputatu auzipetu ditu
Ana Mato Espainiako Osasun ministroak dimisioa eman du.
Ana Mato Espainiako Osasun ministroak dimisioa eman du. EMILIO NARANJO / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko azaroak 27
Gurtel auziaren zati nagusiaren ikerketa amaitu du Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta PP alderdiari lotutako ustelkeria auziko 43 inputatu akusatuen aulkian esertzea proposatu du. Auzia prozedura laburtu bihurtzeko, 205 orrialdeko auto bat idatzi du, eta, Ana Mato Espainiako Osasun ministroa inputatuen artean ageri ez den arren, Ruzek ez du auzitik kanpo utzi: Jesus Sepulveda senar ohi eta Pozuelo de Alarcongo alkate ohiak ustez eginiko delituetan «irabazien partaide» eta onuradun gisa jo du Mato, eta ahozko epaiketan aulkian eseri beharko du. Ez akusatu gisa, baina bai erantzule zibil gisa. PP ere baldintza beretan mantendu du Ruzek. Matok dimisioa eman du, bere aurkako neurria «inork ez dezan erabili gobernuaren, presidentearen edo alderdiaren kontra».

Prozesura laburtua ezartzeko autoan —auzipetzearen parekoa—Gurtel sarearen aurreneko urteen ikerketa egin du Ruzek: Madril eta Gaztela eta Leongo erkidegoei eta Pozuelo eta Majadahonda (Madril) eta Esteponako (Malaga) udalei dagokiena. Auzitegi Nazionaleko epaileak aztertu dituen zantzuen arabera, Francisco Correa enpresaria —Don Vito ere deitzen diote— buru zuen sareak PPren ekitaldi eta hauteskunde kanpainak antolatzen zituen 1990eko urteetan, alderdi barruko kontaktuak adjudikazio publikoak lortzeko baliatuta. Correaren esanetara, sarearen negozioak ahalbidetu zituzten arduradun politikoek eta funtzionarioek «opariak» jasotzen zituzten laguntza horren truke.

Auzian nahasitako autonomia erkidego eta udaletako ordezkarien esku hartzeari esker, Correaren sareak adjudikazio eta kontratu «irregularrak» eskuratu zituen. Ruzek bere autoan jaso du Madrilgo erkidegoan bakarrik gutxienez 348 ekitaldi antolatu zituztela sare horretako enpresek, zuzenean edo zeharka.

Halaber, Ruzek uste du Correak bere sozietate sarea baliatzea ahalbidetu ziela zenbait hautetsiri, «legez kanpo eskuratutako funtsen titulartasuna eta jatorria ezkutatu ahal izateko».

Correaz gain, 43 auzipetuen artean daude Luis Barcenas, Alvaro Lapuerta eta Angel Sanchis PPko diruzain ohiak, Jesus Sepulveda Pozuelo de Alarcongo alkate ohia —Ana Mato ministroarekin ezkondua garai hartan—, Pablo Crespo Galiziako PPko Antolakuntza idazkari ohia, Ricardo Galeote Esteponako zinegotzi ohia, eta Alberto Lopez Viejo Madrilgo erkidegoko Kirol kontseilari ohia, horietako askoren emazteekin batera.

Ana Matori, zehazki, 55.439 euroko balioa luketen bidaia, opari eta ekitaldien «onuradun» izatea egotzi dio Ruzek, «berak bakarrik edo familiako beste kideekin batera baliatu zituenak».

Angel Acebes, libre

Angel Acebes Espainiako Barne eta Justizia ministro ohia zen Gurtel auziaren zati nagusian nahasitako PPko arduradun gorena. Baina Ruz epaileak kendu egin dio inputazioa, ez duelako frogatutzat jo Libertal Digital egunerokoaren akzioak PPren b kutxako diruarekin erosi zituztela.

Acebesek epailearen aurrean onartu zuen Libertad Digital-eko buruarekin bildu zela 2004an eta Lapuertari gero «aipatu» ziola egunerokoa inbertsore bila ari zela. Lapuertak eta Barcenasek deklaratutakoaren kontra, baina, PPko b kutxaren berririk ez zuela esan zuen Acebesek.