Errugbia. Munduko Kopako finala

Erlijio eta pasio kontuez

Australiako eta Zeelanda Berriko jokalariak elkarrekin ari dira Ordizian, eta giro onean ikusiko dute bihar Munduko Kopako finala beste taldekideekin batera.

Ben O'Donnell, Wade Kelly eta Josh Daley, atzo eguerdian, Ordiziako Altamira zelaian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Ordizia
2015eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Elkarrekin ikusiko dute Munduko Kopako finala, Ordizian (Gipuzkoa) bertan, Sugaar tabernan. «Nik nire jokalariei zeinen alde dauden galdetu diedanean denek 'Australia' erantzun dute. Tira, Ben izan ezik, Ben beste nonbaitera bidaliko dugu finala ikustera», esan du umoreko Wade Kellyk (Sidney, 1980), AMPO Ordiziako entrenatzaile australiarrak. Ben, Ben O'Donnell da (Sidney, 1994), taldeko atzelaria, jaiotzez australiarra baina umetan Zeelanda Berrira joanikoa, eta hangoa du sendia. «Ni zeelandaberritarra naiz,eta finala irabaziko dugula uste dut. Australiak aukera gutxi ditu [barrez]». Josh Daley (Sidney, 1990) ere mahaiaren bueltan dago, duela hamabost egun Australiatik iritsitako harroina. Haren anaia zaharra, Ben, wallabie bat da ofizialki, hiru lagunarteko partida jokatu baitzituen selekzioarekin.

Finala jokatzean gaua izango da Ozeanian, 03:00ak Sidneyn eta 05:00ak Aucklanden.«Zeelanda Berrian, inork ez du lorik egingo bihar, eta, irabazten badu, ospakizun handiak egongo dira. Zeelanda Berrian errugbia erlijioa da, ume guztiek, eskola guztietan, errugbian jokatzen dute», azaldu du O'Donnellek. Australian, aldiz, egoera ezberdina da. «Kirolaerrotua dago nortasun australiarrean. Kirola da erlijioa, eta errugbia zati bat», azaldu du Daleyk:«Kirol asko daude, eta Australiak kirolari on asko izan ditu betidanik, eta guztiak bizi dira pasioz. Nire etxean, esaterako, oso goiz gosalduz ikusiko dute finala, eta ziur nago nire anaiak zehatz aztertuko duela jokoa». Kelly bat dator: «Kriketa, australiar futbola, futbola goraka doa, errugbia... Arreta banatu egiten da. Finala ekitaldi handia da, baina ez da mundu guztiak ikusiko duen zerbait. Hor aldea egoten da selekzioa ondo edo gaizki dabilen. Ondo dabilenean ikusminak gora egiten du. Irabazten badu, olatu handia sortuko da, baina hurrengo astean Melbourne Kopa zaldi lasterketa jokatuko da, eta orduan hark bereganatuko du arreta».

Ozeaniako bi selekzioak finalean ikusteak ez ditu harritu. «Australia eta Zeelanda Berria beste maila batean daude: bizkorrago jokatzen dute, pase gehiagorekin... Ez da ezustekoa» esan du entrenatzaileak «Australia Lau Nazioak irabaztetik dator, han irabazi zion Zeelanda Berriari, eta berriz lor dezake». Hori, Zeelanda Berrian katastrofea al litzateke? «Bai», esan du O'Donnellek. «Historian arrastoa uzteko aukera da, bi Munduko Kopa jarraian irabaztea. Gogoan dut 2007koa, Frantziak final-laurdenetan kanporatu gintuen, eta nazio osoa depresio egoeran egon zen. Aste oso bat pasatu zen kirolari buruz hitz egin gabe».

Australiako selekzioa asko aldatu da urtebetean, eta adituek Michael Cheika jo dute arduradun nagusitzat. Hark Randwick Sidneyko klubean hasi zuen ibilbidea, Ordiziako hirukoteak bezala. Kellyk pertsonalki ezagutzen du: «Pasioz bizi du, eta oso entrenatzaile argia da. Lan bikaina egin du». Baina balioko al dio finalerako? Nolakoa izango da finala? Kelly mintzo da: «Gakoa beti defentsa da. Nire ustez, ostikada askoko partida izango da. Aireko baloiak hobekien hartzen dituenak asko izango du irabazita».

Pozik Euskal Herrian

Kellyk urtez luzez jokatu zuen Ingalaterran, eta beti izan zuen Miarritzen aritzeko ametsa. «Euskal Herria toki bikaina da. Nire emaztea, gainera, surfzalea da: Mundaka, Angelu, Donostia... Denetarik du. Gero, hor daude, janaria, ardo onak... pintxo-potea. Hemengo jendea oso atsegina da». Lanean ere gustura ari da, Ordiziak bi partida irabazi eta hiru galdu baditu ere. «Baina goiko taldeen aurka galdu ditugu, eta pare bat gutxigatik. Hobetzen ari gara, eta hobetuko dugu. Hemen jokalariek pasio handiz jokatzen dute, hori ona da, baina pasio hori bideratu egin behar da maila hobetzeko».

Egunerokoan ere pozik daude Ordizian. Daleyk bi aste aski izan ditu egokitzeko. «Pintxoena gustatu zait. Ez bakarrik janaria, sozializatzeko ematen duen aukerarengatik baizik. Ez da mahai batean eseri, eta kito; jendea irekia da, alboan duzunarekin hitz egiten ikusten duzu». Kelly eta O'Donnell ere pozik daude jendearen tratuarekin. O'Donnellentzat, bitxiena ordutegiak dira: «Ordu bietan bazkaldu, hamarretan afaldu... Australian seietan afaltzen dugu. Entrenamendua zortzietan hasten dugu, han bukatuko genuen garaian. Baina, tira, ondo nago, bainaMace nire zakurraren falta sumatzen dut». Kelly, berriz, eguraldiak harritu du: «Mundu guztiak esaten zidan hemen egunero egiten zuela euria, eta azken bi hilabeteetan hiru euri egun egon dira bakarrik!». Lasai, Wade, urrian gaude oraindik...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.