Putinek agindu du Egipton A321a eraitsi zuten guztiak «bilatu eta akabatzeko»

Kremlinek baieztatu du atentatu baten ondorioz erori zela hegazkina Sinaiko penintsulan.Trilita arrastoak topatu dituzte hondakinetan

Parisko erasoengatik minutu bateko isilunea egin zuten Errusiako segurtasun batzordean. ALEXEY NIKOLSKY / SPUTNIK-KREMLIN.
Xabin Makazaga.
2015eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Sinaiko penintsulan Metrojet konpainia errusiarraren Airbus 321 hegazkina erori eta hamazazpi egunera, Kremlinek onartu du 224 bidaiariren heriotza eragin zuen ezbeharra atentatu bat izan zela. «Hegaldian 1,5 kilo trilitaren potentzia zeukan lehergailu batek eztanda egin zuen; horren ondorioz, airean desegin zen hegazkina», jakinarazi du Aleksander Bortnikovek, FSB Informazio Zerbitzu Federaleko buruzagiak (KGB ohia). Urriaren 31ko atentatuarekin zerikusia duten guztiak «bilatu eta akabatzeko» agindu du Vladimir Putin Errusiako presidenteak.

Xarm el-Xeikheko aireportutik (Egipto) irten eta 23 minutura jo zuen lurra Sinaiko penintsulan Metrojet konpainiaren A321 hegazkinak. Erresuma Batuak aurrena eta AEBek segidan, hasieratik haizatu zuten atentatu baten hipotesia, baina informazio zehatzik eman gabe. Errusiak nabarmendu zuen ikerketa ofizialaren emaitzen zain egon behar zela, eta atzo arte ez zuen baieztatu «eraso terrorista batek» eraitsi zuela hegazkina.

Errusiako Gobernuko, armadako eta zerbitzu sekretuetako buruek atzo egin zuten bilera A321 hegazkinari buruzko ikerketak aztertzeko; eta, atentatu batek eraitsi zuela jakinarazi ostean, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak jakinarazi du erasotzaileei «mendekua saihetsezina» dela ulertarazteko neurriak agindu dituela Putinek: «Behar diren neurri guztiak hartzeko agindu die presidenteak zerbitzu bereziei, atentatu lazgarri horrekin zerikusia duten guztiak identifikatu, mundu guztian haiek bilatu —diren tokian direla eta horretarako behar den denborari erreparatu gabe— eta den-denak akabatzeko».

Erasotzaileak atxikitzeko, Putin prest dago Errusiako eliteko indar bereziei atzerrian operazio militarrak eginarazteko. Izan ere, Nazio Batuen Estatutuko 51. artikulua aipatuta, Errusiak bere burua defenditzeko eskubidea duela eta «nazioarteko zuzenbidearen arau eta oinarriak zorrotz betez, terrorismoari aurre egiteko behar diren neurri guztiak» hartuko dituztela iragarri du Errusiako presidentearen bozeramaileak.

Putinek berak ere agindu du A321 hegazkinaren kontrako atentatuaren egileak zigortuko dituztela: «Gure jendearen hilketa Sinain, biktima kopuruagatik, krimenik odoltsuenetako bat izan da. Malkoak ez ditugu erauziko gure arima eta bihotzetatik; hori betiko izango dugu gurekin. Baina ezerk ez digu eragotziko errudunak bilatu eta zigortzea».

Parisko erasoen ostean, eta Egiptoko hegazkina atentatu batek eraitsi zuela onartu berritan, Errusiako toki publikoetan segurtasun neurriak zorroztu dituztela jakinarazi du Vladimir Kolokoltsev Barne ministroak.

Egipto, oraindik uzkur

Errusiak A321 hegazkina lehergailu baten eztandak eraitsi zuela onartu arren, ezbeharraren arrazoiak oraindik ez direla argitu zehaztu du Egiptoko lehen ministro Xerif Ismailek. Halaber, Egipto buru duen nazioarteko ikerketa batzordeak ez duela ezbeharraren arrazoia baieztatu nabarmendu du Abiazio Zibileko ministro Hussam Kamalek. Xarm el-Xeikhen bildu zen atzo Egiptoko Gobernua, lasaitasun mezua emateko. Turismoaren jaitsierak 254 milioi euroren galerak eragin ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.