Erreferendumaren ordaina

Eskoziari itzuli beharreko eskumenei buruzko proposamena igorri dio Smith Batzordeak Londresko gobernuari.

SNPren ustez, neurriak ez datoz bat Cameronek erreferendumean agindu zuenarekin
David Cameron, erreferendumeko kanpainan eskoziarrei eskumen gehiago agindu zizkienean.
David Cameron, erreferendumeko kanpainan eskoziarrei eskumen gehiago agindu zizkienean. ANDY RAIN / EFE

Samara Velte -

2014ko azaroak 28
Erresuma Batuak Eskoziako Parlamentuari eman behar lizkiokeen eskumenei buruzko lehenbiziko proposamen sorta argitaratu du Smith Batzordeak. Besteak beste, ahalmen fiskalak eta Eskoziako hauteskundeen gaineko eskumenak handitzeko gomendatu dio Londresi. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren ustez, eskasegia da proposamena, eta ez dator bat Londresek independentziari buruzko erreferendumean agindutakoarekin.

Irailaren 18an ezetzak irabazi zuela jakin bezain laster sortu zuten Smith Batzordea, Erresuma Batuko Gobernuak kanpainaren amaiera aldera agindutako eskumen aldaketa aztertu eta gomendio zehatzak egiteko. Eskoziako legebiltzarrean ordezkatuta dauden bost alderdietako kideek osatu dute negoziazio taldea: SNPk, Alderdi Laboristak, berdeek, liberal-demokratek eta kontserbadoreek. Kelvingo Lord Smith enpresariak zuzendu du guztia; hark nabarmendu duenez, «inoizko eskumen transferentzia handiena» litzateke Eskoziako Parlamentua sortu zenetik.

Gomendioen arabera, eskoziarren errentaren gaineko zerga Edinburgok kudeatu behar luke oso-osorik, eta BEZetik jasotako diru sarreren zati bat ere hari itzuli behar lioke Londresek —%10, batzordearen ustez—. Erresuma Batuko aurrekontua banatzen duen Barnett Formula bere horretan mantenduko litzateke, baina Eskoziari maileguak eskatzeko aukera handituta. Horrez gain, Edinburgok lurreko petrolio eta gas ustiaketen gaineko eskumena izango luke —itsasokoena ez, eta bertan dago Eskoziako petrolio gehiena—, eta bere parlamenturako hauteskunde legea aldatzeko askatasuna ere bai. Hartara, 16 eta 17 urtekoek ere bozkatu ahal izango lukete Eskozian, erreferendumean egin zuten bezala. Hegazkinetako bidaiarien zerga ere Holyroodek kudeatuko luke, eta legedi berriak aukera emango lioke eskumenak dauzkan arlo guztietan diru laguntzak erabakitzeko.

Gomendio horietatik sortuko dira Londresek Eskoziari proposatuko dion transferentzia-sortaren lerro nagusiak. David Cameronen gobernuak urtarrilaren 25ean jakinaraziko du proposamen osoa, eta Erresuma Batuko alderdi nagusiek adostuta daukate hura bete egingo dutela, 2015eko hauteskunde orokorretako emaitza edozein izanda ere.

Orain, erreferendumean independentziaren alde agertu ziren alderdi nagusiak beldur dira, Londresko alderdi nagusiek nahikoa egin dutela sentituko ote duten, eta proposamen sorta horretaz harago ezer gehiago iritsiko ez ote den. Alderdi Kontserbadorekoek dagoeneko ohartarazi dute kanpainan agindu zutena baino gehiago dakartela Smith Batzordearen gomendioek.

SNP: «Etsigarria da»

Eskoziako eta Erresuma Batuko gobernuek erreferenduma antolatzeko negoziazioak hasi zituztenean, Cameronek uko egin zion galdeketan independentziaren eta ordura arteko batasunaren arteko aukera bat jartzeari; devo-max deituriko formulak arlo gehiago utziko zituzkeen Eskoziaren esku. Irailaren 18a gerturatzen ari zela, ordea, atzera egin zuen Londresek: laboristak, liberal demokratak eta kontserbadoreak elkartuta, zina («the vow») egin zieten eskoziarrei, eta eskumen gehiago agindu zizkieten Erresuma Batuan geratzea erabakitzen bazuten. Erreferenduma amaitu arte, ordea, inork ez zuen eskumen horiei buruzko xehetasunik eman, eta, ezezkoak irabazi zuenean, Londresi txeke zuri bat ematea egotzi zieten independentistek ezetz bozkatu zutenei. Orain, SNPk eskasegitzat jo du batzordearen proposamena. Nicola Sturgeon lehen ministro berriarentzat, «etsigarria» da, «Westminsterren agintearekin jarraitzea» dakarrelako.

John Swinney lehen ministrordearen ustez, gomendio sorta horrek ez ditu betetzen eskoziar gehienen eskariak: «Hiru herritarretatik bik devo-max formula nahi dute, hau da, gai guztiak Edinburgoren esku egotea defentsa eta atzerri gaiak izan ezik. Proposamen hauekin, gure zergen %30 baino gutxiago geratuko dira Eskozian, eta ongizateari egiten diogun ekarpenaren %20 baino gutxiago itzuliko digute Londrestik». Besteak beste, enplegua sortzeko eta ikerketa sustatzeko eskumenak Erresuma Batuan geldituko direla salatu du, baita sozietateen gaineko zerga ere: «Hori ez da autonomia».

Erresuma Batuko alderdiek Eskoziako auzia ahaztu eta arreta Londresko hauteskundeetan jarriko dutela ikusita, haiei gogor egingo diela jakinarazi du SNPk. «Orain arte, joateko prest zeuden bezain urrun joan dira Westminsterko alderdiak, baina ez erreferendumean agindu zutena bezain urrun».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna