Hauteskunde aurreratuak ate-joka dauzkate Grezian

Bigarren ahaleginean ere Dimas presidente aukeratzea ez du lortu Samarasek.

Astelehenean du «arriskua saihesteko» azken aukera

Xabin Makazaga -

2014ko abenduak 24
Eurotaldeak Greziaren erreskatea bi hilabetez luzatzea erabaki ondoren, duela bi aste, erasora jo eta presidentea aukeratzeko bozak bi hilabete aurreratzea erabaki zuen Antonis Samaras lehen ministroak. Oposizioak, baina, troikaren markatze estuak eragindako itolarria atzean utzi nahi du, eta ND Demokrazia Berria alderdi kontserbadorea eta PASOK sozialista ataka zailean daude, ez baitaukate Stavros Dimas presidente izendatzeko nahiko babes. Aurreneko bi saioetan beharrezko berrehun botoetatik urruti geratu dira, eta azken aukera astelehenean dute: aldeko 180 boto lortu ezean, hauteskundeak aurreratu beharko ditu Samarasek. Eta inkestetan lehen indarra Syriza ezker erradikala ageri da, troikaren errezetak eta eurotaldearen murrizketak batere gogoko ez dituen alderdia.

Atzo egin zen Dimas presidente aukeratzeko bigarren bozketa Greziako Legebiltzarrean. 155 boto dituzte NDk eta PASOKek, eta 168 lortu zituen Dimasek: lehen saioan baino zortzi gehiago, baina ganberaren bi herenetatik urruti. Astelehenean beste hamabi boto gehiago lortzen ez baditu Dimasek, hilabete baino lehen bozak aurreratu beharko ditu Samarasek: urtarrilaren 25a eta otsailaren 1a artean.

Porrotaren atarian

Gobernuko bi indar nagusienaz gain —Dimar ezker moderatuko 9 diputatuek aurka bozkatu zuten— 25 legebiltzarkide independenteetatik 13ren babesa jaso zuen atzo Samarasen hautagaiak. Syrizak (71), Egunsenti Urrekara neonaziak (16), ANEL nazionalistak (12), KKE komunistak (12) eta Dimarrek (9) kontrako botoa iragarri dute astelehenean ere, eta, diputatu independente guztien babesa lortu ezean —edo beste alderdietan boto ihesen bat gertatu ezean— porrot nabarmena izango du Samarasek: Dimas presidente izendatzeko apustua galdu, eta, Greziako Konstituzioak agintzen duenez, hauteskundeak aurreratu beharko ditu, egoera ahulean.

Berez 2016ko ekainean egitekoak ziren Greziako Legebiltzarrerako hauteskundeak, baina, aulkia galtzeko beldur izan daitezkeen diputatu independenteen babesa irabazi nahian, Dimas presidente aukeratuz gero bozak 2015aren hasierara aurreratuko zituela hitzeman zuen joan den igandean Samarasek. Gobernu talde «zabalago bat» osatzea proposatu zuen, «europazale guztiak» bilduta, troikarekiko negoziazioak ixteko.

Atzoko bozketa galdu berritan, oraindik ere «arriskua saihestu» eta bozak hilabete barru egin beharrik ez izateko aukera ikusten duela esan zuen Samarasek, abstentzioa ez dela hain samurra izango adieraztearekin bat: «Greziar guztien estutasunari erantzun beharko diote diputatuek».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna