Azpiazuk adierazi du badirela gai Gizarte Segurantza egoki kudeatzeko

Jaurlaritza prest dago defizitaren arazoari konponbidea bilatzeko, baina lehenbizi eskumena jasota. Sailburuak ontzat jo du soldatak igotzea

Pedro Azpiazu Ogasun sailburua, atzo, Forum Europa-Tribuna Euskadi gunean eman zuen hitzaldian. LUIS TEJIDO / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Gizarte Segurantza sistemaren eskumenari eta pentsioen egoerari buruz luze mintzatu zen atzo Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua, Forum Europa-Tribuna Euskadi jardunaldian eskaini zuen hitzaldian. Jaurlaritzak ez dio beldurrik gaur egun pentsioetan dagoen defizit egoerari, eta sailburuak ziurtatu zuen «konponbide egokia» emango liokeela auziari. «Eskumena eman diezagutela, eta emango diogu beharrezkoa den konponbidea», azaldu zuen.

Gernikako Estatutuaren arabera, Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzeko eskumena du Eusko Jaurlaritzak. Haatik, orain arte Espainiako Gobernuek uko egin diote eskualdatzeari. PPk eta PSOEk —eta baita ere UGT eta CCOO sindikatuek— argudiatu dute pentsio sistemaren kutxa bakarra hautsiko lukeela. Kutxa hori hautsi gabe eskumena jasotzeko moduen bila dabil Urkulluren gobernua, hala ere, eta PSE-EErekin sinatutako gobernu itunak ere jasotzen du borondate hori.

Pentsio gastua handitu da azken hamarkadan, nabarmen. BPGaren %8,6 zen 2007an, eta hamar urte geroago %11,8 da. Gainera, urtero langileen eta enpresen kotizazioen bidez biltzen den dirua ez da aski gastu hori berdintzeko. 2007an sistemak superabit txikia zuen (%0,8), baina gaur egun defizita %2,5 ingurukoa da. Azpiazuk argudiatu zuen sistema indarren jarri zenetik hona euskal langileek «soberakin itzelak» sartu dituztela sisteman. Hau da, orain dela urte batzuk langile horien kotizazioen lepotik ordaindu ziren pentsioak beste toki batzuetan.

Defizit horren ardura Espainiako Gobernuari dagokiola iradoki zuen, zuzenean aipatu gabe, eta ohartarazi zuen Gizarte Segurantzak «arazo serioa» duela. Edonola ere, egoera bideratzeko erabakietan parte hartu nahi du Eusko Jaurlaritzak. «Konpromisoa dugu, erabatekoa, irtenbidea aurkitzeko. Eskualdatu ez den baina Gernikako Estatutuan jaso zen eskumenaren arabera egin beharko genuke, gainera», sailburuaren hitzetan.

Azpiazuren aburuz, konponbide horren abiapuntua izan beharko litzateke Gizarte Segurantzaren sistematik ateratzea kotizaziopekoak ez diren pentsioen ordainak —alargunenak edo umezurtzenak, esaterako—, eta aurrekontuen bidez finantzatzea.

Soldatak igo, hazteko

Soldatak igotzea ontzat jo zuen sailburuak, «horretarako aukera daukaten enpresetan». EBZren ezohiko politiken amaiera eta gastu publikoa gehiago handitzeko mugak ikusita, eskaera handitu eta hazkundea bultzatzeko tresna modura defendatu zuen Azpiazuk ordainen hazkunde hori.

Kontzertu Ekonomikoari buruz zabal aritu zen, eta erasoei buelta ematen saiatu zen. « Ereduari egiten zaizkion kritika asko biztanleko finantzaketa berdintzeko asmo zentzugabean oinarritzen dira», salatu zuen. EAEri eskatzen bazaio errentaren arabera dirua jartzea (%6,2), baina populazioaren arabera jasotzea (%4,7), argi du ondorioa: «Geure ogasun eta hezkuntza sistema desagerraraziko litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.