Ondo agurtu nahi du

Anaitasunak Logroño izango du aurkari gaur, Madrilen, Espainiako Kopako final-laurdenetan. Hain zuzen, nafarren atezain Sergei Hernandezek Logroñorekin sinatu du.

Sergei Hernandez, Alejandro Costoya Ademarreko jokalariaren jaurtiketa gelditu nahian, sasoi honetako partida batean. BERRIA.
Julen Etxeberria.
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Helvetia Anaitasunak oso lehiaketa kutuna du Espainiako Kopa. Bertan nabarmendu da inon baino gehien, eta bertan izan du inon baino gertuen titulu bat irabaztea: txapeldunorde izan zen duela bi urte etxean jokatutako ekitaldian.

Aurten ere ez du huts egin Kopan. Zortziko Finala jokatuko da Madrilen gaurtik igandera, eta Iruñeko taldea han ariko diren zortzietako bat da. Gaur jokatuko du final-laurdenetako lehen partida, Logroñoren aurka (12:30). Irabaziko balu, bihar jokatuko luke finalerdia Ademarren edo Guadalajararen aurka. Finala, berriz, igandean jokatuko luke.

«Ez da partida berezia niretzat. Anaitasunaren elastikoa soinetik kendu arte defendatuko dut talde hau». Sergei Hernandezen hitzak dira (Kropotkin, Errusia, 1995). Anaitasunako atezainak jada jakinarazi du ez duela taldean jarraituko, eta bi sasoirako kontratua sinatu duela Logroñorekin, gaurko aurkariarekin, alegia. «Aldatu egin nahi nuen, eta beste esperientzia bat bizi». Hala arrazoitu du azken lau urteetan haren taldea izan dena uzteko erabakia.

Askoz gehiago kostako zaio, ordea, Iruñea uztea. Hori ere izan du kontuan talde berria aukeratzean. «Urruti joateko eskaintzak izan ditut, baina ez nuen nahi urrutira joan. Logroñon, Iruñetik 40 minutura egongo naiz. Unibertsitatean ikasten jarraitu ahalko dut, eta amarengandik gertu egongo naiz».

Ama aipatu du berehala. Harreman oso estua du harekin. Sergei Hernandezen haurtzaroan dago lotura horren erantzuna. Errusian jaio zen Anaitasunako jokalaria, eta 3 urte zituela iritsi zen Iruñera, Jose Luis Hernandez eta Gregoria Ferrer senar-emazteek adoptatu ondoren. Atleta ospetsu izandakoak ziren biak: Ferrer, adibidez, 1992ko Olinpiar Jokoetan aritu zen, 400 metro txandakakoan. Erretiroa hartzean, prestatzaile fisiko lanetan hasi ziren biak; Hernandez, esaterako, Portland San Antonio ospetsuan.

3 urtetik 12ra bizi izan ziren hirurak Iruñean. Danimarkara joan ziren gero. Mateo Garralda Portlandeko jokalari ohiak Koldingen ardura hartu zuen, eta berekin eraman zituen Hernandez-Ferrer senar-emazteak, eta haiek Sergei gaztea. Bost urte egin zituzten Danimarkan, eta han hasi zen Sergei eskubaloian. Primeran zihoakion dena Hernandez-Ferrer sendiari, baina guztia okertu zen 2013ko gabonetan. Minbizia atzeman zioten Hernandezi, eta lau hilabete geroago hil zen, Iruñean.

Ama-semeak Euskal Herrian geratu ziren bizitzen. Sergei Anaitasunako harrobian hasi zen jokatzen. Berehala nabarmendu zen atepean. Dohain aproposak zituen: 1,96 metro eta erreflexu bikainak. Urtebetera egin zuen debuta lehen taldearekin, Bartzelona ahalguztidunaren pistan.

Bi urte eta erdi pasatu dira ordutik, eta tarte horretan gora besterik ez du egin. Gaur-gaurkoz, Asobal ligan etorkizunik handiena duen atezaina da. «Eskubaloian, beste kiroletan bezala, eskarmentua erabakigarria da, are gehiago atezain postuan. Zenbat eta partida gehiago jokatu, orduan eta konfiantza handiagoa duzu zeure buruarengan. Azken bi urteetan asko jokatu dut, eta nik neuk nabaritu dut gora egin dudala».

Asobal ligako bi eta Kopan joka ditzakeenak: horra Anaitasunari agur esateko falta zaizkion lehiak. «Ondo» amaitu nahi du. Nola? «Kopan, urruti iritsita, eta ligan, Europarako sailkatuta». Ohartzen da lehen egitekoa zein zaila den. Logroñok bitan irabazi die sasoi honetan: 27-29 eta 34-28. «Talde gogorra da, eta neurria hartuta digu». Hala ere, ez du uste faboritoa denik. «Oso partida parekatua izango da. Defentsan eta erasoan asmatzea izango da gakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.