Bruselak auzo herrien ahalak indartuko ditu, errefuxiatuak EBtik kanpo errendi daitezen

«Migraziorako arrazoiak ezabatu» eta iheslariak Turkia, Jordania eta Libanon geratzea nahi dute.Saharako uretan txalupa bat hondoratu da

Sahara eta Kanarien artean erreskatatutako 22 migratzaileetatik hiru, Arguineguinen. ELVIRA URQUIJO A. / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Auzotasun politikak berrikusi egin ditu Europako Batasunak, eta bere inguruko herrialdeekin «lankidetza estuago bat» mantenduko du, auzoek errefuxiatuak hartzeko ahal handiagoak izan ditzaten. Turkiak, Jordaniak, Libanok eta beste zenbait herrialdek migratzaileak hartzeko erakundeak indartzeko, haien premiei erantzun azkarrago bat eman behar zaiela nabarmendu du Federica Mogherini Batasuneko diplomazia buruak. Bruselak zer bilatzen duen, argi azaldu du Johannes Hahn Auzotasun Politiken komisarioak: «Migraziorako arrazoiak ezabatu behar dira, estatu horiei aukerak eskainiz».

Mogherinik eta Hahnek Europako Auzotasun Politika berrikusteko ardatz nagusiak aurkeztu zituzten atzo Bruselan, eta errefuxiatuen harrera errazteko mekanismo berri bat prestatu dutela jakinarazi zuen EBko diplomazia buruak, asilo eskaeren tramitazioari dagokiona, bereziki iheslari uholde handiak izaten direnerako.

Europako Parlamentuak aurtengo uztailean onartu zuen Auzotasun Politika berrikusteko proposamena —aldeko 460 boto, kontrako 61 eta 55 abstentziorekin—, eta EB «oinarrizkora itzultzea» hobetsi zuen: oparotasun, egonkortasun, segurtasun eta kidetasun eremu bat sortzea auzoko herrialdeekin. «Bultzada politiko handiagoa» eskatu zieten parlamentariek Bruselari.

Aurten, Mediterraneoa zeharkatuta, gutxienez 832.000 errefuxiatu iritsi dira Europara, OIM Migrazioen Nazioarteko Erakundeak asteartean emandako datuen arabera. Eta hilabeteak dira asko eta asko Balkanetako igarobidean ez aurrera eta ez atzera daudela, Europa erdiko eta iparraldeko herrialdeetarako bidean.

Ekialde Hurbilean «ingurune seguruago bat» eraikitzeko premiari dagokionez, eskualderik pobreenetan «garapena eta hazkundea» bultzatzean jarri du arreta Mogherinik: «Migrazioaren arrazoiei jatorrian bertan egin behar zaie aurre».

Europa errefuxiatu krisi handi bati aurre egiten ari zaiola onartu du EBko diplomazia buruak, baina nabarmendu du «askoz gehiago» eragiten diela Jordania, Libano eta Turkiari. Halaber, Parisko erasoek erakusten dute, «eta baita aurrez Libanon, Egipton, Turkian eta Iraken izan direnek ere», Mogheriniren hitzetan, «mundu mailako mehatxu bati aurre egiteko nazioarteko komunitateak elkar hartuta» aritu behar duela.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziak, bestalde, diru bilketa hasi du Siria, Irak, Libano, Jordania eta Egipton 15 milioi desplazaturi negurako babesa eman ahal izateko. Hotzari eta ekaitzei aurre egiteko baliabideak lortzea izango dute lehentasuna.

Kanarietara bidean hondora

Mendebaldeko Saharatik Kanaria uharteetarako bidean txalupa bat hondoratu zen astearte gauean, eta gorpu bat berreskuratu eta 22 lagun onik erreskatatu ditu Espainiako Itsas Salbamenduko ontzi batek. Hasieran alarma guztiak piztu zituzten, migratzaileetako batzuk ontzian 46 lagun bazirela adierazi baitzuten. 24 migratzaileren desagertzea, hamar urtean Kanarietan izandako larriena zatekeen.

Baina kostazainen hegazkin batek ordu batzuk lehenago ateratako argazkian, gehienez ere 25 lagun ageri dira ontzian. Eta zenbaki hori bat dator beste migratzaile batzuek erreskateko eskifaiari emandako datuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.