Ez pentsatzea onena

Kanaria Handian partida kaskarra jokatu eta 48 ordura Euroligako lehia garrantzitsua dauka gaur Baskoniak, etxean, Maccabiren aurka

Xengelia Baskoniako jokalaria O'Neale Kanaria Handikoaren jaurtiketa oztopatu nahian, herenegun. ELVIRA URQUIJO A. / EFE.
unai zubeldia
2016ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Denbora eskatzen dute beti entrenatzaileek; entrenatzeko denbora, sistemak lantzeko denbora, atseden hartzeko denbora. Baina denbora falta hori izaten da onena tarteka. Baskoniak porrot mingarria jaso zuen herenegun, Kanaria Handian (74-61), baina arabarrak penetan ibiltzeko denborarik gabe dabiltza azken asteotan. Etxerako bidea egin, atseden pixka bat hartu, eta Euroligako partida izango dute gaur gasteiztarrek, etxean, Maccabiren aurka (21:00). Titulurako borrokan murgiltzeko egindako multzoa da Israelgoa, baina asko ari da sufritzen, bost partida irabazi eta bederatzi galduta.

Horregatik da hain garrantzitsua gaurko lehia, irabaziz gero bost garaipeneko tartea egongo litzatekeelako bi taldeen artean. Panathinaikosen aurka azken unean galduta eta Kanaria Handian amore emanda, bi porrot jarraian pilatu dituzte gasteiztarrek, eta erreakzionatu beharra dauka taldeak, 2017aren hasiera ere ez delako izango batere samurra. Real Madrilen aurka jokatu beharko dute hurrengo asteartean, ACB ligan, eta Unics Kazanen aurka ostegunean, Euroligan.

Maccabiren ibilbide gorabeheratsuaren seinale, Ainars Bagatskis letoniarra eseriko da aulkian. Denboraldia hasi zenetik israeldarren hirugarren entrenatzailea da. Oso bolada txarrean murgilduta dago Tel Aviveko taldea: galdu egin ditu jokatutako azken bost partidak. Litekeena da Quincy Millerrek debuta egitea, min hartuta egon ondoren osatu baita dagoeneko. Sailkapenean zuloan egon arren, multzo arriskutsua dauka Maccabik. Partida guztietan min egiten ari dira Andrew Goudelock (16,9 puntu partidako), Devin Smith (12,1 puntu partidako), Sonny Weems (11,7 puntu partidako). Gasteizen bueltan izango da, berriz, Cotton Iverson.

Euroligan erabat parekatuta daude estatistikak. Baskoniak eta Maccabik 22 aldiz jokatu dute elkarren aurka; hamabi aldiz izan dira garaile gasteiztarrak, eta hamar aldiz israeldarrak. Hori bai, arabarrak nagusitu ziren 2013-2014ko denboraldian jokatutako bi partidetan.

Baskoniak «berea» egin behar duela azpimarratu zuen atzo Sito Alonso entrenatzaileak. «Partida txarra jokatu berri dugu, eta berdin dio aurkaria zein den. Bikain jokatu beharko dugu irabazi ahal izateko». Andrea Bargnanik gaur ere ez duela jokatuko argitu zuen entrenatzaileak.

Bilbo Basket, Kopari begira

Eurokopako lanak amaituta, Kopa jokatzeko erronka dauka Retabet Bilbo Basketek, eta atzo pauso garrantzitsua eman zuen, Rio Natura Monbus Obradoirori 77-83 irabazita. 2-15eko partzialarekin ekin zioten partidari bizkaitarrek, eta, 28-28 berdindu arren, ondo kudeatu zuten aldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.