EBk Ipar Irlandarentzat duen planaren aurka egin dute Londresek eta DUPek

'Brexit'-a gertatzean, Ipar Irlandak aduana batasunean eta merkatu bakarrean jarraituko luke, Mayk alternatibarik aurkeztu ezean. Barnierrek gogorarazi du abendutik ez dutela aurrera egin
Michel Barnier EBko negoziatzaile burua, atzo, dibortzioaren akordioaren zirriborroa aurkezten.
Michel Barnier EBko negoziatzaile burua, atzo, dibortzioaren akordioaren zirriborroa aurkezten. OLIVIER HOSLET / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko martxoak 1
Michel Barnier EB Europako Batasuneko brexit-erako negoziatzaile buruaren atzoko hitzek garbi deskribatzen dute hizketen egungo egoera: «Oraindik desadostasun handiak ditugu Erresuma Batuarekin, handiegiak. Ez dugu berdin ulertzen brexit-aren trantsizioa, baldintzak eta dimentsioa zeintzuk diren, eta nolakoak izan behar duten». 11 hilabeteko lanaren, negoziazioen eta eztabaiden ostean, EBk pauso garrantzitsua eman zuen atzo, iazko abenduaren 8ra arte bi aldeek adosturikoa testu juridiko gisa aurkeztu baitzuen: 169 artikuluz osaturiko zirriborro testu bat da oraingoz, baina pisu handia du —eta izango du—, gaurtik aurrera oinarri horren inguruan mugituko baitira negoziazioak. Bruselari dagokio brexit-aren akordioa zirriborratzea, eta lehen proposamenak polemika sortu du jada, beste aldea ez baitago eduki guztiekin ados. Desadostasunik handiena, lerro gorria, orain arteko bera da: Ipar Irlandaren muga. Hirugarren ataleko hirugarren artikuluaren arabera, Ipar Irlandak aduana batasunean eta merkatu bakarrean jarraituko lukebrexit-a gauzatzean, soilik Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak beste aukerarik proposatuko ez balu. Ideia horren inguruan, hilabeteotan Barnierrek egindako beste ohartarazpen bat dago ezkutatuta: Bruselak ez daki Londresek zer nahi duen, orain arte anbiguoak izan direlako; beraz, alternatibarik eman ezean, hori izango da EBren plana. Mayk, ordea, guztiz baztertu zuen ideia hori: «Akordio hori indarrean sartzeak mehatxatu egingo luke Erresuma Batuaren ordena konstituzionala».

Brexit-a termino juridikoetan zehazteko lehen zirriborroa azaleratu izana negoziazioetako «garai oso garrantzitsutzat» jo zuen Barnierrek, «giltzarria ez esatearren». Bi hilabeteko lanaren emaitza da, eta, Bruselak espero bezala, desadostasun handiak sortu ditu Erresuma Batuan, trantsizio epeak eta herritarren eskubideak direla eta, baina batez ere Irlandako muga dela eta. Mayk askotan esan du ez duela «muga gogorrik» nahi Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren artean Erresuma Batua EBtik ateratzen denean; alabaina, orain arteko zehaztasun faltak —ez du hitzemandako irtenbide «zehatzik» jakinarazi— eta atzoko testuaren edukiak jakin-mina piztu dute bihar emango duen hitzaldiaren inguruan, Bruselak espero baitu orain arteko anbiguotasuna amaituko duela. Gainera, Barnierrek are gehiago estutu zuen Erresuma Batuko lehen ministroa, Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruak astelehenean emandako iritziaren alde mintzatu baitzen atzo: oposizioko buruaren ustetan, Erresuma Batuak aduana bateratu berri baten parte izan beharko luke brexit-aren ostean; Barnierren ustez, hori da «Irlandak behar duen irtenbidea, neurri handi batean».

Oraingoz, ordea, Mayk guztiz baztertu du EBren «eremu arautzaile komuna», 2016ko ekainaren 23ko erreferendumaren emaitzaren aurkakoa bailitzateke. DUP Alderdi Demokratiko Unionistako diputatu baten galderari erantzunez, Erresuma Batuko lehen ministroak iritzi hori berretsi zuen Komunen Ganberan: «Orain arteko lehen ministro guztiek esango liokete ezetz proposamenari».

Unionisten jarrera

DUPen eragina dago, besteak beste, Erresuma Batuko lehen ministroaren jarreraren atzean. Karguan jarraitzeko, Mayk Ipar Irlandako alderdiaren babesa jaso zuen, kontserbadoreek iazko ekainaren 8an gehiengo osoa galdu zutenean. Arlene Foster buru duen alderdiak brexit gogor baten alde egin du —alderdian orotariko iritziak dauden arren—, David Cameronek iragarri zuenetik erreferenduma antolatuko zuela.

Atzo, Nigel Dodds DUPen Komunen Ganberako buruak argi utzi zuen Bruselaren testuaz duen iritzia: «Ez gara Europako Batasunetik joango Erresuma Batua hausten ikusteko». Arlene Foster alderdiaren buruak ere EBren planaren aurka egin zuen, Mayren bide beretik: «Konstituzioaren ikuspuntutik, EBren zirriborroa onartezina da, eta ekonomikoki hondagarria izango litzateke Ipar Irlandarentzat». DUPen jarrera labainkorra da oraindik; izan ere, Ipar Irlandatik ordezkari gehien dituen alderdia den arren, hango herritarren %56k EBn geratzearen alde egin zuten 2016ko galdeketan. Sinn Feinek, berriz, «ongietorria» eman dio testuari; Barnier bi alderdiekin batzartuko da astelehenean.

Bruselak aurkezturiko zirriborroa Europako Parlamentuan eztabaidatuko dute, baita Europar Kontseiluko kideen artean ere. Erresuma Batuak hamahiru hilabete barru utziko du EB: «Abendutik ez dugu aurrerapausorik egin», ohartarazi zuen Barnierrek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ander Perez Zala

Informazio osagarria