Atzetik aurrera egin behar

Munduko Ziklo-kros Txapelketa jokatuko da asteburuan. Lau euskal herritar ariko dira: Olatz Odriozola, Aitor Hernandez, Javier Ruiz de Larrinaga eta Luisa Ibarrola.
Aitor Hernandez eta Olatz Odriozola, ahalegin betean, denboraldi honetako lasterketa batean.
Aitor Hernandez eta Olatz Odriozola, ahalegin betean, denboraldi honetako lasterketa batean. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS-BERRIA

Eñaut Agirrebengoa

2018ko otsailak 2
Errepideko txirrindularitzan tradizio handiko udalerria da Valkenburg (Herbehereak). Besteak beste, bost Munduko Txapelketa antolatu ditu, eta urtero bertan bukatzen da Amstel Gold Race klasiko ospetsua. Bada, asteburu honetan ziklo-kroseko Munduko Txapelketaren egoitza izango da lehenbizikoz. Estreinaldia Valkenburgentzat, baita Olatz Odriozolarentzat ere (Urnieta, Gipuzkoa, 1983). Urteetako ahaleginak saria ekarri dio azkenean, eta aurrenekoz ariko da. «Ilusio eta gogo handiarekin» dago, eta helburua garbi dauka: «Asko kostatu zait honaino iristea, eta lasterketaz gozatu egin nahi dut. Gauzak ondo egin izanaren sentsazioarekin itzultzea gustatuko litzaidake».

Amaierako postuari bainoago, sentsazioei egingo die jaramon. Ez daki zer maila eman dezakeen, ez baitu «erreferentzia garbirik». Ordea, jakina da ia ezinezko izango duela onenen multzoan sartzea. Irteera ordena UCIren sailkapenaren araberakoa izaten da, eta 117. postuan dago Odriozola. Izan ere, atzerrian gutxi lehiatu da, eta punturik apenas lortu duen. Hala, oso atzetik atera beharko da. Egoera bertsuan dago Aitor Hernandez (Ermua, Bizkaia, 1982). 68. postuan dago UCIren sailkapenean, elite mailan; beraz, hura ere atzetik aurrera egin beharrean izango da, bere mailako ziklistengana iritsi arte. «Zure ahala ez da lasterketan islatzen, eta pena da. Ahal dudan lanik onena egiten saiatuko naiz, eta ea noraino irits naiteken. Ziklisten erdia aurreratu, eta 30 onenen artean sartuta, pozik izango naiz».

Odriozolak ez bezala, Munduko Txapelketetan badu eskarmentua Hernandezek: seigarren aldia izango du. Emaitzarik onena 2013an lortu zuen, 23. postuan sailkatuta. Posible ote du marka hori ontzea? Ermuarrak ez du horretarako aukerarik ikusten: «Bost urte igaro dira ordutik, eta urtero ziklista berriak iritsi dira. Gazteen belaunaldi indartsua dago orain, Mathieu van der Poel, Wout van Aert eta enparauekin. Lehen 50 bat ateratzen baginen, orain 80 bat gaude». Hori bai, «sentipen onekin» iritsiko da igandeko probara, «sasoi erregularra» osatu eta gero. Bederatzi garaipen lortu ditu, tartean Euskadiko Txapelketa, eta hogei bider zapaldu du podiuma; kasurako, hirugarren egin zuen Espainiako Txapelketan. «Aurreko urteetan baino hobeto ibili naiz denboraldi honetan. Ea igandean ginga jar diezaiokedan».

Odriozolarentzat ere sasoi berezia izan dau aurtengoa. Udan istripu larria izan zuen lanera motorrean zihoala, eta hiru ebakuntza egin behar izan zizkioten, bi besoan eta bat hankan. Litekeena zen denboraldirik gabe gelditzea, baina ahaleginak eta bi egin ondotik, senda-agiria eman zioten abenduaren 7an. Sufritzea tokatu zitzaion Ametzaga eta Igorreko probetan. Hurrena, Euskadiko Txapelketan hartu zuen parte. «Hamabost egun eskasez entrenatuta» iritsi zen proba hartara, baina horrek ez zion eragotzi elite mailako txapela janztea. «Eta sentipenak oraindik ez ziren onak. Euskadiko Txapelketa ez zen helburua, Espainiakoa baizik. Prestatzeko denbora gutxi nuenez, karga handia sartu zidaten, eta nekatuta iristen nintzen lasterketetara».

Brontzezko domina irabazi zuen Espainiako Txapelketan, eta azken asteetan Munduko Kopako bi probatan hartu du parte. «Horrek atzerriko lasterketetako erritmo bizira egokitzeko balio izan dit». Sasoia ohi baino beranduago hasi zuenez, «fresko eta gogotsu» iritsiko da Munduko Txapelketara. Odriozola eta Hernandezekin batera, beste bi euskal herritar ere lehiatuko dira: Javier Ruiz de Larrinaga gizonezkoen elite mailan, eta Luisa Ibarrola 23 urtetik beherako emakumezkoekin.

Zirkuituak 3.350 metro ditu, eta malkartsua bezain teknikoa da: aldapa pikoak ditu, baita kontraperalteak eta hondar eta lurrezko zatiak ere. Horretaz landa, eguraldiaren iragarpenak ez badira tronpatzen, lokatzik ez da faltako. Beraz, lasterketa gogorra eta motela izatea espero da. Baldintza horiek ondo datozkie Odriozola nahiz Hernandezi. Gizonezkoetan, Van der Poel herbeheretarra da faborito nagusia, eta emakumezkoetan, berriz, Sanne Cant flandriarra. Biek ala biek Munduko Kopa irabazi dute berriki.

Hutsunea harrobian

Ziklo-krosaren alde distiratsu eta xarmantena biziko dute asteburu honetan euskal txirrindulariek. Ordea, etxean oso bestelako egoera dute. Odriozolaren aburuz, maila asko jaitsi da azken urteotan. «Lasterketak eta partaidetza gutxitzen direnean, maila ere halabeharrez jaisten da». Horrekin batera, harrobi mailan hutsune handia dagoela uste du. «Ziklokrosa ez dago ondo ikusita, batez ere errepideko txirrindularitzan dabiltzan gazteen artean. Orduan, harrobia ez bada ondo lantzen, gero ezin dira txirrindulari onak eduki».

Uste berekoa da Hernandez; haren iduriko, apenas dagoen inor beteranoei erreleboa emateko. «Elite mailaren buruan Larrinaga eta biok gaude, baina gure bukatzen ari da gure ibilbidea. Ez dakit zenbat urte geratzen zaizkigun, eta atzetik jende gutxi dator, hutsunea baitago harrobian. Errepideko taldeek ez dute baimenik ematen, eta hori baldintzatzen ari da egoera».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna