Langfordi begira daude

Baskoniak Unics Kazanen aurka jokatuko du gaur Buesa Arenan, Euroligako 16. jardunaldian. Bigarren itzuliko lehen partida da

Keith Langford Unics Kazaneko jokalaria, Olympiakosen aurkako Euroligako partidan. PANAGIOTIS MOSCHANDREU / EFE.
unai zubeldia
2017ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
«Euroligan hiru garaipen jarraian daramatza Unics Kazanek [Galatasaray, Zalgiris eta Panathinaikosen aurka], eta oso talde gutxiren esku dago hori». ACB ligan herenegun Real Madrilen aurka lortutako garaipen handia ahaztuta, Europako lehiaketari helduko dio gaur, berriz ere, Gasteizko taldeak. Sito Alonsok, Baskoniako entrenatzaileak, «arriskutsutzat» dauka Unics Kazan. «Langford buru duela, aukera asko dauzka erasoan, eta oso-oso partida zaila izango da. Oraintxe, talderik arriskutsuenetakoa da erasoan». Keith Langford da, hain zuzen ere, Euroligan partidako puntu gehien sartzen ari den jokalaria: 24, batez beste.

Hiru aste atzera, abenduaren 15ean, Baskoniak 91-92 irabazi zuen Kazanen, Tornike Xengeliak azken unean asmatutako bi jaurtiketarekin, baina ordutik nabarmen gora egin dute errusiarrek. Euroligako lehen ligaxkako bigarren itzuliko lehen partida izango da gaurkoa. Lehen hamabost partidak jokatuta, hamar garaipen eta bost porrotekin daude gasteiztarrak, eta sei garaipen eta bederatzi porrotekin errusiarrak.

Helburu argi bat dauka Sito Alonsok gaurko: «Errusian jokatutako partidan baloia erosoegi jaso zuen Langfordek, eta aurreko lan hori hobetu beharra daukagu. Eta, horrez gain, Quino Colomen gainean hobetu egin beharko dugu defentsako lana. Konfiantza hartu du azken asteotan, eta jokalari arriskutsua da kanpoko lerrotik».

Zaleei dei berezia

Errege magoen desfilearen eraginez, litekeena da Buesa Arenara ohi baino zale gutxiago gerturatzea gaur, baina Baskoniako entrenatzaileak laguntza eskatu zuen atzo. «Egun berezia da, baina guztien babesa beharko dugu. Oso partida garrantzitsua da guretzat, eta bete-betean egon beharra daukagu denok».

Berritasunetik gutxi dauka jada albisteak, baina azken orduko ezusterik ezean, gaur ere ez du jokatuko Andrea Bargnanik, belauneko minez baitabil. Rafa Luz, berriz, gaixorik dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.