Jacob Zuma Hegoafrikako presidenteak dimisioa ematea erabaki du

Adierazi du ez dagoela ados ANC bere alderdiak berekiko izan duen jarrerarekin, eta bere lana «ahalik eta ondoen» egiten ahalegindu dela

Jacob Zuma Hegoafrikako presidentea, atzo, dimisioa eman zuen unean. STR / EFE.
Igor Susaeta - Ander Perez Zala
2018ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Goizean ezetz esan zuen Jacob Zumak, ez zuela Hegoafrikako presidente gisa dimititzeko asmorik. Baina amore eman du, eta ANC Afrikako Kongresu Nazionala bere alderdiak azken asteetan eskatu bezala, dimisioa eman zuen handik ordu batzuetara. Atzo gauean eman zuen erabakiaren berri, telebista bidez. Bederatzi urtez izan da presidente, eta haren ibilbidea ustelkeria kasuek blaitu dute. «Nahiz eta ados ez egon nire alderdiko buruek hartutako erabakiarekin, alderdiko kide diziplinatua naiz», nabarmendu zuen gauean. Gaineratu zuen bere lana «ahalik eta ondoen» egiten ahalegindu dela, eta alderdia jarri zuen haren gainetik: «ANCk ez luke nigatik bananduta egon beharko».

Cyril Ramaphosa da ANCko presidentea pasa den abendutik, eta Zuma paretik kentzeko asmoa eduki du kargura heldu zenetik. Iruditzen zaio Zumaren jardunak ez diola onik ez herrialdeari —langabezia tasa, adibidez, %25 ingurukoa da, nahiz eta Afrikako herrialde garatuena izan—, ez eta alderdiari ere, ikusirik iazko udala hauteskundeetan inoizko emaitza txarrenak bildu zituela eta hurrengo urterako presidentetzarakoak deituta daudela. Apartheid-a 1991n utzi bazuten bertan behera, ANC Nelson Mandelaren alderdia 1994tik dago boterean.

Zentsura moziorik gabe

Erabakiaren berri eman baino ordu batzuk lehenago, Zumak adierazi zuen «bidegabea» iruditzen zitzaiola, «justifikaziorik gabea», alderdiak haren dimisioa eskatzea. Ez zion presidentetzari uko egin nahi, argudiatuta horretarako arrazoirik ez ziotela eman, eta hori egiteko arrazoirik ez zutela. Dena den, dimisioa eman izan ez balu, gutxi iraungo zukeen karguan. Izan ere, EFF Askatasun Ekonomikorako Borrokalariak oposizioko alderdiak eskatuta, zentsura mozio bati aurre egin beharko baitzion, gaur bertan, Hegoafrikako parlamentuan.

ANCk ere bazuen mozio bat aurkezteko asmoa, eta, orain arteko jarrerak kontuan harturik, baiezkoaren alde egingo zukeen ganberak, hori nahi baitzuten alderdi gehienek.

Hainbat ustelkeria kasutan dago murgilduta Zuma. Hark, ordea, uko egin die bere aurkakosalaketei, ezer «txarrik» egin ez duela argudiatuta. 2009az geroztik da Hegoafrikako presidente—2014an bigarrenez irabazi zituen bozak, lau puntu gutxiagorekin—, eta ANCk oztopotzat du alderdiaren irudia berritzeko eta emaitzak hobetzeko helburuan. ANC azken hauteskundeetan —2016ko udal bozetako— boto gehien lortu zuen arren, orain arteko babes txikiena lortu zuen —%53,91—, eta, hauteskunde orokorrak datorren urtean egingo dituztela jakinik, emaitzak hobetzeko oztopo nagusia bidetik kendu nahi zuen.

Zumaren aurkako ustelkeria kasuetan beste protagonista bat dago: Gupta familia. Zumaren agintaldiaren praktika txarren sinbolo bilakatu dira, harekin duten harremanak eta ustelkeriak eraginda. Hamarkadotan konglomeratu bat sortzea lortu dute, eta urtero 20 milioi euro inguruko fakturazioa dute. Familiaren aurkako ikerketa baten barnean kokatu zuen Poliziak Gupta familiaren etxea atzo miatu izana.

Epaileak familiari leporatzen dio, hain zuzen, Zumarekin duen harremana beren mesederako erabili izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.