Schulzek uko egin dio ministro karguari, SPDren barneko presioen ondorioz

Alemaniako Atzerri ministro izatekoa zen sozialdemokraten burua, Angela Merkel kantzilerraren CDU alderdiarekin akordioa egin ondoren

Angela Merkel eta Martin Schulz, joan den asteazkenean, Koalizio Handia osatzeko akordioa aurkezten. HAYOUNG JEON / EFE.
mikel rodriguez
2018ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Alemanian gobernua osatzeko prozesuak bertze ezusteko handi bat jaso du. Martin Schulz SPD alderdi sozialdemokratako buruak atzo jakinarazi zuen ez duela Atzerri ministro kargua hartuko. Angela Merkel kantzilerraren CDU Batasun Kristau-Demokratarekin hitzartu zuten joan den asteazkenean gobernuko koalizio bat osatzea. Ministerioen banaketan, Schulzi Atzerrikoa ematea erabaki zuten. Gobernuko koalizioa gauzatzeko, ordea, SPDko militanteek erreferendum batean bozkatu behar dute sinatutakoa onartzen duten ala ez, eta Schulzen hainbat erabakik haserrea sortu dute bai koalizioa egitearen aldekoen, bai aurkakoen artean. Gainera, alderdiko presidentetzarekin zer gertatuko den ez da argitu, Atzerri ministro kargua hartzeko Schulzek jakinarazi baitzuen SPDren buruzagitza utziko zuela, eta ordezkoa ere aurkeztu zuten. Oraindik, baina, Schulz da jarduneko presidentea.

«Politika egiten dugu herrialde honetako jendearentzat, hortaz, nire anbizio pertsonalak alderdiaren interesen gibeletik daude», adierazi du Schulzek ohar batean. Alegia, hark hartutako erabakien inguruko eztabaida bukatu nahi izan du gobernuan sartzeari uko eginda, bertzela erreferendumera begira baietzaren botoari kalte eginen ziolakoan. Joan den irailean egin zituzten hauteskundeak, eta Schulz hautagaitzat aurkeztuta, inoizko emaitzarik txarrenak atera zituen SPDk —botoen %20,5—. Bozen ondoren, Schulzek adierazi zuen ez zuela Merkelek zuzenduko zuen gobernu batean parte hartuko, eta SPDk ez zuela aitzineko legegintzaldiko Koalizio Handia errepikatuko CDUrekin.

Erabaki hori guztiz aldatu zuen, ordea, eta horrek alderdi barnean kritika gogorrak eragin ditu. Batetik, sektore ezkertiarrenak, gazteen erakundea horien artean, Koalizio Handiaren aurka kanpaina egiten ari dira.

Sigmar Gabrielen tokian

Bertzalde, Schulzek bere burua Atzerri ministrotzat aurkezteak lider garrantzitsu batzuk haserretu ditu. Sigmar Gabriel SPDko aitzineko presidentea Alemaniako jarduneko Atzerri ministroa ere bada, eta Schulzen asmoa harenganako keinu itsusitzat hartu dute. Andrea Nahles SPDko presidentetzan ordezkotzat aurkeztea ere alderdiko oinarrien iritzia kontuan hartu gabe egindako keinua izan dela iruditu zaie. Hortaz, beldur dira Koalizio Handiaren aurkako arerioek kanpainan erabiliko ote duten hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.