JxC: «Puigdemonten interesen aurka doa Estrasburgora jotzea»

Torrentek kautela neurriak eskatuko dizkio Giza Eskubideen Europako Auzitegiari Kataluniako presidentegaiaren inbestidurarako

Kataluniako Parlamentuko mahaia, atzo, asteroko bilera hasi aurretik. Erdian, Roger Torrent. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
ander perez zala
2018ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
JxC Junts Per Catalunyaren eta ERC Kataluniako Ezker Errepublikanoaren arteko tentsioa areagotu du Kataluniako Parlamentuko presidentearen azken erabakiak. Roger Torrentek Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzea erabaki du, Carles Puigdemont JxCren presidentegaiaren inbestidurarako kautela neurrien bila; Puigdemont Bruselan dago erbesteratuta, eta ezin du inbestidura saioan parte hartu Bartzelonatik kanpo izanda. Estrasburgora jotzeko erabakia hautagaiaren eskubideak «defendatzeko» hartu duela iragarri du Torrentek, inbestidurako eztabaida «erarik eraginkorrenean» egin dezan. JxCrentzat, ordea, erabakia okerra da, eta «harridura» agertu du parlamentuko presidenteak hartutako«aldebakarreko» erabakiaren inguruan. «Puigdemonten interesen aurka doa Estrasburgora jotzea. Talka egiten du zilegizko defentsarako haren estrategiarekin», azaldu du Eduard Pujol JxCren diputatuak.

Torrentek bere izenean egingo du eskaera, ez parlamentuko presidente gisa; hortaz, ganberako diputatuei proposatuko die bere eskariarekin bat egin dezatela. Nahiz eta oraindik ez duen jakinarazi eskaria noiz egingo duen, hura onartuz gero, 24 orduko epean emango luke Estrasburgok bere erabakiaren berri. Parlamentuko presidentearentzat, bide horrek «egiazko ate bat» ireki lezake Puigdemonten inbestidurarako.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak urtarrilaren 27an argitu zuen Puigdemontek inbestidura saioa ontzat joko zuela, baina soilik hautagaia ganberan balego; kontrako kasuan, legez kanpokoa litzatekeela ohartarazi zuen. Erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu du jada Kataluniako Parlamentuak.

Bide «konplexua»

Torrentek aitortu du abian jarriko duen bidea «konplexua» dela, baina «esploratzeko» modukoa dela. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak kautela neurri gutxi ebatzi ditu, mota horretako eskariak «murriztaileak» baitira, kasu berezietarako mugatuak. Tortura kasuetan, bizia arriskuan dagoen kasuetan, eta norberaren herrialdetik kanporatua izateko arriskua dagoen kasuetan onartu du halako neurriak jartzea.

Estrasburgok helegiteari baiezkoa emango balio, ebatziko luke Puigdemonten eskubide politikoak urratu dituztela, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionala behartuko luke orain arteko neurriak bertan behera uztera; sistema judizialarentzat kolpe gogor bat litzateke. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, ordea, ez du halako aurrekaririk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.