Erreferendumaren galdera eta data auzitara eraman ditu Kataluniako Fiskaltzak

Hautetsontziak lizitatzeagatik Borras Gobernazio kontseilariaren aurka jarritako kereila zabaldu du fiskalak. Borras: «Ideiak epaitu nahi dituzte»

Carles Puigdemont presidentea eta gobernuko eta parlamentuko kideak, herenegun, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA / EFE.
mikel rodriguez
2017ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Kataluniatik jasotako kritikei entzungor, Espainiak tinko eutsi dio burujabetzaren inguruko eztabaida auzitegietan korapilatzeko bideari. Meritxell Borras Kataluniako Gobernazio kontseilariaren aurkako kereila zabaldu du Kataluniako Fiskaltza Nagusiak, independentziari buruzko erreferendumaren data eta galdera sartzeko. Borrasen aurka maiatzaren 16an paratu zuen kereila, hautetsontzien erosketa lizitatzeagatik. Fiskaltzak adierazi duenez, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak joan den astean galdera eta data iragarri izanak «zalantzarik gabe» erakusten du lizitazioa egiteko helburua «legez kanpoko erreferendum batera deitzea» dela. Borrasek salatu du Fiskaltzak «ideiak» epaitu nahi dituela, «ez ekintzak».

Fiskaltzak Kataluniako Auzitegi Nagusian aurkeztu zuen kereila maiatzaren 16an, eta hark ez du tramiterako onartu oraindik. Puigdemontek joan den ortziralean jakinarazi zuen erreferenduma urriaren 1ean egiteko asmoa dutela. Nahi duzu Katalunia estatu independente izatea errepublika gisa? izanen da galdera. Gobernuak, baina, adierazpen soil bat egin zuen, ez zuen datarekin eta galderarekin legezko prozedurarik abiatu inon. «Hilaren 9an egin zen iragarpenak juridikoki baloratu litekeen ebazpenik ez badu ere, zalantzarik gabe garrantzi handiko datua da hornitu nahi den materialaren legez kanpoko helburua zehazteko», adierazi du Fiskaltzak kereila zabaltzeko aurkeztutako idazkian. Horrez gain, igandean ANC Biltzar Nazional Katalanak, AMI Kataluniaren Independentziarako Udalen Elkarteak eta Omnium Culturalek antolatu zuten ekitaldia ere aipatzen du Fiskaltzak. «Kereilatuak [Borrasek] eta gobernuko gainerako kideek parte hartu zuten, eta ortziralean hartutako erabakia berretsi zuten».

«Txalo bat», fiskalari

Borras harritu egin du igandeko manifestazioa aipatu izanak, eta defendatu du hautetsontziak lizitatzeko prozedura «guztiz legezkoa» dela. «Kasualitatez, Europak Espainiako Justiziari Atutxa kasuarengatik kolpe bat eman dionean jakinarazi dute kereila zabalduko dutela».

Kataluniako Fiskaltzaren azalpenei ironia erabiliz erantzun die CUPek. «Hautetsontziak, begi-bistakoa denez, erreferendumerako dira. Txalo bat Fiskaltzarentzat», adierazi du Mireia Boya diputatuak. «Harrituko ginateke erreferendum batentzat izan beharrean, hauteskunde autonomiko batzuentzat balira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.