Ghanik AEBetako tropak Afganistanen mantentzeko akordioa sinatuko du gaur

Hauteskundeetako liskarra gaindituta, Karzairen ondorengotza hartu du presidente berriak.

Hamar mila soldadu estatubatuar geldituko dira
Axraf Ghani Afganistango presidentea, atzo, kargua hartzeko ekitaldian, Kabulen.
Axraf Ghani Afganistango presidentea, atzo, kargua hartzeko ekitaldian, Kabulen. OMAR SOBHANI / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko irailak 30
Urte bukaeran erretiratuko da Afganistandik ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarra. AEBek inbaditu zutenetik hamahiru urte igaro dira, baina talibanak eta bertze talde matxinoak oraindik ere indar betean ari dira borrokan gobernuaren aurka, eta horri eusteko ahalmenak zalantza anitz sortzen ditu. AEBek, ordea, espero dute aste honetan bertan 2001etik Afganistanen ezarritako estatu eredua iraunarazteko oinarriak paratuta gelditzea. Lehenik, hauteskunde prozesuak sortutako zurrunbiloa ustez gaindituta, Axraf Ghani presidentetzan ezarrita; eta, bigarrenik, gaur bertan, Ghanirekin segurtasun akordioa sinatuta, AEBetako tropek Afganistanen jarrai dezaten.

«Aro berri bat hasi da», adierazi zuen Ghanik atzo presidentearen jauregian, kargua hartzeko ekitaldian, Kabulen. Aro zaharra bi gertakarirekin bukatuko da: Karzaik boterea utzita —inbasio aldian Afganistanek eduki duen presidente bakarra izan da—, eta ISAFen etxeratzearekin. Ghanik erran du «lehenbiziko botere aldaketa demokratikoa» gertatu dela Afganistanen, baina Abdullah Abdullah presidentetzarako hauteskundeetan bigarren itzulira igaro zen hautagaiak egindako iruzur salaketak kinka larrian paratu du gobernuaren osaketa. AEBek bultzatutako negoziazioen eta presioen ondorioz bi hautagaiek gobernua partekatzeko akordio bat egin zuten joan den astean. Abdullah gobernuburu izanen da; Afganistanen orain arte ez da egon kargu hori. Ghanik atzo bertan sinatu zuen hori ahalbidetzeko dekretua.

Horrenbertzez, Washingtonek itxitzat jo du boterean haustura nabarmen bat sor zezakeen krisialdia, eta egiatan Afganistango Estatuaren makulu izanen den akordioa itxiko du gaur presidente berriarekin. Abenduaren 31tik aitzinera, AEBek hamar mila soldadu edukiko dituzte Afganistanen, «segurtasun orokorrean» lagundu eta Afganistango militarrak eta poliziak trebatzeko, Etxe Zuriko aholkulari John Podestak atzo azaldu zuenez AEBek Kabulen daukaten enbaxadan.

Elkarrizketa eske talibanei

Bai Ghani, bai AEBak, ordea, jakitun dira atzerriko militarren presentzia soilak ez duela konponduko Afganistango gatazka. Talibanekiko elkarrizketa prozesu bat hasten saiatu dira azken urteotan, baina ez du fruiturik eman, eta matxinoek sendo jarraitzen dute gobernua botatzeko ahaleginean. Presidente gisa egindako lehenbiziko hitzaldian, Ghanik elkarrizketarekin bat egiteko eskatu die talibanei. Muturreko islamistek, baina, joan den astean adierazi zuten beraientzat Ghani «AEBen esklabo bat» dela, «egiazko botererik gabe, eta beti haien interesen defentsan».

Boteretik kendu zituztenetik hamahiru urte pasatu badira ere, talibanen indarraren erakusgarri izan da joan den astean hego-ekialdeko Ghazni probintzian egindako erasoaldia. Ajrestan izeneko barruti estrategiko bat hartzea lortu zuten astebeteko borrokaldien ondotik. Gutxienez ehun lagun hil zituzten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna