JxC: «Puigdemonten interesen aurka doa Estrasburgora jotzea»

Torrentek kautela neurriak eskatuko dizkio Giza Eskubideen Europako Auzitegiari Kataluniako presidentegaiaren inbestidurarako
Kataluniako Parlamentuko mahaia, atzo, asteroko bilera hasi aurretik. Erdian, Roger Torrent.
Kataluniako Parlamentuko mahaia, atzo, asteroko bilera hasi aurretik. Erdian, Roger Torrent. ALEJANDRO GARCIA / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko otsailak 14
JxC Junts Per Catalunyaren eta ERC Kataluniako Ezker Errepublikanoaren arteko tentsioa areagotu du Kataluniako Parlamentuko presidentearen azken erabakiak. Roger Torrentek Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzea erabaki du, Carles Puigdemont JxCren presidentegaiaren inbestidurarako kautela neurrien bila; Puigdemont Bruselan dago erbesteratuta, eta ezin du inbestidura saioan parte hartu Bartzelonatik kanpo izanda. Estrasburgora jotzeko erabakia hautagaiaren eskubideak «defendatzeko» hartu duela iragarri du Torrentek, inbestidurako eztabaida «erarik eraginkorrenean» egin dezan. JxCrentzat, ordea, erabakia okerra da, eta «harridura» agertu du parlamentuko presidenteak hartutako «aldebakarreko» erabakiaren inguruan. «Puigdemonten interesen aurka doa Estrasburgora jotzea. Talka egiten du zilegizko defentsarako haren estrategiarekin», azaldu du Eduard Pujol JxCren diputatuak.

Torrentek bere izenean egingo du eskaera, ez parlamentuko presidente gisa; hortaz, ganberako diputatuei proposatuko die bere eskariarekin bat egin dezatela. Nahiz eta oraindik ez duen jakinarazi eskaria noiz egingo duen, hura onartuz gero, 24 orduko epean emango luke Estrasburgok bere erabakiaren berri. Parlamentuko presidentearentzat, bide horrek «egiazko ate bat» ireki lezake Puigdemonten inbestidurarako.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak urtarrilaren 27an argitu zuen Puigdemontek inbestidura saioa ontzat joko zuela, baina soilik hautagaia ganberan balego; kontrako kasuan, legez kanpokoa litzatekeela ohartarazi zuen. Erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu du jada Kataluniako Parlamentuak.

Bide «konplexua»

Torrentek aitortu du abian jarriko duen bidea «konplexua» dela, baina «esploratzeko» modukoa dela. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak kautela neurri gutxi ebatzi ditu, mota horretako eskariak «murriztaileak» baitira, kasu berezietarako mugatuak. Tortura kasuetan, bizia arriskuan dagoen kasuetan, eta norberaren herrialdetik kanporatua izateko arriskua dagoen kasuetan onartu du halako neurriak jartzea.

Estrasburgok helegiteari baiezkoa emango balio, ebatziko luke Puigdemonten eskubide politikoak urratu dituztela, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionala behartuko luke orain arteko neurriak bertan behera uztera; sistema judizialarentzat kolpe gogor bat litzateke. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, ordea, ez du halako aurrekaririk.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna