Clinton: «Garaipena bistan da»

New Yorkeko emaitzak eskura jarri dio demokraten hautagaitza. Trumpek ere erraz irabazi du

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2016ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Bernie Sanders hautagai demokratak dena eman du New Yorkeko primarioetan; esanguratsua da Hillary Rodham Clintonek baino diru gehiago erabili duela kanpaina egiteko estatu horretan, baina ahalegin guztiak ez dira nahikoa izan: botoen %42,1 lortu ditu—Clintonek %57,9—; eta Vermonteko senatariarentzat amaiera ez bada ere, Clintonek hautagaitza eskuratzeko geratzen zaion «azken txanpa» bera du, baina erretiratzeko. Ezustekorik ez bada, Clinton izango da azaroko presidentetzarako hauteskundeetan demokraten hautagaia.

Alde errepublikanoan, berriz, Donald Trumpek arnasa hartu du, azkenaldian izan duen gainbeherari aurre egin baitio, eta New Yorkeko ordezkari guztiak bereganatu ditu, botoen %60,5 lortuta. Ted Cruz bigarren doan hautagaiak, botoen %14,5 besterik ez du lortu —John Kasichek %25,1—. Emaitzak indarra eman dio Trumpi datozen asteetan ipar-ekialdeko eta kosta atlantikoko estatuetako primarioak bereganatzeko, baina ez da erraza izango.

Trumpek bere alderdiaren hautagaitza lortzeko bide zaila du, arerioak ahul dauden arren,alderdi errepublikanoa ahaleginak egiten ari baita bere bidea oztopatzeko. Luze jo dezake errepublikanoen arteko borrokak, alderdiaren uztaileko biltzarrera arte, baina dagoeneko Trump esaten hasia da ez litzatekeela «justua» izango ordezkaritza gehien edukita iritsi eta bera ez izatea hautagaia: «Biltzarrera irabazle moduan iritsiko gara, eta inork ezingo digu kendu hautagaitza». Aukeraketa sistema «usteldua» dagoela iritzi dio. Biltzar horretara nahikoa ordezkaririk gabe iritsiko balitz, alderdiak beste hautagai bat proposa lezake, eta Trump ez den beste ordezkaribat nahi lukete alderdiko buruek.

Clintonek ez du horrenbeste itxoin beharko, Sandersek uda arte geratzen diren hemeretzi ekitalditan aise irabazten ez badu behintzat —ez da ezinezkoa, baina oso zaila da—. «Garaipena bistan da», esanez agurtu ditu bere jarraitzaileak New Yorken irabaziostean, baina Sandersen itzala dauka oraindik, eta inor gutxik espero zuen New Yorkera iristerako oraindik erabaki gabe izatea presidentegaia. Datorren astean Pensilvanian eta ekainaren hasieran Kalifornian dauzkaten ekitaldietan gera daiteke erabakita hautagaitza.

Ikuskizunaren amaiera

Donald Trumpen eta Hillary Clintonen garaipenek gertuago jarri dute AEBetako primarioen ikuskizunaren amaiera, baina primarioen boto-emaileez harago, ezkortasuna eta deskontentua da nagusi estatubatuar gehienen artean.

NBC News-ek eta The Wall Street Journal-ek kaleratu berri duten inkesta batek datu kezkagarriak eman ditu. Galdetutakoen artean %68k ez liokete sekula botoa Trumpi emango; gauza bera pentsatzen dute %61ek Ted Cruzi buruz, eta %58k Clintonez. Ikuskizun mediatiko bilakatu dira hauteskundeok, eta zirkuak herritarren mesfidantza areagotu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.