Siriako gerra. Errusiako herritarren jarrera

Errusiarrek bizi duten gerra

Munduaren salbatzailea, ala gezurti handi bat? Vladimir Putinek Siriako gerran esku hartzea erabaki izanak erreakzio kontrajarriak eragin ditu errusiarren artean.

OLATZ URKIA / BERRIA.
Olatz Urkia
Mosku
2015eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Hiru aste daramatzate pilotu errusiarrek Siriako zeruan, eta Moskuk gatazkan militarki esku hartzea erabaki izanak oihartzun handia eragin du: kritikak atzerrian, eta harrotasuna Errusian; baina baita mesfidantza eta haserrea ere. Errusiako hedabideen arabera, Siriako Gobernuak laguntza eskatu diolako hasi du operazio militarra Moskuk, eta «helburu bakarra» EI Estatu Islamikoari aurre egitea da.

Telebista piztu eta… Siria; Siria egunero. NTB kateak Defentsa Ministerioaren irudiak erakusten ditu: ez gerra batean espero daitekeen kaos sentsaziorik, bonbardaketa garbi zuri-beltzak baizik; juxtu helburura, akatsik gabe. Ondoren Errusiako Defentsa ministro Sergei Xoigu ageri da, Vladimir Putini operazio militarraren azken xehetasunak ematen: «Gaur lau itsasontzi misil-jaurtigailuk operazio militarra hasi dute 11 helbururi eraso eginez; 23 gerra hegazkinek ere airetik Estatu Islamikoaren baseak bonbardatzen jarraitzen dute. Orain arte helburu guztiak bete ditugu, eta ez da biktima zibilik izan». Andrei Karpatolov operazio militarren zuzendariaren hitzetan, Errusiak erasoa hasi «eta ikara zabaldu da terroristen artean»: jadanik 3.000 miliziano baino gehiagok beren posizioak abandonatu dituzte.

«Munduaren salbatzaile»

EI suntsitzeko AEB, Saudi Arabia eta beste herrialdeekin akordio bat egiteko prest dago Mosku; hala ere, Errusiarekin lehia izan duten herrialdeek ez dirudite Moskurekin bat egiteko prest. «Mendebaldeak beti kritikatzen du Errusia. Ez dut ulertzen zergatik kostatzen zaien hainbeste onartzea Errusia Sirian lortzen ari dena AEBek urte batean lortu dutena baino askoz gehiago dela», dio Vitalik, 31 urteko moskutarrak: «Errusiak mundua hiru aldiz salbatu du jada, mongolei, Napoleoni eta Hitlerri aurre eginda; eta orain laugarren aldiz ari da salbatzen, Estatu Islamikotik. Hori errespetatu eta eskertu egin behar da».

Vitalik bezalaxe, errusiar gehienek harrotasuna sentitzen dute telebistan soldaduak agertzen direnean: serio-serio gerra hegazkin ikusgarrien ondoan, bereziki Siriarako diseinaturiko uniforme beixa jantzita. Iritzi publikoa aztertzen duen Vtsiom agentziaren arabera, errusiarren %68 Siriako gatazkan parte hartzearen alde daude.

EI eta Afganistan

Hala ere, Vtsiomek azpimarratu du errusiarren %29k ez dutela Moskuk Siriako gatazkan parte hartzerik nahi, Estatu Islamikoak erantzun gogor bat emango duen beldur direlako. Urriaren 11n, hain justu, Poliziak hiriburuan ustez atentatu bat prestatzen ari zen txetxeniar talde bat atxilotu zuen.

Beldurrak asko dira, ez bakarrik ekintzaile jihadisten erasoekin. Moskuko Duvrovskaia plazan asteburuan egindako mitinean, pankarta batek islatzen zuen Siria entzutean errusiarrei burura etortzen zaien lehenengo amets gaiztoa: Afganistan.

Aleksandr Artemis aktibistak mikrofonoa hartu eta galdera bat bota die plazan bildu direnei: «Sirian gerra amaitzean esango al digute zenbat soldadu hil diren? Ez, estatuko sekretua da. Errusiak jadanik zenbat soldadu bidali dituen ikusita, niri Afganistan etortzen zait burura; ezin dugu ahaztu hura nola bukatu zen». 1979. urtean Sobietar Batasunak armada Afganistanera bidali zuen muturreko islamisten aurka borrokatzeko. Hamar urte geroago, sobietarrek Afganistandik alde egin behar izan zuten, 15.000 soldadu gutxiagorekin eta herrialdea islamista erradikalen esku utzita.

Mitinetan asko entzuten da errusiarrek ez dutela sinesten gobernuaren helburu bakarra EIren aurka borrokatzea denik. Arkadi Konoven iritziz, irudizko etsai batekiko beldurra sortu eta Errusia barneko krisia justifikatzeko baliatzen du gerra Putinek: «Gobernukoek Estatu Islamikoa munstroaz hitz egiten dutenean, atzean beste mezu bat entzuten dut nik: 'Eutsi', esaten digute, 'osasun sistema likidatuko dugu, soldata baxuak kobratuko dituzue… Baina eutsi, gerran gaude-eta, eta guk babestu ezean, terroristak iritsiko dira'».

Ludmila Nikolaevna ere «gezurrekin nazka-nazka» eginda dago: «Al-Assad legezko presidentea dela esaten digute. Gezurra! Diktadore bat da, gure ero hau bezalaxe!», dio, pankartan Putinen argazkia seinalatuz.

«Manipulazioa»

Nikolaevnak plazaren beste aldera begiratu du; jendea oihuka ari da, eta 30 bat urteko gizon bat inguraturik daukate: NTB telebistaren kamera darama sorbaldan, eta ingurukoen galdera amorratuen aurrean aurpegian ezaxola mantentzen saiatzen da: «Ez al dizu lotsarik ematen horrela zeure burua saldu izanak? Zenbat ordaintzen dizute errusiarrak itsutzeko? Zuek zarete Errusiaren arazo handiena, errealitatearen manipulatzaileak!».

Nikolaevnak dio NTB eta haren gisako komunikabideen erruz bizi direla errusiarrak «engainupean». Jendea aztoraturik dago, kamerariari joan dadila esaten diote; Polizia ere bultzaka sartu da erdira. Mitinaren antolatzaile batzuk haserretu egin dira lagunekin: «Baina zertan ari zarete? Ez al gara gu bakezaleak?». Mitina bukatutzat eman eta sentsazio arraro batekin banandu dira.

Bitartean, gehienek bizitza normala egiten jarraitzen dute. Katiak, 40 urteko itzultzaileak, ulertzen du NTB katearekiko gorrotoa: «Egia da oso telebista faltsua dela». Hala ere, bera ez da mitinera etorri: «Zertarako? Zenbat bildu dira oraingoan? 300 bat, irakurri dut. Ez dut gustuko guztiaz kexatzen diren horiek besteok tuntunak bagina bezala hitz egitea. Ni Siriako gatazkan parte hartzearen alde nago, baina horrek ez du esan nahi itsua naizenik: ikusten ditut krisia eta arazo asko, baina ikusten ditut Errusiak azken hogei urteetan lortu dituen gauza onak ere. Gerra ez dut gustuko, baina Estatu Islamikoaren aurka borrokatzea egin beharreko zerbait da. Argi dago Errusia nazioarteko funtsezko jokalari bat dela, eta, horregatik, gure partaidetza saihetsezina da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.