Hipoteken gastu nagusiak bezeroei dagozkiela ebatzi du Auzitegi Gorenak

Eskualdaketen gaineko zerga eta ekintza juridikoena beti herritarrek ordainduko dituzte. Gastu txikiago batzuk erdibana banatuko dituzte

Etxebizitza bat salgai, Zarautzen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Iker Aranburu.
2018ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Bankuen eta beren bezeroen arteko harremanak argitzeko urrats bat egin du Espainiako Auzitegi Gorenak. Hipoteka bat izenpetzean sortzen diren gastu gehigarrietako batzuk nola banatu behar diren ebatzi du auzitegi horrek. Erabakia hobeto hartuko dute finantza erakundeek kontsumitzaileen elkarteek baino, Gorenak gastu gehienak bezeroen bizkar jarri baititu, eta aukerarik gabe utzi baititu bankuei erreklamazioak egiteko.

Horrela, bezeroen kargu egongo dira etxebizitza bat erosteak dakartzan bi gastu nagusiak: ondare eskualdaketen gaineko zerga, eta ekintza juridiko eta dokumentatuen gaineko zerga.

Etxebizitza bat erostean ordaintzen den gastu nagusia ondare eskualdaketen gaineko zerga da: ohiko etxebizitzen eskualdaketek etxearen prezioaren %2,5 ordaintzea dakar. Beste etxebizitzen eskualdaketek %4ko zerga ordaintzen dute, eta %7koa beste ondasun higiezinena. Beste gastu nagusia ekintza juridiko eta dokumentatuen gaineko zerga da, bi edo hiru mila eurotik gorakoa.

Kontrara, bankuek ezingo dizkiete beste gastu batzuk oso-osorik bezeroei ordainarazi. Horien artean notarioen agiriek ordaintzen duten tasa aipatu du Auzitegi Gorenaren epaiak. Hipoteka kontratuak eta erosketa kontratuak duten orrialde bakoitzeko hamabost zentimo izaten dira, eta, gutxienez, 40 euroko kostua izaten du. Auzitegi Gorenak dio erdibana ordaindu behar dituztela bankuek eta bezeroek.

Gastu batzuk, airean

2015eko abenduko epai batean, Espainiako Auzitegi Goreneko epaileek ebatzi zuten abusua zela hipotekaren gastu guzti-guztiak bezeroen bizkar hartzea, eta baldintza hori zuten kontratuak baliogabeak zirela. Ebazpen horrek ekarri du epaile batzuek gastu guztiak bankuei ordainaraztea, eta beste batzuek gastuak partekatzea.

Gorenak aurreratutako epaiak ez du guztiz argitzen zer gertatuko den beste gastu batzuekin, hala nola erregistro, gestoria eta tasazio gastuekin. Epaitegien aurreko ebazpenen ondorioz, bankuak hasi dira horietako batzuk beren gain hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.