Deserrian eta negu hotzean

Libano da proportzionalki errefuxiatu siriar gehien duen herrialdea; 1,2 eta 1,5 milioi artean eduki izan ditu. Bekaa ibarrean, bizi baldintzak gogortu dira neguan.

Bekaa ibarreko mendien inguruan bat-bateko kanpalekuak eraiki dituzte errefuxiatu siriarrek. Behin-behinekoa zena betikotzen ari da. PABLO GARCIA SACRISTAN.
Baldesca Samper
Yomounne
2018ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Ghada da zaharrena. Semea erraina eta bilobekin dago.Alepo utzi zutela badira hiru urte, eta amonak bi hilabete daramatza «etxetik» atera gabe. Olanez eta ehunez egindakoa da etxea. Negu gorria iritsi da. Eta hotzez dago. Gau eta egun. Diabetesarentzako botikarik ere ez du jaso aspaldian eta itsu geratu da. Jaioterrira itzultzen bada, dio, ez du atzean utzitakoa ikusiko, ez, bederen, gerrak eragindako hondamendia.

Libanoko Bekaa ibarrean babestu diren milaka errefuxiatu siriarretako bat da Ghada. Alepo, Raqqa eta Homs hirietatik ihes egindakoak dira gehienak. Muga zeharkatu eta bat-bateko kanpalekuz zipriztindu dute harana. Litani ibaiaren ertzetan, errepideen eta bidaxken alboetan, zutitu dituzte etxolak, berez gerra azkar amaituko zen esperantzarekin, baina behin-behinekoa zena betikotzen ari da.

Yomounneko gunetik gertu beste kanpaleku bat dago. Siriako 50 familia elkartu dira hemen, 300 bat lagun, haurrak gehienak, oinutsik asko. Alepotik ihes egindakoak dira. Samirrentzat, bigarren negua da kanpalekuan. Pozik da lehen elurtearekin, izugarri gustatzen baitzaio elurrezko bolak jaurtitzea eta panpinak egitea, baina gauetan hotzez dardaraz egoten dela dio 8 urteko haurrak, oinetan txinalak dituela. Anaiarekin egin zuen ihes. Bakarrik daude.

Mohamedek, Ahmadek eta Samerrek zorte handiagoa izan dute. Bizirik dituzte gurasoak. Samer, sendiko txikiena, kanpalekuan bertan jaio zen. Ahmad, erdikoa, zeharkaldian.

Ibar emankorra

Libano da gerra hasi zenetik errefuxiatu siriar gehien jaso duen herrialdea; 1,2 eta 1,5 artean eduki izan ditu, baina Nazio Batuen Erakundearen arabera, urte amaieran milioitik behera jaitsi da kopurua. Bekaa ibarrean babestu dira gehienak, herrialdearen ekialdea zeharkatzen duen 120 kilometroko lur emankorra, ezen udaberrian barra-barra egiten du euria eta neguan mara-mara elurra. «Munduan kilometro koadroka errefuxiatu dentsitate handiena dago hemen». Saadedine Maiata Qab Elias hiriko alkatea da. Siriako mugatik gertu egoteak errefuxiatuen oldea ekarri duela dio. «Matxinoen esku zeuden eremuetatik etorri dira, eta denek dute familian hildakoren bat edo borrokan ari den bat».

Qab Elias, Zahle, Al-Faida, Duris eta Majdaun hirien kanpoaldean eraiki dituzte gune handienak, bat-batean, iritsi ahala, baina badira ere mendietara doazen bidaxken aldeetan aterpea hartu dutenak. Umeak erruz ikusten dira horietan ere. Umezurtzak asko. Mazen ilobekin dago. Gurasoak gerran hil zituzten, eta orduan hartu zuen txikien ardura. «Umeekin nagoenean irribarre egiten saiatzen naiz, ez dut nahi ni triste ikustea, baina bakarrik nagoenean behea jotzen dut». Raqqatik egin zuen ihes Libanora. Alari otoi egiten dio beste inoiz eta beste inon gerrarik ez izateko.

Apenas geratzen den gobernuz kanpoko erakunderik inguruan.UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak aste honetan bertan ohartarazi duenez, herrialdean dauden errefuxiatu siriarrak «kalteberatasun larrian» daude, eta, haien premiak asetzeko, 2.700 milioi dolar behar dira. Iazko abendura arte nazioarteak hitzemandako laguntzaren %36 baino ez zen iritsi, eta familia errefuxiatuen %70 pobre bizi dira.

Ataka zaila

Libano bera ataka zailean jarri du siriarren exodoak. Libanon, lau lagunetik bat errefuxiatua da, izan ere, 2011n, gerra hasi zenean, bost milioi biztanle ere ez zituen herrialdeak; mila biztanleko 183 errefuxiatuak dira. Saadnayel eta halako herrixketan, errefuxiatuak bertakoen bikoitza dira.

Hasieran elkartasun sentimendua nagusi zen libanoarren artean, baina, urteak igaro ahala, egoera zaildu egin da, eta errefuxiatuek lana kentzen dietela esaten hasi dira —langabezia tasa %30ekoa da Libanon—, etxeen alokairua garestitzen ari direla, lapurretak ugaritzen, eta baliabideak agortzen. Neguan, esaterako, argindar eta ur eskasia arazo bihurtu da. Bertakoentzat, eta deserrian daudenentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.