Indigenen jatorriko lurrak haienak direla ebatzi du Brasilgo Gorenak

Mato Grosso estatuko gobernuak kalte-ordainak eskatu zituen, lurren «jabe» gisa. Indigenek garaipentzat hartu dute auzitegiaren erabakia, baina Aldi Baterako Markoa arauaren beldur dira

Herenegun Brasilian bildu ziren indigenetako batzuk, Brasilgo Auzitegi Gorenaren ebazpena ospatzen. JOÉDSON ALVES. / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
«Lurrak ez ziren Mato Grosso estatuarenak, horietan aspalditik bizi direlako herri indigenak».Argia da Brasilgo Auzitegi Gorenak herenegun emandako ebazpena. Beraz, 1988ko konstituzioak ezarri moduan, estatuak indigenei lurrak ematea berretsi dute, aho batez, auzitegiko zortzi magistratuk. Xingu parke naturaleko lurrei dagokie auzia, eta Mato Grossoko Gobernuak lur horien «jabetzat» du bere burua. Horregatik eskatu zion 544 milioi euroko kalte-ordaina Brasiliari, baina gorenaren erabakia Mato Grossoko agintarien kontrakoa da, eta, horrenbestez, kalte-ordaina ordaindu beharko dutenak haiek dira: 27.000 euro Brasilgo Gobernuari. Indigena talde batzuk bildu ziren herenegun Brasilian, eta haientzako «jatorrizko herrien garaipena» da ebazpena. Michel Temer Brasilgo presidentearen gobernuak, baina, Aldi Baterako Markoa araua lege bihurtu nahi du, eta indigenak beldur dira, horionartzeak herrialdeko indigena askoren iraupenari zuzenean eragin diezaioke eta.

Konstituzioak dio, eta hainbat ebazpenek, gainera, hala berretsi izan dute, lurrak aspalditik horietan bizi izan diren tribuei eman ahal dizkiola estatuak. Baina Brasil da munduan kafe, azukre eta sojarik gehien esportatzen duen herrialdea, eta, beraz, nekazaritza industria indartsua dauka. Horrek lurren jabetzaren inguruko borrokak sorrarazi ditu 1988 urriaren 5ean konstituzioa ezarri zutenetik, eta Aldi Baterako Markoa arauaren onarpenak areagotu egingo lituzke. Izan ere, Temerrek, nekazaritza industriaren lobby-aren babesarekin —ruralistak deitzen zaie—, lege bilakatu nahi du, eta horrek indigenen lurrak zedarritzeko modua aldatuko luke. Ezarri nahi duten arauaren arabera, indigenen lurrak kontsideratuko dituzte, konstituzioa onartu zenean horietan bizi baldin baziren indigenak beraiek. «Hegoaldeko Mato Grossorako ruralistek pentsatutako tranpa bat da, data horretarako kanporatuta baitzeuden, eta indigenen historia ez da 1988an hasten», adierazi dio Marcos Homero antropologoak, El Mundo egunkariari.

Ruralistek, hain zuzen, estatu hori daukate begiz jota. CPT Lurraren Pastoraltza Batzordearen ikerketek diote herrialdeko indigenen %70ren iraupenari eragingo liokela legearen ezarpenak. Batzuek, baina, ez diote horri erreparatzen. «Gure lurretatik atera eta lanean hasi beharra daukate indigenek; gu gara Brasili hazten laguntzen diogunak», esan izan du Lucio Damaila Dorados sindikatu ruralistaren presidenteak.

Gorenak esku artean dauka botereak bultzatu nahi duen lege berriaren aurkako helegitea, baina herenegun ez zuen ebazpenik eman. Indigenen hainbat talde bildu dira horren kontra egiteko, eta haien leloak zera dio: «Gure historia ez da 1988an hasten». Gizarte zibila eta gobernua bera sentsibilizatu nahi dute mezu horrekin.

Abuztu hasieran manifestazioa egin zuten Brasilian, Auzitegi Gorenaren kanpoaldean, eta, besteak beste, Currupixa Pataxo mintzatu zen, Xando eskualdeko indigena: «Lege horrek zuzenean eragiten die gure eskubideei, eta latifundistei aukera eman zedarrituta dauden lurrak inbaditzeko. Gu geu gara geure lurren jabeak».

Datu ofizialek diote Brasilen indigenen 600 erreserba daudela—109,6 milioi hektarea—, eta 227etniatako 480.000 bat kidek bizi dituztela. Eta lurraren jabetzagatiko liskarrek gora egin dute:CTPren arabera, iaz 61 hil zituzten istiluetan, eta 1.536 auzi zenbatu zituzten. 1985etik, ordea, 1.834 dira hildakoak, baina soilik 31 pertsona kondenatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.